kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Aihen ahula / Daniel Landart / Elkar, 1978

Aihen ahula Asier Sarasua / Eibartik, 2014-05-12

Euskal letren antzinaroa ez da ikusgarriegia, ez behintzat txapliguak botatzeko modukoa, baina zenbait gozoki utzi zituen, utzi ere. Gozoki bakan horietako gehienak ezagunak egin dira, noski; beste batzuk, ostera, esango nuke erdi-ezkutuan gordeta daudela irakurle gehienontzat, noiz aurkitu eta gozatuko. Horietako bat irakurri dut egunotan, Daniel Landarten (Donoztiri, Baxenabarre, 1946) Aihen ahula (Elkar, 1978). Ez dut esango alderdi literariotik liburu ikaragarria denik, baina bai liburu atsegin eta gozagarria.

Landartek haurtzaroko gora-beherak azaltzen dizkigu liburu honetan: 1950. hamarkadako Donoztiriko (eta Harrigainborda baserriko) eguneroko bizimodua, eskola, lagunartea, elizaren eta erlijioaren indarra, inguruko herrietara egin bidaiak (Lurdes, Mugerre, Beloke…). Erran nahi baita, Baxenabarreko herri txiki baten argazkia egiten digu.

Garai hartako nekazari-mundua beste hainbat eleberritan ere aurkitu izan dugu euskal literaturan, sarri askotan giro itogarri samarra irudikatuz. Ez da halakorik oraingoan. Landartek bere oroitzapenen kronika egiten du, haur baten ikuspegitik kontatuz (agian, tarteka, modu inozenteegian): gozo da etxeko giroa; maite ditu lagunak; erlijioak ez du ukitu itogarririk inolaz… Laburbilduz, haurtzaro zoriontsua, bere eritasun etengabeek ezinegona sortzen bazioten ere (hortixe izenburua, Aihen ahula). “Haur denbora… Zer denbora! Bai eta nola! Zenbat hixtorio mixterio… Gauza ttipiño batetarik laster haundiak eginak“.

Haurrarena ez ezik, gizontzen ari den gaztetxoaren ikuspegia ere ematen digu idazleak; beti eri den eta munduan bere lekua aurkitu nahi duen harena; antzerkiaren eta literaturaren arloetan lehenengo urratsak ematen dituen nerabearena; Espainian ere euskaldunak badirela deskubritzen duenarena; abertzaletasunaren kontzientzia hartzen hasten den gaztearena.

Zeharka bada ere, euskararen egoera ere aipatuko digu Landartek, ordurako Iparraldean ahultzen hasia: Kostaldean ia desagertua, Mugerren eta Beskoitzen gainbehera, Donoztirin ere eskolan debekatua, “Je ne parlerai pas en basque” zigor-kolpez. Izan ere, “La France est une et indivisible de Dunkerque à Tamanrasset“. Eta horrekin batera, Landarten lanetan usu ageri den beste gai bat ere aurkituko dugu zeharka: herri ttipien eta hiri hazien arteko aldea, herritik hirira doan euskaldunarena.

Esan bezala, liburu gozagarri eta atsegina. Estilo jori eta arinean idatzia, ahozkotasunetik hurbil; euskara batuan, baina hizkera nafar-lapurteraren ezaugarri bizi-biziekin. Hegoaldekoentzat, hala ere, nahasgarri baino bizigarri. Hiztegi bat ere badakar amaieran, gainera, laguntzarako (nahiz eta ez den osatuegia, eta gaizki antolatuta dagoen; baina tira).

Haurtzaroko kronika izan arren, ez da zahartzaroan idatzitako oroitzapen-liburua, gazte-gazterik burututako lana baizik. Izan ere, Landarten aurreneko lanetakoa dugu. Harrezkero asko eta ondo idatzi du: gehienbat antzerkia, baina horrekin batera poesia, eleberria, eta baita beste kronika-libururen bat ere, “Enbataren zirimolan” (2013) azkena. Eskuetan hartzeko irrikan nago.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak