« Poesiazko trenak | Odolaren indarra »
Barkamena, kondena, tortura / Joxe Azurmendi / Elkar, 2012
Esan ezin denaz Garazi Arrula / Berria, 2014-03-23
“Emakumeok berez dagokigun espazio pribatuan geratu beharko genuke, gure gizonezkoen nahi eta beharrak asetzeko eta horien zerbitzura, aita-senar-semeen zoriontasuna helburu” esanen banu, baita hori tesitzat duen liburu arrazoitu bat idatziko banu ere, lagunik gabe geratuko nintzateke lehenik, eta, bigarrenik, kolektibo sozial edo erakunde pribatuek nire jarduna eta iritzia indargabetu eta haiei dagozkien eremuetan parte hartzea ukatuko lidakete. Alta, teorian, ezein epailek edo legek ezinen ninduke kondenatu edo nire eskubide zibilak mugatuko lituzkeen zigorrik ezarri, baldin eta adierazpen askatasuna praxian aplikatzen den zuzenbide estatu batean bageunde. Gure ideologiatik hurbilago dauden adierazpenen autoreak kriminalizatu nahi dituztenean, errazagoa da adierazpen askatasunaz akordatzea bestela baino. Iruñeko artzapezpikua izandakoak eta kardinal izendatu berriak esandakoen harira (homosexualitatea eta gaixotasuna parekatu zituen) Jon M. Landa zuzenbide penaleko irakasleak egunkari honetan argitaratutako artikulu batean zioenez, gorroto-diskurtsoa gainditzeko zigor zuzenbidera jo beharrean, eztabaida publiko askeak eta gizarte zibil kontziente eta aktiboa sustatzeko bestelako ekimenak bultzatu beharko lirateke, aske adierazteko eskubidea ezkutu edo tanke bezala erabili behar ez izateko.
Gure herrian, ordea, estatu zuzenbidea kolokan jar dezaketen adierazpenak errotik mozteko zuzenbide penalera jotzeko ohitura handia dago, horrek estatu zuzenbidea are kolokago jarri baino sendotuko duelakoan. Eta erabaki hori justifikatzeko, morala aipatzen da maiz. Besteari exijitu ohi zaio politikan morala, sekula definitzera iritsi gabe. Joxe Azurmendik hori du gaietako bat Barkamena, kondena, tortura (Elkar, 2012) liburuan. Jaspers gogora ekarriz, zegamarrak dio “inork ez duela eskubiderik beste inoren moraltasuna epaitzeko edo moraltasuna exijitzeko. Juzga liteke moralki egintza bat (…), sekula ez egilea, haren kontzientzia, pentsaera eta sentiera, intentzioak”. Eta horri lotuta, baita inork ezin diola inori konbertsioa exijitu ere. “Ez zarete moralak” esaten duenak moral jakin bat aurresuposatzen du, baina Azurmendik diosku gizakiak berez duela morala, eta, beraz, gizartean inon idatzi gabeko balio edo arau absolutuetako baten kontra egiten duena inmorala izanen dela, sekula ez moralgabea. Kultura bakarrean moral asko borrokan daudenean sortzen da gatazka (tradizioa eta giza eskubideak parez pare jartzen direnean kasurako), eta eztabaidatu edo arrazoitu beharrean, (pentsamenduaren) konkistarekin konpondu nahi da.
Azurmendiren liburua ekarri nahi izan dut hona gaur egun pil-pilean dauden hamaika gai modu arrazoituan eta adibideekin jorratzen dituelako. Ohi duenez, pentsalariak ez du erantzun erabatekorik ematen, pentsamendu totalitario eta dogmatikoekin apurtzea eta hausnarketa eragitea baitu asmo. Espainiako estatuan ilustrazioa eman ez, eta lehen Elizaren monopolioa zen kontzientzien kontrola egun estatuak duela argudiatzen du Azurmendik. Horretarako, besteak beste, damuari, barkazioari, kondenari, erruari eta bortxari buruzko gogoeta egiten du saiakera osatzen duten hiru idatzietan. Esaldi oro azpimarragarria den liburua izanik, ezin lau lerrotan ganorazko iruzkina egin. Hala ere, euskararen eta herriaren aldeko bizitza osoko obra da Azurmendirena, kaleratutako liburuez harago doana, Jakin eta Klasikoak horren adierazle. Hortaz, honekin zor zaion guzia aitortuko ez badiot ere, liburu jakin horren balioa azpimarratu nahiko nuke.
Beste batzuetan bezala, Barkamena, kondena, torturan Azurmendi saiatzen da hizpide dituen kontzeptuak erlatibizatzen; esan nahi baita, kontzeptuok testuinguruan jartzen, historian horien adierazpen eta adierei erreparatzen, zeren ondorio eta kausa diren aztertzen, betetzen duten funtzioa arrazoitzen. Irakurri beharreko testua iruditzen zait, norberak sendo eraikitako ziurtasunen zutabeak astintzeko eta birpentsatzeko, harri berberez berreraikitzeko bada ere. Horrela ere, sendoago izanen baita.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera