kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hunik arrats artean / Anjel Lertxundi / Lur, 1970

Noizbait hasten baita Aritz Galarraga / Argia, 2014-03-30

Berrogeita lau urte luze eta oparoko ibilbide literarioa noizbait hasiko zen. Eta abiapuntua Hunik arrats artean honetan kokatu behar. 1970. Gutxigatik, Rafael Berrioren diskorik merezi ez duen urtea. Ipuingintza huskeria izatearen ustetik libratzen ari zen garaia. Anjel Lertxundi “izan zen lehena, Martin Ugalderen ondoren, ipuina modu sistematikoan lantzen eta genero honi literatur balio osoa ematen”, esango digu Izagirre-Mendiguren tandemak. Ipuin liburuaren azal hegala mintzo zaigu orain, akaso ausarki, estreinakoa baitzen, hogeita bi urterekin argitaratua: Anjel Lertxundi “euskal literaturako ipuinegileen artean onenetako bat da”. Hasier Etxeberriaren Bost idazle elkarrizketa liburuan aitortzen du Lertxundik azal hegal horrekiko ahalkea; berak idatzi ez zuela aitortzeaz gainera.

Emaitza gogoangarrienak nobelagintzan aitortu bazaizkio ere —Hamaseigarrenean, aidanez; Otto Pette—, Espainiako sari nazionala saiakera batekin irabazi duen arren —Eskarmentuaren paperak—, hasieran izan zen ipuina. Kasu honetan ipuin aski laburra, errebueltarik gabea, ez gutxitan bihurria. Tarteka, hegoamerikarren errealismo magiko deitu hura gogorarazten-edo diguna. Luisa ipuinean, esate batera, eta ez bakarrik “maitasuna ahariekin egiten” dutelako; protagonistagatik: “hamabi urterekin haurdun zen eta ez zekien aitaren berri. Augusto bere aita izan zezakean. Edo Augusto, bere anaia. Edo Augusto, bere etxean bizi zen lengusua”. Marteka saiakeratxora gerturatzen den ipuina, iritzitik iristen dena: adibide dira Pentagrama bat osatu ezinean —abeslariek, “musika fusilatu, hurkatu ditek, hitza salbatzearren”— edota “Bizardunen bizarra eta loretokia” —“Egun, estruktura etsai bat dugu eta ertilariak dira estrukturen salatzaileak”—. Tarteka eta marteka, azkenerako, izateko gure herriaren berri ematen digun ipuina. At joaten geranean, erakusgarri gisa: “Literatura eta ertia burgeskeriak dira”, aurrerago esateko “Marx bakarrik irakurtzea da burgeskeria”. Baina, tira, Lertxundik esaten zuen jada, 1970ean dagoeneko: “Snob-zale gehiegi dago gure herrian”.

Berrogeita lau urte ez dira alferrik pasa, ordea; gauza batzuetan, onerako gainera: “Ba diat nik lagun bat astero Zeruko Argian idatziarren xentimorik kobratzen ez duena”. Lertxundiren obra gerora hazi da, sendotu, gainditu ditu hasierako ipuin haiek. Baina ia mende erdi bat geroago irakurririk, eta emailu batek kolpatzen digun bezala, “nekerik gabe atzemango dugu idazle baten sena bideratu zuela genero baztertu honek”. Ibilbide literario luze eta oparoena ere, beti, noizbait hasten baita.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak