kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gerra txikia / Lander Garro / Susa, 2014

Amets galduen zirimolan Mikel Asurmendi / Berria, 2014-06-22

Oreretako Pontika auzoan girotu zuen Lander Garrok Kontrarioa nobela, Raul Oliveira protagonista alter ego-a zuela. Bere nerabe-gaztaroa narratu zuen hartan, garaiko eskola porrota izan zuen leitmotiva. Denboran atzera egin du idazleak. Oreretako errenteriarrak bere haur-nerabezaroa birsortu du, eta Orereta eta Hendaia artean gauzatu bigarren nobela.

Gerra txikia Ugarte familiaren istorioa da funtsean. Xabi haurra da protagonista —Lander haurraren alter ego-a, naski—, eta berarekin Gotzon anaia, Nagore arreba eta Mari Karmen ama. Aita ere bai, baina hau bestalde dabil, noraezean, txori errarien ariora.

Saldoko burua nora, haren hegalpekoak hara: Bestaldera. Horra familiaren patua!

Ugartetarrak herrian nagusi izateko borrokan ari dira, alabaina, halabeharrak maizter errariak bihurrarazi ditu gauetik biharamunera. Estatu bateko errentariak zirenak beste estatu bateko alogerekoak bilakatu dira. Ugartetarrak uharteak bihurtu dira Bidasoaz bestaldeko itsas zirimolan. Oreretako zurrunbilo borrokatsu eta alaitsutik Hendaiako “lasaitasun tristean” bizitzera iragan dira, Pontikatik Orio auzora.

Haurrek Bestaldera joanik, étranger eta extraño hitzak kidekoak direla ikasi beharko dute. Arraroa, arrotzak eta erbesteratuak dira euren —haurren— aberrian. Klandestinoa sasitarra dela jakiteko solitudea ezagutu beharko dute. Andoni anaia miresten du Xabik, eta horren “frantsesek maitasun kontuetan asko dakite, baina gerra kontuetan batere ez” izan du estreinako ikaspena. Ikasle eskasa da Xabi. Amarengan bilatzen du eskas ere duen maitasuna. Halaber, inoiz inor izanen bada Xabik aita “hil beharra dauka”.

Haur-nerabeon abenturak —eta malurak— GAL fenomenoaren garaian girotuta daude. Txomin iheslariaren hilketak bizitza osorako markatuko du Xabi. Gerra txikia haurren gerren isla da oroz gainetik. Haurren gerrak baina, helduen gerrak bilakatzen dira etorkizun sumaezinean. Ugarte familiako txikienak perurenatarrak daramatza gomutan bizitza osorako. Perurenatarrak, baina, ez dira fikziozkoak garrotarren irudimenean.

Fikziozko Maider benetakoa Argi izan daiteke. Fikziozko Oihana izan liteke Garazi edo Ilazki. Blanki, ordea, Maite da ezinbestez. Zoritxarrez, baina, iragana etorkizun garratzari begira eraikitako orain hitsa ez beste da. Landerren maitea parafraseatuz —Maite irudimenean—, neronek hala esango nioke Blankiri: “Tristea dun gerra, maitea, eta ez gudarientzat soilik”.

Gerra txikia Xabiren haurtasun galdu-tik kontatua dago. Lengoaiari dagokionez, nerabe batek uler dezakeen heinean gauzatua. Horren ostean, Kontrarioa nobelaren ildoan, biziro desio dut nobelagileak Landerren helduaroaren Helduen gerra narratzea etorkizunean. Fikziozko trilogia ederra litzateke herri honetako memoria zertzen laguntzeko.

Agian, errealitatea hain krudela ez balitz, fikzioak ez luke horren itzal gaiztorik hedatuko. Agian, Garroren nobelako haur-nerabeek “Gu gara pailazo hiltzaileak Euskadin sortuak jarraitzeko borrokan” ahapaldia bestera abestuko dute etorkizunean. Agian, Gerra txikia liburuko azalaren haur horiexek dira oraina —zeru urdinpean, jostetan alai—, iragana hausnartutako etorkizunaren oraina. Agian, Urruñako Pausu auzoan hasiak dira zertzen iraganeko amets gaizto galduen ordezko amets bete gabeak. Araiz eta oxala! Ene irakaspena: “Euskaldunok gerra asko bizi izan dugu, baina maitasunean eskas gabiltza”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak