kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Nevadako egunak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2013

Patxada bat Aritz Galarraga / Deia, 2014-04-26

Konstatazio bat nahi nuke beste ezeren aurretik: kritika bakar bat ere ez du merezi izan orain artean Bernardo Atxagaren azken lanak, Nevadako egunak-ek. Zergatiak asmatzea ez dagokit niri, ez liburuen iruzkinari eskainita dagoen tarte honi. Baina irudipena daukat kasu gehixeago mereziko lukeela Atxagarena bezalako ibilbide literario batek; eta batez ere Nevadako egunak bezalako liburu batek.

Atariko horien ondotik, liburua; irakurleari lana erraztearren, idazleak Ameriketako Estatu Batuetako Reno hirian egindako egonaldi baten emaitza modura aurkeztu zaiguna. Irakurketa-bidaia, ordea, luze-zabalagoa da: Nevadako egunerokoaren apunte segida soil gisa hasiko dena —Lehen eguna eskolan, Renoko erdigunera oinez, Joan-etorria desertura—, laster hasiko zaigu barreiatzen bestelako paisaia batzuetatik, askoz ere paisaia intimoago, pertsonalago, ustez biografikoago batzuetatik, itxura gero eta gehiago hartuz kontakizunak barne bidaia batena. Izan ere, gutxi inporta du kontatzen dena gehiago-gutxiago egilearen egiazko biografiarekin bat datorren. Gutxi inporta du halaber eguneroko, apunte bilduma, memoria liburu, ipuin sorta edota eleberri baten aurrean gauden —ez da horietako bakar bat ere, baina badu horietako guztietatik zerbait—. Garrantzitsuagoa da irakurtzen ari zaren horrek aurrera egiten duen eta unean-unean eskaintzen dizunak asebetetzen zaituen.

Liburu guztian zehar nagusitzen da Atxagaren kontaketarako trebezia, istorioak josteko erakutsi izan duen erraztasuna. Azken batean Atxagaistorio kontalari abila dela esatea ez da ezer berririk deskubritzea. Batzuetan erraztasun horretaz gehiegi abusatu dela iruditzen zait, desertura egiten duen lehen joan-etorri horretan, adibidez, edota amarekin Italiara egindako bidaia baten kontaketa egiten denean. Trebetasun horretan goxo, ez ote duen beste buelta bat emateko aukera pasatzen utzi, kontakizuna muturrerago eramateko, azken batean gehiago arriskatzeko. Baina liburu osoan zehar aurkitzen dira irakurlearen jakin-mina ase dezaketen pasarteak, kontuak, hausnarketak. Norabide askotarikoak, laurehun orrialdeko liburu bati legozkiokeen bezala, baina izan daitezkeenak Ameriketako Estatu Batuetako momentuko egoera soziopolitikoari buruzkoak —dela hilketa baten ondorengo izu-egoera harrapatuz, dela alderdi politiko baten hautagai-kanpaina jarraituz—, izan daitezkeenak egilearen ustezko haurtzaroari buruzkoak —dela heriotza baten aurreko indiferentzia deskribatuz, dela landa-jendeak bizitzari ateratzen ez dion zukuaren aurrean harrituz—.

Esango nuke, hala ere, Nevadako egunak sartzen dela beste etapa batean, egileak berak hirugarren denbora deitu dion horretan. Gurasoen heriotzaren kontaketarekin, adinekoen barrearen deskribapenarekin, gazteagoen adinaren gaineko komentarioekin. “Hirurogei urtetik gorako jendearen lurraldea desberdina ohi da”. Eta talaia horrek emango lioke idazleari gauzak diferente kontatzeko aukera. Are iraganeko kontuak birbisitatzeko: antzarak —gogoratu, zeruan uve bat egin zuten haiek— kritikatuz, “zirinez zikintzen dute dena”. Edota bere aspaldiko lagunen kantuen hitzak desestaliz: “Zesarren heriotzako orduan malkoak isuri zitzaten, mostaza aleak sartu zizkieten sudur-zuloetatik”. Patxada bat nabaritu diot liburuari, batzuetan akaso nabarmenegia, arriskura gehiago jo beharko lukeena, baina oro har azkenaldiko Atxagaren isla datekeena. Eta hori beti da garantia.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak