kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Haur besoetakoa / Jon Mirande / Kriselu-Lur, 1970

“Haur besoetakoa” edo Theresaren izena Mikel Lasa / El Diario Vasco, 1987-05-27

Jon Miranderen nortasuna, ideia estetiko, moral eta politikoak bame, inorentzat oztoparri ez den garai honetan eta denborak kupidagabeki egiten duen beharrezko ez denaren bilusketari esker, ez dago aitzakirik haren literatur emaitza den bezala ez ikusteko. “Haur Besoetakoa”ren 3. argitalpenak, lehenengotik 17 urtera, parada egokia eskeintzen digu horretarako.

Nobela honek kontatzen digun istorioa, oso soila denez, hitz gutxitan laburbil daiteke. Protagonista leinu ohoragarri bateko azken kimu dekadente horietako bat da. Itsas hegian kokaturiko etxeondo batean bizi da, otsein zaharraren beste konpainiarik gabe, harik eta umezurtz geratu den Theresa, 11 urteko bere haur besoetakoaren kargu hartzen dueino. Bere nortasun bereiziaz oharturik egon arren, konbentzio sozialen menpeko da eta ez da inoiz ausartu bere benetako joera izkutuak librekiro azaltzen. Horregatik duela urtebete deliberatu zuen Isabel (emakume konbentzional bat) andregaitzat hartzea, eta laister ezkontzera doaz. Bitartean ordea, protagonista Theresarekin maitemintzen da eta Isabelekin ezkontzeko eguna hurbiltzenago bezala ninfularekiko amodioa pasio esklusibo bilakatzen ari zaio. Ezkontzeak Theresarengandik aldenduko duen beldurrak ausardia damaio bere gogoa tenaza bat bailitz atxekitzen duen dilemaz beste egiteko. Andregaiarekin apurtzen du eta neskatoari, gauez lotan dagoela egiten dizkion kareziak elkarrekilako pasio suhar bilakatzen dira, eta haseran izkutuan zeramaten harremana, gero eta nabarmenago jendaurrean agertzera ausartzen dira. Inguruko gizarteari protagonistaren paidophilia lotsagabea jasan ezinezko zaio noski, eta albistea neskatoaren beste ahaideen belarrietara heltzean, hauek eskuetatik haurra kentzeaz mehatxatzen diote. Elkarrengandik bereiztuak izan aurretik, maitale biak batera beren buruaz beste egitea erabakitzen dute…

Nobelaren egitura erabat lineala da eta kontakizuna ezin bilutsagoa. Narrazioaren bektore guztiak pasio paidophilikoaren tentsioa tinkatzera zuzendurik daude. Ez lekuen, ez pertsonaien deskribapen konkreturik, ez inguruko gizartearen azalpenik egiten da, ezpada eritzi moral abstraktuen bitartez. Ez da atmosfera fisikorik susmatzen nobela honetan. Elkarrizketak, bakanak eta motzak dira eta nabarmen erabiltzen den teknika, protagonistak etengabe darabilen bame monologoa da, edo hobekiago esan, afektuzko gogoeta gori etengabea, XVII gizaldiko aszetikako maixu espiritual frantses jansenismoaren aintzindariek radikalki definitu zuten meditazio teknika hain zuzen. Guzti honek esplika dezake nobela honek irakurlearengan sortarazlen duen idortasun eta itotasun sentsazioa.

Garbi dago beraz, Miranderi axola izan zaion gai bakarra Theresa eta haren aitapontekoaren arteko amodioa dela eta honen bilakaeraren historia, pasiozko climax gorena, bide batez karnala eta mistikoa, lortzen duen artio. Hain aszetikoki markaturiko xede honi buruz, kontakizuna zehazki eramana dago ritmo arin eta bizkorrez eta idazkera dotore, zauli eta trinko baten bitartez.

Nobelaren irakurketa bukatu ondoren, Theresaren oroitzapena atxekirik geratzen zaigu gure sentimenduaren zokoren batean. Theresa amodio irrika baten izena besterik ez da eta nobela osoa irrika honen karraixia.

W. Benjamin-ek esaten zuen izena dela maitasunetik finean salbatzen den gauza bakarra. Nobela honetatik ere, maitasun istorio huts eta biluts bat izaki, Theresaren izena soilik geratzen zaigu azkenean, hots, ez bere izana edo presentzia, idealitate huts bat baino. Theresaren izena… larrosaren izena esan ohi den bezala: ezin esan ziezakeon behingoan deus ere, haren izena etenik gabe belarrira berresaten zion soilki —sinfoniak oro baino entzungarriago, jainko guztiena baino jauresgarriago zen haren izena.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak