« Urre biribila | Apirilari odola dario »
Gerra txikia / Lander Garro / Susa, 2014
Ba ote da gerra txikirik? Iraitz Urkulo / Berton, 2014-08
Xabi izeneko umea da eleberriko protagonista, ama eta bi anai-arrebekin batera, Orereta utzita Hendaiara bizitzera doana. Han aita du zain, eta haren eskutik euskal errefuxiatuen giroan murgilduko da. Istorioa 80ko hamarkadan kokatuta dago, gerra zikin betean, hortaz. Kontaketan zehar, umearen bilakaera pertsonala eta kutsu politikoko gertaerak txandakatzen dira. Maiz uztartuta ematen zaizkigun arren, bi gaien artean desoreka nabarmena antzematen da oro har; lehenak tarte zabalagoa betetzen duen bitartean, bigarrenak interesgarriagoak iruditu zaizkit.
Tramak badu mamia: mugaren bestaldean bizitza berri bat hasteko zailtasunak, beste errefuxiatu batzuen etxeetan hala-moduzko baldintzetan babes hartu beharra, Hendaiako auzo eta giro ezberdinetara moldatzea… Narratzailearen baliabide nagusia diren deskribapen xehe eta adierazgarrien bidez, pertsonaien egunerokoa aurkezten zaigu. Fikzio-mailan bereziki emankorra suertatzen da gure historia hurbileko gertakari baten ikuspegi intimoago bat eskaintzea. Gehiago ala gutxiago, denok dugulako gerra zikinaren inguruko gertakari, eraso edo atentatuen berri, baina egoerari biktimaren bizipen eta sentimenduetatik heltzean datza obra honen originaltasuna. Azken batean, pertsonaiak bizitzea tokatu zaien testuinguru krudelaren fikziozko lekukotzat jo daitezke, non egiantzak, egiatik dexente duen neurrian, ez duen hutsik egiten.
Argumentua alde batera, narrazioa bera da batez ere liburu honetan nire arreta bereganatu duena. Hasieran Xabiren ikuspegi xaloa nagusitzen bada ere, berehala, oso modu sotilean, oharkabean kasik, umea fokua izatera igaroko da, narratzaileak errealitate gordinari estu lotutako informazio eta hausnarketa zehatzak eskain ditzan bidea emanez. Era honetan, Xabiren begirada garbi eta ezjakinari pasarte orojakileak batuko zaizkio, bi moldeek narratzailearen ahotsean bat egingo dutela, horri esker gertaeren kontaketa osoa bideratuz.
Narrazio-mailan nabarmentzea merezi duen beste alderdi bat erritmoa eta tentsioaren kudeaketa da. Gerra zikinaren mehatxua, helduen pentsamendu eta kezkak bezala, umearen belarrietara zeharka baino iristen ez den zurrumurru moduko bat izango da; entzun baino, une jakin batzuetan antzeman dezakeena, nahiz eta egoeraren larritasunaz guztiz jabetzeko gai ez izan. Neurri batean, Xabiren xalotasunak irakurleok ere erasotik eta honi lotutako sufrimendutik babesten gaitu. Haur-jolasak, uda garaiko abenturak, hizkuntza arrotza, lagun berriak, ikastolan lekua aurkitzea, lehen musua… horien guztien deskribapenak, bere identitatearen bilaketak azken finean, egunerokoaren kolpe latzak arintzen dizkigu.
Kontaketak aurrera egin ahala, aldiz, zalantzan nago Xabiren begietatik iragazitako diskurtsoak ez ote duen, egiatan, izugarrikeria sentsazioa areagotzen. Lehenago ala beranduago, errealitatea gailentzen baita beti, eta Xabirentzat ere haren kontzientzia esnatzen deneko unea iristen da, bizitzea tokatu zaion testuinguruari aurre egitekoa, hain zuzen. Orduan hasten dira heriotza, izua, erbestea edo aberria bezalako kontzeptuak haren baitan forma hartzen. Edozein modutan, narratzaile orojakileak fokua umearengan pausatzeak ikuspuntu originala, intentsitate berezikoa, gehitzen dio istorioari. Halere, eleberriak jasotzen dituen gertaera gordinak direla eta, ez litzateke zuzena izango lan samurra dela esatea; hobe da, beraz, Gerra txikia obra hunkigarri gisa definitzea.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez