kritiken hemeroteka

6.853 kritika

Azken kritikak

« | »

Diot / Gabriel Korta / egilea editore, 2013

Esentziaren bila, biluzik Alex Gurrutxaga / Berria, 2014-01-12

Gabriel Kortaren ibilbide poetikoa 1980an abiatu zen, Isiletik liburuarekin. Lan hura Ustelarekin atera zuen, Susarekin bigarrena, eta ordutik honako liburuak —beste lau— idazleak berak editatu ditu. Azken honek Diot du izena eta, ohi bezala, azaleko eta barneko ilustrazioak Kortak berak eginak dira.

Soila da, ezer izatekotan, Gabriel Kortaren poesia. Formalki neurri txikiko poemak dira, lerro gutxikoak, metrika librea dute, eta errimarik gabeak dira. Poetak honela azaltzen du bere poetika Hitzak eta poesia poeman: “apaingarri poetikoak / amaitu zaizkit / eta orain / apaingarri berriak / sortu behar ditut”. Soiltasuna nabaria da Kortaren aurreko lanetan ere, baina azken lanean poetak mugara eraman du artifizio oro erauzteko nahia —erabat sinbolista den azken poeman salbu—. Horren erakusgarri da aurreko liburutik —Elurra galtza motzetan— honetara puntuazioan dagoen aldea. Ez da txikikeria: han puntuazioa ugaria zen —zeharo desegokia—, eta irakurtzerakoan poemen prosodia erabat oztopatzen zuen. Aldiz, Diot-en ez dago ia batere puntuaziorik, eta poemen erritmoa ongi antzematen da.

Edukiari dagokionez, pentsamendua da poesia honen euskarria, eta oro har gai existentzial eta filosofikoak lantzen ditu. Poemak nitasunetik abiatzen dira: subjektu poetikoak gogoeta egiten du, maila abstraktuan gehienetan, eta gogoeta hori poetikoki gauzatzen denean, dimentsio orokorra bilatzen du. Gai nagusien artean lehenago ere landu dituen bi nabarmendu genitzake: erotasuna eta poesia. Esan daiteke erotasunaren lanketan poesia konfesionaletik ere baduela zerbait Kortaren obrak. Izan ere, zuzenean mintzo da poeta gai horren inguruan, esperientzia propiotik abiatuz, eta ederrak bezain latzak dira, besteren artean, Diot edo Epaitu ninduten poemak.

Aipagarria den beste gai bat poesia bera da, eta Kortaren aurreko poema liburuetan bezala, Diot-en ere poema askok erantzuten dio poesia zer den jakiteko nahiari. Alde horretatik ikuspegi esentzialista sumatzen da. Batetik, poetak Egia erlazionatzen du poesiarekin —ideia poetiko erromantikoa da—: “Neuretu ditut hitzak / ez dut gezurrik esaten / dena poesia bihurtzen da / poetaren begietan”, edo “Poetaren iragana / jendeak ahoan darama / (bakardadea mendeku) / egia esateagatik”. Bestetik, poesia bihotzetik —eta beharretik— sortzen zaiola esaten digu: “bularrak ordea / eta bular barruan bizi den bihotzak / poesiara narama”, edo “zeri eutsi diot / nire baitan daramatzadan / poesia haziak / loratzen ez baditut?”. Era berean, poesia poetaren nortasuna libratzen den eremu gisa agertzen zaigu, bere askatasunaren espazio purutzat; honakoa irakur genezake Hitzaurrea-n: “17 urte nituenean poesia izan zen, nire nortasunaren eta nire askatasunaren espazio propioa. Ez al da ba horrela?”.

Ikuspegi esentzialista agertzen da, hortaz, liburuan. Alabaina, batzuetan, poemek gauzen esentzia —halakorik balego!— ukitzen ez dutenean, arnasa laburrekoak dira. Esaterako, Kaleko musikaria edo Lao Zi gogoan poemek ez dute lortzen irudi bat edo ideia bat iradokitzea baino gehiago. Liburua osotasunean harturik ere ezin esan daiteke arnasa poetikoa bereziki indartsua denik. Halere, badira txikitik abiatu eta urrunera iristen diren poema zenbait: Zuek bezalakoa ni edo Neguaren atarian, adibidez. Gainera, beharbada bai, beharbada iristen da Kortaren ahotsa uneren batean Egiara. Izan ere, poesia biluzia da berea, artifiziorik ez dagoelako, baina baita poetaren ahotsa tranparik gabe —biluzik hori ere— iristen zaiolako irakurleari. Beharbada badago soiltasun horretan zerbait esentziala: “Nire bihotza / oinarrizko poema bat da”.

Azken kritikak

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig

Amaia Alvarez Uria

Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig

Ibon Egaña

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Javier Rojo

Zulo bat uretan
Iñigo Aranbarri

Amaia Serrano Mariezkurrena

Ekaitzaren zipriztinak
Miren Garate

Javier Rojo

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Igor Estankona

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Hasier Rekondo

Patagoniara Hazparnen barrena
Kepa Altonaga

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Alaitz Andreu Eizagirre

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Javier Rojo

Hizkuntza, Nazioa, Estatua
Joxe Azurmendi

Javier Rojo

Haren zati bat
Josu Penades

Javier Rojo

Frankenstein
Mary Shelley

Gotzon Barandiaran

Artxiboa

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Hedabideak