kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Arinago duk haizea, Absalon / Felipe Juaristi / Erein, 1990

Absalon-en goardasol urdin haundia Patziku Perurena / El Diario Vasco, 1990-05-30

Absalon, historiak dioenez, bere aitaren aurka azpilanean aritu zen Daviden semea zen. Gatazka batean galtzaile atera zenean, ihesari eman zion, baina, bere kalpar luzeak zuhaitz adar batzutan trabaturik geratu zitzaizkion, eta han harrapatu zuenean, zuhaitz beretik zintzilik urkatu zuen Jobek. Beraz, Absalon Felipe Juaristi bera izan liteke, eta David erregea, herri tipi hau salbatu nahi duen burrukalaria.

Beste aldetik, bada William Faulkneren nobela bat ere, Absalon! Absalon! izenekoa, hain zuzen ere Felipek tajutu duen nobela honen antzera antolatua: “bere ondorekoengan bizirik irauteko obsesioa duen gizon batek bere buruz adierazten du bere frakasoa, aldi beran, istoria pertsonal hau, lau narradore kontzentrikok kontatzen dutelarik, nork bere patua eta bidenabar Amerikarena sinbolo eta irudi biblikoz hornituz”. Faulkneren kasuan Amerika dena, Feliperenean Euskadi da, eta jakina, pertsonaiak ugaldu egiten dira.

Honera arte esandako hauek, noski, nere irudipen hutsak izan litezke, eta hemendik aurrera esanen ditudanak ere bai, behar bada. Baina, gaiak hartako aukera aproposa ematen didanez, segi dezadan neure burutazio nahasiekin. Aurki liteke liburu honetan, sinbolo ezkutuez aparte, ageri askikorik ere, euskal idazle zenbaiten gainean:

12. orrian Arrieta: “erremediorik jartzen ez bazaio —manu militari— deabruak irten, eta mundu kristau osoan berreiatuko direla itsas goran, urak lur azala arrobatzen duen moduan, dena eramango dutela beraiekin”. 19. orrian Izagirre: “Mea culpa? Nik banekien non zegoen nere Eden partikularra”. 116. orrian Sarri: “zenbat barila dauka goardasol batek”. Eta edozeinek esan lezake: Felipe poetak amodioaren edo gauza bera den eromenaren “goardasol urdin haundia” deitu dio bere babesa den Eden partikularrari, eta non du bere sostengua zeru eder horrek? Itsaso zikinean ez bada? Aspaldiko poxoi xikina da hau. Agi denez, alde batekoek nola bestekoek beren gogobihotzetatik ezin kendu dutena. Neretzako ordea, elkarren arteko kristau mendeku afeminattu xikin horrek, ez dio onik egiten, ez eromenari, ez amodioari, ez bakoitzaren Eden partikularrari, eta ez herri salbatzaile bakar ustekoei.

Alderdi txarrak

Euskaraz ongi idatzi nahi duenak, aurrena “atzoko literaturaren ezagule sakon” izan beharra dauka derrior, eta gero, idaztekoan buruhauste haunditan ibilia. Nik ez dut ukatuko. Egileak badu etorria. Badu mila datu eta imajimin buruan. Baina, euskal senaz eta joskeraz gauzak ongi kontatzeko, asko ikasi beharra dauka oraindik. Horrez gainera, bere idazkerari, oso presaka egindako lanaren tankera hartzen diot nik askotan. Eta presa, eder lanetako etsairik haundiena da. Askotan, ahaztu egiten dela dirudi, komak, puntuak etabar jartzeaz, edo galdu egiten duela hasieran hartutako esaldiaren haria, eta joskerak eskatzen duen egokitasuna.

Gero, teknika aldetik, ez dut uste asmatzen duenik poesiatik dakarren sinbolo eta metafora aberastasuna narrazioaren sokari ongi lotzen. Batzutan metaforak pilatzen zaizkio, eta bestetan narrazio hutsegiak. Honen lekukorik adierazgarriena 127. orria dela uste dut. Han erakusten baitu, nola txertatu ez dakien metafora mordoa pilatzen ari zaiola, eta irtenbide modura, elkarren segidan jartzen dituela. Eta lexiko aldetik ere, nekez aurkituko da berrikuntzarik, ez bada, niri erruz gustatu zaidan “inpentsan jo” lokuzioa.

Alderdi onak

Honara arte, saiatu naiz alderdi txar guziak azaltzen. Eta orain onak tokatzen zaizkit. Oso erraz leitzen den liburua da. Horretan, azaleko tituluarekin oso fidela den mamia du barrenean ere. Badira, zenbakiekin eta beste teknika askorekin hornitzen diren pasarte entretenigarri askiak. Bada, tarteka nik neronek azpimarkatu dudan metafora, esaldi zelebre edo umoretsu ugari ere. Bestalde, erdaraz argitaratzeko eskaintza izan omen du liburu honek. Ba, nere iduriko, beste euskal liburu askok galdu eginen luketen bezala, liburu honek erdaratzean irabazi eginen ez lukeelakoan nago. Denbora izanen da testigu, baina, nik hala eginen nuke apustu.

Eta, bukatzeko hona ene arrazoi hutsaren kritika:

“Uso arinak airearen erresistentzia somatzen duenean, pentsa dezake hobeto eginen lukeela hegan espazioa hutsa balitz…” Baina, ez da hala. Espazioa hutsa balitz, lur joko luke usoak. Ez, gaizki esan dut. Espazioa hutsa balitz, ez luke hegan eginen ez usoak ez beste ezerk. Gainera, zer da hutsa? Nola imajina daiteke hutsa? Nola idurika deuseza? Horixe da niri beti ezinezkoa iruditu izan zaidan gauza. Gainera, espazioa hutsa balitz, zeruak lur joko luke beherala. Beraz, barilak kenduz gero, akabo Absalonen “goardasol urdin haundia”. Haizerik arinenak ere eraman eginen luke.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak