kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Adiskide bat nuen / Joxean Agirre / Elkar, 2013

Bizitza literaturan eta literaturan bizitza Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2014-06-29

Literaturako irakasle gizonezko baten ahots narratiboa da eleberri osoan gidatuko gaituena. Narratzaile eta protagonista honek agerian utziko du bere kontaketa prozesuaren helburua: “Egunkarietatik deitu ohi dute hil berriari buruzko iritziak biltzeko… eta horregatik hasi nintzen neure adiskideak zerrendatu eta haiei buruzko gorazarre posibleak prestatzen” (9. orr).

Baina, Adiskide bat nuen izenburuak, zendutako lagun baten gorazarretik eleberria abiatzen badu ere, errusiar panpinen antzera zabalduko den istorio hirukoitza biltzen du bere baitan. Honela, istorioak zabalduz doazen neurrian, orotariko gai eta hausnarketa interesgarrien partaide izango gara: Historiari lotuak batzuk, euskal gatazka bezala, eta testuinguru zabalago batean, 68ko Maiatzeko mugimenduak. Eta abstraktuagoak beste batzuk: maitasuna, fantasia, desioa, identitatea. Azken hauek, Literaturaren gaineko erreferentziez indartuak datozenez, pertsonaiaren hezurdurari haragia eransteko balio dute.

Proust, Stendhal, Borges, Pessoa edo Agatha Christieren antzera narratzaile lotsatia da bera ere. “Mundua askoz ere ederragoa litzateke lotsatiz beteko balitz” (126. orr) aitortuko du momenturen batean, eta horregatik adiskide bat duela errepikatuko du etengabe bere bizitzako atal baten autobiografia literarioa idazteko.

Hiru istorio, beraz. Garibaldi, gaztetan borroka klandestinoan aritutako lagunari buruzkoa, hari zuzendua baita gorazarrea. Baina klandestinitatearen barrunbean bidaiatuz, sakabanatuko dituzten errautsak ez dira benetako Garibaldirenak, bere identitatea ordezkatu zuen erakundeko beste norbaitenak baizik.

Narratzaileak maitasunagatik sufritzen du, hala antzematen du etxe azpiko parkean saltoka hasten den Freud izeneko txakurtxoak. Bere emaztea astean hirutan kiroldegira joaten dela dio, baina beste gizon bat ikusten du errealitate gordinean. “Bera edo ni” galdetzea gustatuko litzaiokeen arren, ez du horretarako indarrik, eta Zurriolako terraza batean topatutako neska misteriotsu eta xarmant batekin amesten du. Neskaz gutxi dakigu; takoizko zapatak txilena modura eranzten dituela, futbolariek erakusten ez duten dotorezia batekin, bere ibilkerak gogoeta berezi bat merezi duela, eta abar. Azken finean protagonistaren ametsak, desioak, eta horiek idaztean ezagutzera ematen diguna besterik ez dakigu. Eleberri amaieran, Biografia eta Literaturaren inguruko eskola batean, argituko da haren identitatea.

Eleberri ederra, erreala eta ametsezkoa. Bizitza literaturan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak