kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

3 Mariak / Arantxa Urretabizkaia / Erein, 2010

3 Mariak Asier Sarasua / Eibartik, 2013-12-12

Maria Txurik 79 urte ditu eta alargun geratu da. Hainbat urte seme-alabak hazten igaro ondoren, azken urteotan gizon gaixoa zaintzeaz arduratu behar izan da. Senarra hil eta tanatorioan dela, txikitako lagun bat agertuko da, Maria Gorri, hainbat urtez herritik kanpo bizi izandakoa. Nola ez dakitela ere, biak elkarrekin bizi izatera joango dira, Gorriren gurasoena izandako etxera. Zaharrak dira, bai, baina ez daude prest heriotzari exerita itxaroten geratzeko. Bizitzeko gogoz daude eta proiektu asko gauzatzeko asmoarekin. Besteak beste, 3. Maria aurkitzea, Marihandi.

Zahartzaroa du gai nagusi eleberriak, baina baita beste hainbat gai ere: adiskidetasuna, tolerantzia, askatasuna… Zahartzaroa bere aje guztiekin erakusten digu Urretabizkaiak, zaharra hitzaren apologia konszientea eginez; baina batez ere bizipozaz dihardu eleberriak. 80 urterekin (baita 50 edo 70ekin ere, gehituko dut nik) erronka berriak aurkitzeko beharraz. Izan ere, baikortasunez blai dago 3 Mariak. Istorio samurra baina indartsua; samurra neurrian, tarteka topiko eta goxokeriak ere badituen arren.

Pertsonaia ederrak sortu ditu, gehienbat bi pertsonaia nagusiak (Txuri eta Gorri), ondo perfilatuak, liburuan zehar garatuz doazenak (batak bestearengandik hartuz). Mutur samarrekoak, esango du norbaitek; baina egokiak, erantsiko nik. Egia da, agian, beste pertsonaia osagarriek (Kalok eta Laidak, gehienbat) karrank egin izan didatela tarteka (hain dira perfektuak eze…), baina eleberriko giro goxora ondo egokitzen dira.

Esango nuke Urretabizkaiak ondo aurkezten dituela gure aittitta-amama izan diren belaunaldikoen bizitzak, gogoetak eta sentimenduak, XX mende hasieran jaio eta orain gutxi ezkutatu zaigun belaunaldi horren arima. Horrekin batera, hala ere, zaharra izateko beste modu berri bat ere aldarrikatzen du XXI. menderako.

Estilo xumea erabiliz idatzia, idazkeran zein teknika narratibo aldetik, ahots bakarraren bidez eta kontakizuna modu kronologikoan antolatuz. Era gardenean. Protagonista da kontalari, eta bere bizitzako urte bat kontatzen du, gutxi gora-behera, alargun gelditu zenetik 80 urte bete artekoa, azken orrialdea 2000. urteko urtarrilaren 1ean kokatuz. Milurteko berria; garai berria; asmo berriak. Esan bezala, guztia ere modu xume eta garbian kontatuta.

Istorioak ez du beste munduko ezer: bi atsoren eguneroko bizitza besterik ez da. Gainera, liburuak duen hari nagusietakoari (3. Mariaren bilaketa) nahiko leku txikia ematen dio idazleak liburuan, eta amaiera ere bitxi samarra (niretzat oso egokia) ematen dio. Eta, hala ere, Urretabizkaiak ondo eusten dio erritmoari eta tentsioari, hasieratik amaierara arte. Beharbada horixe da liburu honen merituetako bat: istorio xume-xume bat erakargarri egiten duela inolako etxafuegorik erabili barik.

Laburbilduz: erdi-derrigorrez irakurri dudala liburua (Eibarko irakurle-kluberako), ez baitzegoen nire hurrengo irakurketen zerrendan, baina ezusteko polita izan dela. Adjektiboren bat ipini beharko banio eleberriari, atsegina litzateke. Gustura irakurtzen den liburu atsegingarria.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak