« Erraietan barrena | Kristalezko hiria »
Piztutako etxea / Felipe Juaristi / Erein-Igela, 2014
Pozaren alde Jose Luis Padron / Bilbao, 2014-05
Azken poesia liburua 2004an kaleratu zuen, Begi-ikarak; orain, bere poesia lanik berriena aurkeztu du Felipe Juaristik, Piztutako etxea. “Malenkonia badago ere, liburu pozgarria da, pozaren aldeko apustua da liburu hau”, aitortu du, 1957an, Azkoitian jaio zen idazle, poeta eta kazetariak.
Madrilen idatzi du liburua, “La casa encendida” kultur guneko kafetegi txikian, hortik izenburua, etxe hura gogoan. Eraikin hori, egun, kulturgune garrantzitsua da. Terraza zoragarria dauka, eta terraza horretatik Madril osoa ikusten da. Eta badu Felipe Juaristirentzat inportante izan den beste gauza bat ere: kafetegi bat wifiarekin. Hor egonik, hor idazten, Piztutako etxea lantzeko giro eta aldarte egokiak aurkitu ditu.
Juaristiren lehen poema-bilduma Denbora, nostalgia izan zen. Geroztik, Hiriaren melankolia, Laino artean zelatari, Galderen geografia eta Begi-ikarak argitaratu ditu. 1998an Euskadi literatura saria jaso zuen, euskarazko literaturari dagokiona, bere Galderen geografia izeneko olerki liburuagatik. Ereinek argitaratua, guztira, 20 poemek osatzen dute bere liburu berria, arnas luzeko hogei poema berrik.
Pentsamendua dago Felipe Juaristiren Piztutako Etxe-an; baina ez hori soilik. Spinozaren bidetik, pasioen munduan barneratzen da. Ez da bide samurra; alderantziz esan daiteke, biderik zailenetakoa dela, pasioak ibai indartsu eta bortitzak baitira, eta normalean azpitik joan ohi dira, ez azaletik. Juaristik esaten digu pasioak hor daudela, gorputza ere hor dagoela, eta ez diegula kasurik egiten, bazterrean uzten gaituzten arte. Orduan konturatzen gara, ikusirik zer izan garen bizitza joan zaigula, pasioekin batera.
Pasioak, ordea, desiraren mendekoak dira. Desira da liburu honetako pertsonaietako bat, hark itxuratzen du mundua eta gero desitxuratzen; hark erabiltzen ditu poetaren ahotsak nahi erara. Azken finean, desiraren mende egonik, zer garrantzia du ni izateak edo gu izateak. Zu izateak, alegia ispiluaren aurrean ageri dena, edo ispiluaz haratagoko irudi dena izateak, ez du nagusitasunik. Dena eramaten du berarekin desirak, alegia bizitzan aurrera jotzeko gogoak, irauteko grinak, errekonozimendua lortzeko nahiak.
Nahiaren poesia da Juaristirena, niarena baino, irakurtzeko baino entzuteko gehiago den liburu honetan.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera