kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Hiriaren melankolia / Felipe Juaristi / Baroja, 1986

Tristurazko vals geldia Felix Ibargutxi / El Diario Vasco, 1987-06-24

Poeta guztiak, bere poema horiek idaztean plantak egiten ari direla esan zuen denbora asko ez dela Felipe Juaristik. Zehazkiago esateko, enbaukadoretzat hartzen zituen. Gezurtero galantak direla. Eta “Hiriaren melankolia” izeneko oraingo poesi liburuan berriro azaltzen digu kezka hori: “Alkimista pobreak / ez ginen gure gorputzen erraiak bistan jartzen ausartu / barruan hitzen iturria dagoen jakiteko”. Baina hori esatean erdi-egia den zerbait besterik ez da egiten ari. Zeren liburu hau, nahiz eta Juaristiren tripak eta hesteetako likidoak ez dituen erakusten, sosegurik ezak eraginda izanik, autorearen kezken mosaiko bariopintoa da beste ezer baino gehiago.

Beste hura esatean ere plantak egiten ari da neurri batean autorea. Jende guztiak egiten duena, azken batean. Ez al da ba “Zer moduz zabiltza?” enbarazorik handiena egin dezakeen galdera, batere egun sentibera xamarra eduki ezkero?

Eguneroko gai zaharrak

Harritzekoa da zenbat aldiz azaltzen den liburu honetan “gorputza” hitza. Titulua hiriaz ari bada ere, gorputza da protagonista nagusia, eta ez bakarrik tarteka azaltzen diren poema erdi-erotikoengatik. Obra honetan gorputza animaduna da, sentitu egiten duena, sentsazioen biltoki. Era askotako sentsazioak dira, imajina eta metafora ausartez deskribatuak. Deskripzio pausatuak, ia-ia geldiak. Ez zaio Juaristiri situazioak mugimenduan, abiadura minimo batez, adieraztea; dena kamara geldiaz filmatuta dago. Erritmo mantso-mantsoan doa liburu osoa.

Pasarte batean, zehaztuagoa ikusten dugu tituluan esaten dena: “Hiriak ateak irekitzen ditu / eta bere laberintoetan melankolia zabaltzen da, / smog-lainoa balitz bezala”.

Poesia da ofizio bat gai berri bila ibiltzea eskatzen ez duena. Areago, poesia arte repetitiboenetako bat da bere tematikan, horregatik bere dertasuna galtzen ez duelarik. Juaristi ere gai zahar batzuren inguruan ari da: paisajea, amodioa, plazerra, bakardadea, denbora… Gai zaharrak eta situazio konkretuak oso egunerokoak. Egunerokotasun kutsu handiko obra hau. Inoiz egiten dira halako inkurtsio txiki batzu Ekialdeko urrutiko lurretan, edota Mediterraneo aldean, baina atzera hemengo hirira berehala bueltatzeko. Ez du Juaristik exotismorik erakutsi nahi izan.

Batzutan ez dio beldurrik deskriptibo izateari. Liburuko poemarik deskriptiboenak, tankera prosaikoz eginak, erdikaldeko partean ditugu, bertan idaztearen ofizioaz burutazio melankoliko batzu irakur daitezkeelarik. Honetantxe, hain zuzen, da diferente batez ere liburu hau aurreko “Denbora, nostalgia” harekin konparatuz. Baina, nolanahi ere, obra hau insinuazioaren bidetik jotzen du gehienbat. Etengabe aritzen da poeta barruko sentsazioak kanporatzen, baina irakurleari inoiz pista guztiak eman gabe. Sentsazioak gutxitan izendatzen dira hiztegian dagokien hitzekin, nahiago du egileak sentsazioak zeharreko bide batetik adieraztea: esan bezala, intsinuazioaz. Irakurketaren bukaeran, gustu zehazgabe gabe geratzen zaio irakurleari: melankoliko, etsitua…

Poema dezente elkarrizketa gisa antolatuta daude, beste interlokutorea neska delarik. Errekurtso klasikoa, martxa honetan freskura inoiz galduko ez duena.

Oro har, liburu hau askoz xamurragoa da irensten “Denbora, nostalgia” baino. Han baino metafora gutxiago aurkituko ditu irakurleak, baina plazerrerako bide lauagoa ere edukiko.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak