kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Paixibo / Joxean Sagastizabal / Elkar, 1987

“Paixibo”: fantasia da bidai agentziarik onena Pako Aristi / El Diario Vasco, 1987-07-15

Abentura liburu batek duen arriskurik zorrotzena sinesgarritasunarena da. Are eta gehiago, “Paixibo”ren kasuan bezala, abentura horien lurraldea gure herrialdetik oso urrun dagoenean.

Sinesgarritasunak ez du errezetarik. Piskanaka nabaritzen da, liburua aurrera doan heinean, deskripzioetan, jantzietan, pertsonaien garrantzirik gutxieneko hitzetan, osoki antz ematen zaio sinesgarritasunari, pinturan estilo inpresionistarekin gertatzen den bezala.

Hori da “Paixibo”k duen birtuterik onena, horrek salbatzen du komikietako istorio bat idazteak suposatzen duen arriskutik. Euskaraz irakurri dudan abenturazko libururik goxoena eta interesgarriena da, eta Sagastizabalek sorpesa bikaina atera du orain arteko bere talentu apal horren kutxatik. “Jolasean” eta “Zerura igotzeko” bezalako intento pattalen ondotik, idazten ere ikasi egiten dela demostratu digu, hitzen domadore izan nahi dugun guztioi.

Hasiera ez da onena

Desertuko liburu bat da “Paixibo”, Arabia edo Ipar Afrikako edozein basamortutan gertatu daitekeena. Paiasia lehorra da, egarria ematen duten horietakoa: “Thier mendiak. Harkaitzak eta hautsa, sastrakak eta larrak, muskerrik ere ez ageri. Isiltasuna, eta lur barruko garren seinale ziren ke-adarrak. Aldian behin denborak ihartutako edo suak kiskalitako enborren bat, erreka izan zen harri txintxarrezko uberka, animaliaren baten hezurdura biluzia”.

Abenturaren arrankea topikoa da, baina aurrerantzean hartzen du aberastasuna eta sorpresaren bidea, irakurlea liluratu egingo duen jiro bat emanaz. Kanpoko akzioa bame burruka bat bihurtzen da, eta arma, soldadu eta gudu teknikek ametsari, menteari eta buruaren kontrolari uzten diote lekua. Nobela zeharkatzen duen konstante bat amodio istorioa da, Lairot (kontalaria) eta Anorami esklabuaren arteko maitasuna. Hau da liburu guztiko istoriorik sinesgaitzena, gizarte esklabista, musulman eta feudal batean nekez gertatu daitekeelako askatasunean oinarritutako horrelako amodiorik. Maitasun modu okzidentala da erabat Lairot eta Anoramirena, eta badirudi Sagastizabal ahaztu egin dela detaile horretaz.

Liburuak erresonantzia asko ditu eta oihartzun horiek aldentzen dute topikoetatik istorioa. “Ran” filmea gogoratu digute gerrako eszenek, edo “La conquista de Albania”. Lairot eta maisuaren pasarteek “Shiddarta” nobela zoragarrian eduki dezakete oinarria. Maisuak filosofia indiarra, reenkarnazioa eta nork bere buruaren ezagutza predikatzen ditu, yogaren prozesu guztia garbi agertzen duelarik. Ondorioz, filosofia horri jarraiki, bakardadea da garrantzitsuena, bera da helburuak lortzeko lehenengo eta ezinbesteko baldintza, irteera indibiduala gerrak suposatzen duen irtenbide kolektiboaren aurka.

Hizkera fireskoa

Eserialdi batez irakurtzen da liburua, suspentsearen hariak ongi bordaturik eta hobeki loturik dituelako. Oreka handiko hizkerak jazten du errelatoa, eta ez da nabarmenkeria estilistikorik aurkitzen. Hizkera kontakizunaren mesedean eta menpean jarririk dago, estimatzekoa den jarrera, euskal literaturan egin ditugun jankada estilistikoen ondoren freskurara eta erakargarritasunera garamatzan bide bakarra delako. “Paixibo”k gure gizartetik eta gure prolemetatik urrun eramaten gaitu, bere errealidadetik ihes egin arazten dio irakurleari. Norbaitek metaforak aurki ditzake liburuko egoeren eta gure arazoen artean, posible da, literaturak interpretazio bide ugariak eskaintzen dituelako, baina nik uste ez dela hori izan idazlearen helburua, eta hori izanik ere, liburuan ez dago metaforetan murgiltzeko adina klabe eta konparazio giltzarik. Nere adimenera ez dira iritsi behintzat.

Azken aldi honetako libururik politena da “Paixibo”, eta Sagastizabalengan esperantza handirik ez genuenontzat oker geundela frogatzen duen agiria. Sorpresa onak ere esistitzen direla gogorarazi dit.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak