kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Odolbildua / Josu Landa / Susa, 2002

Iluntasuna Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2002-09-08

Josu Landa, aspaldiko idazlea, aspaldiko “enfant terrible”a (dena dela enfant-etik gehiago zuen terribletik baino; izan ere, Josu landaren irribarrea ikusirik, nekez sinets daiteke mutilak, denbora pasa ahala are mutilago denak, gaiztotik ezer duenik), eleberria idatzi du. Edozein herritan kanpai eta ezkila joka hasteko aitzakia izango litzateke, hainbeste denboraren hondarrean Josu Landak nobelari ekin eta nobela idatzi izana, baina gurean, herri apala, herri xumea, herri arrosa, halakorik ez; gurean apaizek eta bizian santu egindakoek dute kalean, elizatik kanpo ere, intsentsu usaina eramateko eskubiderik. Eskerrak Josu landak eleberri edo nobela ona eta polita idatzi duen! Baiki.

Lau pertsonaia nagusi; Mentxu, Antonia, Santos eta Joselu; beste batzuk bigarren mailako, intriga eta misterioa, iragan ezkututik datorrena, iragan orainean argitu ez dena. Horixe eleberriaren muina. Josu Landak poliki kontatzen du historia, detaile eta xehetasunetan geldituz, xehetasun bakoitzaz gozatuz, xehetasunetan biziz, xehetasunak baitira artelan baten, edozein dela ere, mailak; goraino jotzen duten mailak. Nobelaren helburua misterioa eta intriga azkeneraino eustea denik (ez alferrik esan dezakegu Josu Landaren hau erdian dagoela, polizia nobelaren eta nobela sozialaren arteko bidean), pertsonaien iluntasuna, haiei buruz dakiguna dositan eta gutxika emateak lagundu egiten du, azkeneraino ez dezagun jakin zer diren eta zer darabilten eskuen artean; dena ez dela dirudiena, horixe ateratzen da ondorio.

Hiria ere bada, gerra osteko Portugalete, ezkerraldea edo Bilbo, giro gris eta iluna (testuan hain ongi adierazia non gristasun eta iluntasun hori kutsagarri bihurtzen baita), bizitzeko ahaleginean diharduten gizon-emakumeak, meatzariak, kontrabandistak, trafikanteak, estraperlistak. Gerra osteko giro hits ituna, noski, gerra osteko miseriak eta edertasunak, heroien lanak eta traidoreen zelatak: bizitza azken finean. Hiriko bizitza alegia, kaiola batean bezalakoa baita, nahita ere nekez irten daiteke dagoenetik. Landutako eleberria, benetan ederra.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak