kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hodei berdeak / Jon Alonso / Susa, 2003

Hodei berdeak Irati Marañon / aiaraldea.eus, 2014-02-12

Idazle batek beka bat irabazi du nobela bat idazteko. Iragan mendeko 60ko hamarkadan girotu du, Iruñako giro abertzalean. Kontua da, baina, bekaren dirua hartu eta ospa egin duela, nobela amaitu gabe utzita. Haren lehengusu historialari batek eskuizkribua aurkitu eta editoreari bidaltzea erabaki du, baina berak egindako txosten batez lagunduta. Txosten horretan sartu ditu, hain zuzen, bere uztako ohar historikoak, zertzeladak eta ñabardurak.

Horra hor Jon Alonsoren obra honen abiapuntua. Planteamendu horrek, hain zuzen, aukera ematen dio hain gustuko dituen genero-nahasketa horietako bat eskaintzeko irakurleari. Izan ere, batetik, amaitu gabeko nobela bera dugu, eta bestetik, txosten historikoa-edo dei dezakeguna, saiakera itxura duena.

Frankismo garaiko Iruñara garamatza, esan bezala, egileak. Han, espioitza-nobelen itxura hartuko duen kontakizunean agertuko zaizkigu EAJ, EGI, ETA, CIA, OPUS DEI… Alonsok gogora ekarriko digu historia ofizialak baztertutako pasadizo bat, EAJko agintariek EGIko gazteak borroka armaturako entrenatu zituztenekoa. Ekintza sonatuak egitera ere iritsi ziren, Nafarroan batez ere. Eta ekintza horietako batean hil ziren, hain zuzen, Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi, Ultzaman, 1969an, jarri behar zuten lehergailua zartatu zitzaielarik. Alonsok, bada, gertaera horren atzean CIA bera eta OPUS DEI egon ote ziren iradokitzen digu. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuentzat, 1953tik aurrera, aliatu izan zen Franco Sobietar Batasunaren aurkako borrokan, eta haiek ordainetan, CESIDekoak entrenatu eta barne-gatazka zenbait “konpontzen” lagundu ei zioten espainiar diktadoreari. Testuinguru horretan, bada, Iruñako abertzaleen lagun den gizaseme amerikar bat ageri zaigu: Hewart, eta haren inguruan katramilatzen dira kontakizunaren adar guztiak.

—Tori —esan zidan bat-batean, karpeta luzatuz—. Niretzat ahoskaezinak diren izenez beteta dago. Emaiozu begiratu bat. Dena dago bertan. Arraioa, Tom! Kontuz gero, euskaldunekin. Ongi ezagutzen ditut. Zikinkeriak jan eta edan, besterik ez dute egiten.

Benetako pertsonak eta fikziozko pertsonaiak tartekatzen dira nobelan zehar. Ildo horretan, oso interesgarriak dira EAJren barruan gertatutako eztabaidak, eta nobelako pertsonaiek eztabaida horien aurrean agertzen duten jarrera. Jeltzaleen artean ere CIAri laguntzen zion satorren bat egon ote zen iradokitzen da.

Azken garaietan, Don Manuelek hartzen zituenean, Jauregizar zeukan beti ondoan. Jauregizar ez zen atzerriratu bat, diasporaren semea baizik. Jauregizar gaztea zen, blazer erako jakak zituen gustuko, eta tenislari baten moduan mugitzen zen. Bere etenik gabeko irribarreak bi hortz-lerro ezin zuriago erakusteko aitzakia zirudien. Ziotenez, Jauregizar nazionalismoaren leinurik zaharrenen eta errespetagarrienetako familia batekoa zen; Sabino Arana bera batzartu ohi zen, Jauregizarren aitonaren Bilboko etxean. Halakorik! Nork esango zidan niri, zapatari baten semea naizen honi, esaten zuen Iriartek, gauza hauek hizpidera ateratzen zirenean, ez ironia punturik gabe. Iriartek egun hartan ezagutu zuen Manuel Irujo.

[…]

Alderdia, Alderdia eta Alderdia! Azkenik, Telesfororen profezia beteta, hirukoteak Iruñera aldera hartu zuen, beren ikuspuntuak aurrera atera ahal izan gabe. Ez zen lehen aldia, ezta azkena izango ere. Eta hau abertzalea al da? esaten zuen, bueltan, Iriartek, Jauregizarrengatik. Jauregizar? Jakina, estatubatuarra da nazionalitatez, baina Bilboko familia nazionalista zaharrenetakoa, Bizkaia osoan, halako, halako eta halako herrian, halako etxea, halako jauregia eta halako lur-sailak zeuzkana, alabetako bat ez dakit zer izeneko armadorearekin ezkondua, Alderdiaren babesle handia, hura ere.

Jon Alonsoren beste nobela gomendagarri bat duzue hau, beraz. Goi-politikak eta espioitzak jende xumearen bizitzak nola baldintzatzen dituzten maisuki erakusten digu, gure iragan hurbilera egindako bidaia eder bezain krudel honekin.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak