kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Erraiak / Danele Sarriugarte / Elkar, 2014

Erraiak ditut maite Jule Goikoetxea / Berria, 2014-09-03

Z-k ez du nire ohiko ohaideen kasik inongo antzik… animaliak eta familiako kideak maite ditu.. bizitza sozial arruntari aurre egiten daki: errenta aitorpena, bazkaria, garbigailua, bizilagunen bilera. Itoginetan ito gabe. Otzanki kokatzen gaitu Danele Sarriugartek Erraiak eleberriaren abiapuntuan, zetazko eskultura bat biluzten ari zarenean bezala, gero ahalik eta erresistentzia gutxienarekin urrezko hari luze eta finen bidez haren anatomia zatikatua plazer mutuz josteko intentzioa duen eskuaz. Makro-gerrak dauden moduan mikro-joera hiltzaileak daudelako eta denbora-pasa ahala honek, horrek, haiek, gure ingurukoek, eta, bereziki, guraso bihurtu berriek duten eskuinera tolesteko joera biologikoa, hau da, kakajario zinez pertsonala, horietako bat delako, eleberriko pertsonaia nagusiak dioen moduan askatasunera kondenatuta egon arren sekula egingo ez zutela promestu zuten hori zehatz-mehatz egiten dihardutenak, hots, duintasunik gabe zahartzen, desesperatzen, iraganeko eskema lokaztuekin orainean halabeharrez bizirauten saiatzen.

Izpiritu nekatuez hornitutakoa da pertsonaia nagusia taxutzen duen testuingurua, heldutasuna edo eguneroko auto-konplazentzia errukigabea jasaten dakien testuingurua, protagonista beldurrarekin adostutako zoriontasun hertsi horretan bizitzera norabideratzen duena, behin eta berriz, non plastikozko txupitoa eskaini zuenean niri behatzen zidan arren ipurtzuloa alderik alde zeharkatzen didan herdoildutako burdinazko gurutze ikusezin baina halere ukagaitzagatik izan ez balitz, ez nintzatekeen etxera txintxo-txintxo etorriko, hartu-eman konbentzionaletan bizirauten jarraitzeko, amaitzear dagoen ez-singletasun desiratu baina ez maitatuarekin. Esne-bidearen luzera eta zaporea duten esaldietan ehunduta kontatuko digu autoreak desamodio hau, Angelica Liddellki eta apur-bat-estua-baina-pertsona-bat-lasai-asko-igarotzeko-bezain-zabala den pasabideetan barrena.

Zintzoa izateko zintzotasuna asmatzeko abilidadea behar da lehenik, berezia izateko normaltasuna fundatu behar aurretik, humanitatearen ohikotasun jasangaitza eta errepikakorra sumatu, ezohikotasunaren tonuak hatzekin estutu, mendeku borroka bizimina gose aseezina behar bezala antolatu, harmonia beti baita krudela, oraindik ez nuen pentsatzen beharrezkoa izango zela kuadrillaren genozidio osoa; printzipioz ondo zihoalako balkanizazioarekin; sasi-aukeratutako harmonia barne.

Gure errealitatearen ildo nagusia meta-istorioz konposatutako polifonia da, oin ohar trinko gazi-gozo iraungigaitzez osatutako bizimodua eta erraiak gordintasun estrategiko horren iragazki egonarriak dira(da), baina normaltasuna gordina izateaz gain, hutsala ere bada, hutsala eta konplexua, zintzotasuna bezala.

Espiral formako esaldi lerden sutsu erabatekoek osotasunaren metodoa borobiltzen dute, oin oharrek pertsonaiaren pentsamendu jario pausa-gabea ildotzeko teknika estetikoa iltzatzen diote irakurleari malkoetan, barrez lehertutako malkoetan.

Eta erraietan. Erraitean. Erraietan.

Edertasun asaldatua eta harmonia gordina gutxitan baitira ikusgai azal garbi, aratz eta leunetan, testu nagusian, perpaus motz puntu motz puntu motzetako marko ezarri hesituan. Errealitateak beti gainditzen baitu errealitatea harrapatzeko eraikitzen ditugun gailuak. Eta, orduan, zer? Erraiak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak