kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Lasai, ez da ezer gertatzen / Ana Malagon / Elkar, 2014

Gertatzen dena Ibon Egaña / Deia, 2014-03-15

Ezin esan proposamena ausarta ez denik: 160 bat mikroipuin ditu Ana Malagonek lehen liburuan, oso eite desberdinekoak; gehitu horri generoak berak duen arriskua: asko jokatzen baitu egileak orrialde (paragrafo) bakarrean, irakurlea poltsikoratzeko bigarren aukerarik gabe. Ez nuke esango guztietan asmatu duenik, baina narraziorako zolitasuna eta sena begi bistan daudela uste dut 160 narraziootan. Askotan etortzen zait gogora Harkaitz Canok duela urte mordoska bat Carverri buruzko hitzaldi bati jarri zion izenburua: Zer gertatzen den ezer gertatzen ez denean. Ezinbestean, berriro etorri zait burura Malagonen ipuin liburuaren izenburua irakurritakoan ere. Ez ipuingile iparramerikarraren trazarik aurkitu dudalako hemen, eta ezta hitz-joko soilagatik ere, ezpada lasaitasun itxurapean, egunerokotasunean gertatzen diren gauza txikiak direlako ipuin hauetako ardatza ere. Gertatu, izan ere, gauza ugari gertatzen da narraziootan.

Mikroipuinak zehaztasuna duke ezaugarri behinena; soberako hitzik ez izatea, lerro gutxitan mundu narratibo osoa eraikitzea, eta irakurlea espero ez duen bazterretik harrapatzea. Mikroipuinaren definizio zurrunenari bete-betean atxikitzen zaizkion testu ugari ondu ditu Malagonek; teknika, ikuspegi eta egitura narratibo franko maneiatzen ditu, inoiz liburuari katalogo itxurarik eman gabe. Lehen lerrotik ipuinari dagokion giroan eta ahotsean sartzen du idazleak irakurlea, eta sarritan ustekabean harrapatzen azken lerroarekin. Aitzitik, ipuin zenbaiten amaierak gertuago daude Elearazi blogean jasotako testu batean David Gaffneyk mikroipuinen bukaeretarako proposatzenduen eredutik: “Ez du istorioa itxi behar, baizik eta leku berri batera eraman behar gaitu; leku bat non istorioko ideiei buruz pentsatzen jarraituko baitugu eta geure buruari galdetuko baitiogu zer esan nahiko zuen irakurritako guztiak”. Malagonen ipuinetan amaiera ez da beti txiribuelta; batzuetan kontatutakoaren gaineko mikrogogoeta da, irakurlearen eskuetan uzten dena.

Badira, baina, mikroipuinaren egitura kanonikoenetik aparteago mugitzen diren testuak ere. Zenbaitetan, haurtzaroari eskainitako testu ugarietan kasurako, ipuinetik baino apunte memoristikotik hurbilago dauden narrazioak ondu dira; biografia markatzen duten une epifaniko eta premonitorioak arakatzen dituztenak. Estimatzekoa iruditu zait narrazio horietan islatzen den haurtzaroaren ikuspegi ez-naifa, eta gertaera xume bezain sinesgarrietan epifania txikiak ikusteko trebezia. Ludikoagoak dira beste ipuin batzuk, ironiarekin, hitz-jokoekin, balizko ezinezkoekin jolas egiten dutenak. Ez naute hainbeste asebete mota horretakoek.

Aniztasunean badu batasunik liburuak: giro urbano eta globaletan kokatuak dira, motibo eta erreferentziak errepikatzen dira, narratzaile anitzen ahotsek badute antzekotasunik (eszeptizismoaren eta ironiaren artean) eta, finean, bada begirada etsitu eta eszeptiko bat testu gehienak zeharkatzen dituena. Ipuin askoren atzean, izan ere, munduak norberagandik espero duenera egokitu ezina dago, lekurik aurkitu ezina, eta horren ondoriozko bakardadea. Mundu-ikuskera propio bat, beraz, narrazio-molde ugaritan emana. Ez da gutxi lehen liburu baterako.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak