kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ez zen diruagatik / Ana Jaka / Elkar, 2014

Harreman inperfektuak Iker Zaldua / Gara, 2014-06-08

Diru kontuak iradokitzen dizkigu izenburuak, diru kontuak agertzen dira orrietan, baina diru kontuak azaleko kontuak baino ez dira, aitzakiak dira askotan, maitasun-eske metalikoak; zenbaitetan, itsaso izoztuan igeri egiten jarraitzeko salbamendurako jaka ere bai.

Olgaren begietatik irakurriko dugu eleberria. Bera da protagonistetako bat, bere arrastoa jarraituko dugu orriz orri. Ez du lanik, gizarte-laguntza da bere iturri ekonomiko bakarra, orainaldian bizi den emakume lehorra da (azaleko lehortasuna esango nuke, kasu honetan ere, biguntzeari beldurra dion lore zimelduaren mozorro), etorkizunera begiratzeko gogorik edo kemenik ez duena. Dani berarekin bizi den gaztea da, gay lerdena, etxetik ihes egin, zerbitzari lanetan hasi eta istripu batek asmo on guztiak lapurtu dizkion gaztea. Alokairuan bizi dira eta bataren laguntza eta bestearen soldata ez dira nahikoa modu horretan “bizitzeko”.

Eleberriak aurrera egin ahala hirugarren protagonista agertzen zaigu, Mikel, zoritxarrean emakume lirain batekin ezkonduta dagoen gay etsitua. Danik istripua izan eta ospitaleratzen dutenean agertzen da, gezur bat eskuan eta bihotz herdoildua bularrean. Orainaldian harrapaturik bestelako etorkizuna desio duen adin ertaineko gizasemea da, normaltasunaren itxuraz jantzita dabilen bizitzako frakasatua.

Liburuaren atzeko azalari kasu eginez gero, horiek lirateke protagonista nagusiak, horiek osatuko lukete hirukia. Haatik, bada, eleberrian ikusten ez dugun arren, etengabe agertzen zaigun pertsona bat, arima bat bailitzan; Monika hain zuzen, Mikelen emaztea. Mikelen bizitza justifikatzen duen pertsona da eta Mikelen bizitza amatatzen doana. Mikelen ahotan entzungo dugu haren berri, baina badira hiru kapitulu Monikaren gogoetei eskainia, eguneroko bateko hiru atal bezala irakurriko ditugu, eleberriko une jakinetan, letra-tipoa ere aldatuta.

Horrela, bada, pertsonaien arteko harremanei buruzko liburua osatu du Ana Jakak. Bakoitzaren miseriak, sentimenduak, pentsaerak, ametsak eta ilusioak irristatzen dira xuxurlaka, hitz zuzen eta lehorren itzalean. Izan ere, hizkera zuzena eta bortitza darabil idazleak, pertsonaiek samurtasunik ez dute adierazten, berez samurrak izan arren. Laguntza edota maitasuna eskatzeko modua da zakartasuna. Horrelakoez beterik dago mundua, salbuespen akigarriak salbuespen.

Bestelakoan, eleberri lineala da, istorioak aurrera egin ahala azaltzen dira gertakizunak, atzera jauzi txikiren bat hauteman dezakegu, baina iraganari buruzko aipu hutsak dira, benetako feedback bilakatu gabeak. Erritmo bizikoa da, ez da deskribaketetan nahastearen zalea idazlea. Elkarrizketetan ere estilo bera, zuzena, alferrikako hitzik gabea, pertsonaien izaerari leial.

Eleberria nola amaitzen den gustatu zait, halako eleberriak halako amaiera behar duela uste dut. Olga bakarrik dago hasieran, bidean aipatutako pertsonaiak elkartzen zaizkio, hala egokitu delako, alboan tokatu direlako. Bizitzako pasarte txiki bat elkarrekin eman ostean, ordea, bakoitzak bere bideari jarraitzen dio, eta Olga abiapuntuan da berriro, bakarrik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak