kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lehen mundu gerra eta Euskal Herria / Eneko Bidegain / Elkar, 2014

“Eskuara baizik ez zekiten haiek” Alex Gurrutxaga / Berria, 2014-09-07

Eneko Bidegainek 2012an defendatu zuen Lehen Mundu Gerrari eta Eskualduna astekariari buruzko tesia, eta, horri jarraituz, aurten argitaratu du Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria saiakera.

Lehen Mundu Gerraren euskal narrazioa egin du Bidegainek. Izan ere, ez da dudarik ez dela berdina Gerra Frantziaren ikuspegitik edo Euskal Herriarenetik kontatzea. Frantziak idatzi du bere historia, garaile gisa egin ere. Euskaldunek, ordea, eurena ez zen Estatu batengatik isuri zuten odola eta, gainera, Bidegainek dioskun bezala, “Lehen Mundu Gerra izan zen Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantsesteko kapitulu nagusia”. Beraz, neurri batean, galtzaileen historia da orriotan dagoena.

Bestalde, historia loturik dago identitatearen eraikuntzari eta, Frantziaren kasuan, identitate kolektiboaren narrazioa singularrean egin izan da. Horregatik da euskaldunentzat hain eskergarria lan hau, narrazio berri bat proposatzen duelako, nola edo hala kontakizun hegemonikoa mugiarazten duena. Gainera, bereziki da baliotsua Hegoaldekoentzat, urrun geratzen baitzaie gehienei 14ko Gerra.

Hiru atal nagusitan banatua dago saiakera: Pindarra, Sua eta Kea, zeinok oso ongi irudikatzen duten gerraren jatorria, gerra bera eta gerraostea. Bestalde, bi gertakizun lerro ezkontzen ditu Bidegainek. Batetik, Mundu Gerraren ikuspegi orokorra ematen du: XIX. mendeko aurrekariak, gerraren garapena, egoera soziopolitikoa… Bestetik, euskal herritarrengan jartzen du fokua (Hego Euskal Herritik begira, Euskal Herriko bizia, eta beste atal batzuetan): jendartearen bizimodua nolakoa zen kontatzen du, eta gerrak harrapatu zituen euskaldunei jarraitzen die, euskal gerlariak non ibili ziren, nola borrokatu ziren, eta non hil ziren azalduz. Horrela, memoria ariketatzat ere har daiteke pasarte askotan kontakizuna.

Estiloarekin bete-betean asmatu du egileak. Irakurleak aise egingo du testuan aurrera: jarraikortasun narratiboa du, eta azalpenak pixkanaka ematen ditu. Hizkera akademikotik urrundu da Bidegain, eta, zehaztasunik galdu gabe, argitasunaren alde egin du, dibulgaziorako aski egokia den tonuan. Grafikoki ere irakurgarritasunaren alde egiten du edizioak: aipuak ematerakoan parentesiak saihestu ditu, irudi eta argazkiak daude han-hemenka, eta Hilak zenbatzen atal esanguratsuan grafikoak daude.

Literaturak ere badu zeresanik historia liburu honetan. Oso ongi ekarriak daude, Pindarra atalean, Elizanburu eta Zaldubiren erreferentzia literarioak. Orobat hortik aurrera saiakera atontzen duten idazleen aipamenak: Hiriart-Urruti, Jean Elizalde, Oxobi, Txirrita, Kirikiño… Amaieran, berriz, ongi erakusten ditu Bidegainek gerrari eta soldaduei buruz sortu izan diren bi irudi edo narrazioak: nazioaren alde bizia ematen duen gudariaren epika dago batetik, hala nola Jean Barbierren bertso batzuetan; bestetik, giza galeraren samina agertzen da, Matxin Irabolaren bertsoetan bezala. Finean, morts pour la patrie izan daiteke nazio-aldarrikapen deiadarkaria, baina baita doinu liriko iluna ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak