kritiken hemeroteka

6.938 kritika

Azken kritikak

« | »

Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan / Hasier Etxeberria / Alberdania, 2002

Galdera-erantzunen ekarpena Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2002-09-14

Kale egiteko beldur handirik gabe esan dezakegu Hasier Etxeberriak elkarrizketa batzuk egin eta irakurri dituela, liburu honetako bost idazleak elkarrizketatu aurretik. Xume askoa da arrazoia: norbaitengana bere barruak neurri batean agertu ditzan eskatuz zoazenean, norbait horren gaineko zenbat eta gehiago jakin, orduan eta galdera zehatzagoak eta argigarriagoak egiteko (eta erantzunak jasotzeko) aukera izan dezakezu. Eta elkarrizketa liburu bat da, bistan da, Bost idazle hau. Nork-zer-non-noiz-zergatik formulatik abiatua delako eta elkarrizketaren formula erabiltzen duelako, hasteko. Horregatik iruditu zaigu, azken urteotan hamaika elkarrizketa eta idazkitan Bernardo Atxagari, Koldo Izagirreri, Anjel Lertxundiri, Ramon Saizarbitoriari eta Joseba Sarrionandiari usaindu-edo dizkiogun zenbait barne kezken bilduma irakurri dugula, bost idazleon erantzunak aletzean. Kezka horiek lehendik ezagutzen ez dituenak, berriz, aurrekari, inguru eta egoera jakin batzuetan hazi eta bizi diren idazle boskote batek urteetan eraiki duen diskurtso sozial, politiko, kultural eta pertsonalaren gaur egungo azalpena aurkituko du Bost idazle honetan. Lan handia hartu dute, zinez, elkarrizketatzaileak eta elkarrizketatuek, eta eskertzekoa da, gurean gutxitan egiten baitira halakoak zoritxarrez.

Autopsia eta erraiak

Nahiago izan du Hasier Etxeberriak sortzaile bakoitzaren obraren banan-banako autopsia beharrean, sortzaile horiek euskal kulturaren eta herriaren autopsia egin, eta euren lana agerian utzitako erraietan koka dezaten; eta horrexek hartu ditu testuan orrialde gehienak, bakoitzaren obraren zertzeladak guztiz ezabatuta geratu ez diren arren. Idazlea-komunitatea binomioak nabari hartzen duela tokia liburuan, alegia, eta horretan sakondu nahia ere igartzen zaiola Elgoibarren sortutakoari. Izan ere, iruditu zaigu, elkarrizketatzailea kazetaria izateaz gain idazlea ere badenez, bera ere bere barne kezken abanikoa zabalduz joan zaigula, bere buruhausteak bost sortzaile miretsiekin konpartituz. Liburuaren hitzaurrean idatziriko hitzotan, zehaztasun osoz adierazten du Etxeberriak bere planteamendua: “Bakoitzari egindako elkarrizketa luze, bakar eta nekagarri batean laburbildu nahi izan dira nire jakin-mina eta euren bosten esan-gogoa. Metodo zurruna, akaso, baina horixe erabili dugu. Hitz eginikoen artean, enbor nagusia literatura dukezu. Ez bakarra, hala ere”.

Galdetegi mistoa

Helburua lortu ahal izateko, galdetegi mistoa erabili du Hasier Etxeberriak. Batetik, egile bakoitzaren ibilbideari egokitutako galderak prestatu ditu. Eta, bestetik, badira bost idazleei errepikatu dizkien galderak ere: literaturara hurbiltzeko nondik norakoak; literatura euskaraz egiteko erabakiaren jatorria; euren jardunari azken (eta datozen) hamarkadetako euskal gizartean aurkitu dioten zentzua; euren sortzaile jardunak eguneroko beste jardun batzuekin duen lotura; gure literaturaren egoera eta etorkizuna… Aspalditik nabarmentzen diren sortzaile batzuen soslaia eguneratzen digu, neurri batean, Etxeberriaren elkarrizketa liburu honek.

Aukera eder bat ere bada, gainera, euskal literaturako bost izen garrantzitsu hauen ibilbidean faktore komunak ezagutzeko. Idaztea eta euskararen hedapena ahalbidetzea, bostek izan zuten kezka hastapenetatik. Sintomatikoa da, halaber, elizak euren heziketan izandako eragina. Eta norbere eta besteren lanak plazaratzeko guztiek erakutsi duten grina. Eta idazteko beharra, nola ez, beren ahotsa eraikitzeko grina.

Liburu honetako bost idazle protagonisten hitzek, finean, literaturaz kanpoko eta barruko kezken zerrendatxo arrazoitu bat proposatzen digute. Bide batez, euren obraren eta euren diskurtsoaren artean dauden paralelismoak eta ez paralelismoak agertzen dizkigute. Irakurleoi, berriz, gure liburu eta egile maiteenen eta gure mamuen arteko loturetan arakatzeko aukera ematen digu. Esan dugu: halako lan gehiago behar dugu.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak