kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Apirila / Iñigo Aranbarri / Susa, 2014

Apirilari odola dario Joxe Iriarte "Bikila" / Berria, 2014-08-01

Iraultzen maratoia liburuan, 16. kilometroa Urola bailara sutan jarri zuen 1766ko matxinadari eskaini nion. Ia mende erdi lehenago, 1718ko matxinadan —gatzarena deiturikoa—, aduana Gaztelako mugetatik itsas portuetara eramateak sor zitzakeen kalteen eta galeren aurka Foruen defentsan matxinatu ziren Gipuzkoa eta Bizkaia, jauntxoak eta herritarrak denok batera.

Alabaina, matxinada berrian, herritarrak bertako jauntxoen jukutriaren aurka altxatu ziren. Gosearekin espekulatzea ez da gaur egungo kontua, ez horixe. Soraluzen, Elgoibarren, Azkoitian eta Azpeitian herritarrak kaleratu ziren seme-alaben aho goseak behartuta. Gipuzkoako Batzar Nagusiak (gureak omen) eta Donostia, Errenteria, Hernaniko milizia herritar-burgesak (edo haien soldatapekoak) zizpaz armaturik matxinada zanpatzera abiatu ziren errege armadaren laguntzaz. Eta baita lortu ere!

Ondoren, Urolako jauntxo ilustratuek, caballeritoek, Ahaldun nagusia barne, errebolta zanpatzea eta matxinoekiko mendekua eskatu zuten. Klase izaera hainbeste maite omen zuten herriaren gainetik zegoen (eta dago). Herria kontzeptu erromantiko gisa ondo dago, ilustrazioa oso progresista da, beraiek herria eta aurrerapena uztartu nahi dituzte, baina beren onurarako. Bestela, nahiago gerra.

Iñigo Aranbarrik Apirila izenburuko eleberri bikaina eskaini digu, oraingo krisiak Urola bailara hain gogor jipoitu duen egoeratik abiatuta 1766ko garaira garraiatuz.

Langabeziak langile asko ia eromenera, etsipenera bultzatu du. Horietako bat dugu Esteban Alberdi gure protagonista nagusia. Istripu baten ondorengo eldarnioak bere burua matxinadaren giroan kokatzera eramaten du. Giroa modu bikainean marrazturik, Iñigok matxinatu eta jauntxoen gatazkan murgiltzen gaitu. Herritarren haserreak, izen-abizen eta guztiz, eta jauntxoen izuak eta matxinatuekiko mendeku goseak azaltzen dizkigu. Mendekua, klase gorrotoa matxinatzea ausartu direnekiko, nahiz eta haien seme-alaba inozenteak izango diren azken finean miseria gorria sufrituko dutenak.

Dena den, Narroseko markesaren edo Peñafloridako kondearen gorrotoarenei baino higuingarriago deritzet matxinada zanpatzera bidalitako Donostiako alkate Arriolaren uste omen jatorrei. Arriola jaunak ez du gogoko Urolako jauntxoen gorroto gosea; berak justizia ezarri nahi du modu ahalik eta inpartzialenean, hotzean eta arrazionalean. Izan ere, justiziaren ezpatak ezin du mendeku izan helburua, egia baino. Zein egia, ordea? Justizia burgesarena. Mundua aurrera doa, eta horrek ez du atzera bueltarik. Matxinoak zigortuak izan behar dira merkatuaren logikaren aurka direlako (gosea ezin da aitzakia izan irinak kanpo merkatura bidaltzea galarazteko), beren gosea asetzea klase interesaren aurka doalako. Eta batez ere indarra erabili dutelako funtzionamendu hori oztopatzeko. Matxinatuak gizarte zaharraren ordezkariak dira, beraiek gizarte kapitalistarenak, zeinean irabazia non, produktuak han egon behar duen. Behekoen indarraren erabilera ez da zilegi; beraiena bai, ordea. Errege armadarena, herritar milizia burgesarena (Batzar Nagusien eta udalen menekoa), erreboltariak zanpatzeko dagoena. Beraz: zigor garbia falta garbientzat, baina mendekurik gabe.

Niri izugarriagoa iruditzen zait Arriola burgesaren pretentsio edo ustea Narroseko markesarena baino. Bigarren horrek mendekua helburu zail du justizia aldarrikatzea. Lehenak, berriz, justiziaren izenean zilegitu nahi du errepresioa. Beren justizia, jakina. Atzoko eta gaurko instituzioek, espainiarrek eta bertakoek ere, zilegitasun berbera aldarrikatzen dute beren buruarekiko, atzoko eta gaurko matxinoen aurka.

Horrek ez du esan nahi instituzio horiek desberdin joka ez dezaketenik indar harremanen arabera. Baina horrek politikaz eztabaidatzea eskatuko luke, muga batzuen barnean egungo politikaren eraginkortasunaren eztabaidaren araberakoa. Eztabaida horrek, ordea, ez du zer ikusirik beren klase izaerarekin (atzokoarekin eta gaurkoarekin). Horregatik gure handiki txit agurgarrien izenak (Penafloridako kondearena eta enparauenak) irakurtzen ditudanean, a ze sasikumeak! etortzen zait burura. Baita batzarkide izan nintzenean ere.

Zorionak, Iñigo.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak