kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Hobe isilik / Garbiñe Ubeda / Elkar, 2013

Ondua balego bezala Aritz Galarraga / Deia, 2014-01-04

Garbiñe Ubedaren lehen eleberri laburraz aipatu izan den lehen gauza izan da, hain zuzen, horixe, lehen eleberria izan dela. Eta lehen eleberria izan dela ez hogei urterekin publikatutakoa, baizik eta gutxi batzuk gehiagorekin. Ondo. Xehetasun hori nabarmentzeak ditu bi irakurketa, nire ustean, zalantzagarriak: batetik, eta kazetari gisa esperientzia zabala duenez Ubedak, eta, beraz, testugintzan eskarmentu handia, idazkuntzaren bi alde izan daitezkeen kazetaritza eta literaturaren arteko gehiegizko banaketa —kontuan izanik kazetaritza ez dela bat eta bakarra, ez eta, noski, literatura—. Eta bestetik, Ubedak modu nasaian ulertutako literaturan egin dituen sartu-irtenak aintzakotzat ez hartzea, batez ere Mila ezker saiakera oso gomendagarria —azkar esateko, ezkertasunaren hainbat konturi buruzkoa, eskuinok ere gustura asko irakurtzeko modukoa—.

Baina Hobe isilik da hemen larrutu beharrekoa. Eta, beste ezer baino lehen, esan beharra dago zaila dela eleberri horren haria askatzea, egin gabe spoiler gaitzesgarririk. Saia gaitezen minimoa esaten: Bakartxo narratzailea lehen pertsonan mintzo zaio II. Mundu Gerraren ondotik desagertu zen aitonari, Jose Bermejo Zabaletari, behinola Altsasuko trenbideko behargin iraultzailea izan zenari; haren oroitzapenari, haren desagerpenaren xenda jarraitzen duen bitartean. Familiaren tatxa da, mantxa, bizitza osoan izan dute gogoan. Bakartxok jakin nahi du: noiz desagertu zen, nora, galdu ote zen erabat eta benetan. Eta sorpresa hartuko du bilaketa horretan. Hainbestekoa, esateraino: errazagoa zela “gudari desagertu heroikoa izan zinen garaia”, esplikagarriagoa. Eta nik uste, horrekin aski dela.

Gauza da ikerketa hari interesgarri hori alde batera utzita ere, edo hari interesgarri hori alde batera utzita batez ere, agertzen direla kontakizuneko gauzarik interesgarrienak. Anekdota itxuraz hutsalen atzean hausnarketa benetan jakingarriak, pitxi txikiak, ematen du esan gabe esaten diren kontu horiek guztiak. Bat oso adierazgarria, gainontzekoen berri ematen ahal diguna: ikastolan dago narratzailea, haur, eta ikaskideak zortzi abizenak buruz eta segidan esatea proposatu du. Bakartxok, nahiz bikain esango lituzkeen bere zortziak, isilik pasa nahi luke, arrotzegiak direlako ia erdiak. Ez dira jatorrak, ez dute pedigririk, ez dute bertako labelik. Jarraian dator kolpea: “Ikaskideek artean ez dakite, artean ez dakigu, gutartasuna mamia dela, azala baino gehiago. Nire aberriak zerupe zabalagoa du orain”. Ba hori.

Garbine Ubedaren lehen eleberri laburraz esan den beste gauzatako bat izan da 36ko gerrari buruzkoa dela, eta gaia gehiegi (sic) erabili delarik, irakurlea dagoeneko neka daitekeela testuaren aurrean. Eta hori esan duenak, iruditzen zait, beste liburu bat irakurri duela, nik irakurri dudanagandik. Ze, bai, 36ko gerraz hitz egiten da, noski, II. Mundu Gerraz ere bai, baina berdin hitz egiten da familiaren baitako zauriez, presentziek baino absentziek duten garrantziaz, memoriak sortzen dituen haize bolada zakarrez, sekretuak edukitzeko eskubideaz edo beharrizanaz, biziraupenaz, denik eta pertsonarik zintzoenak daukan ifrentzuaz. Eta hori denori egiten du Hobe isilik lehen eleberri labur honek —mamia, tempoa, neurria—, urte luzetako esperientziarekin ondua balego bezala.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak