kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Txartel bat (des)herrira / Garazi Goia / Elkar, 2013

Bihotzak dio… “zoaz Euskal Herrira”? Amaia Alvarez Uria / Argia, 2013-12-29

Txartel bat (des)herrira liburuarekin Garazi Goiak begirada jarri du Gernikako bonbardaketa eta gero Euskal Herritik Inglaterrara joan ziren haurrengan eta horren harira erbesteaz eta herriaz hitz egiteko aukera aprobetxatu du. Baina gai honi begiratzean pertenentzia sentimenduaz harago doa hurrengoa planteatuz: zer gertatzen da herria eta norberaren arteko lotura apurtzen denean? Zer egin identitatea kolokan jartzen duten memoria mingarriekin? Nor gara iraganak gure oraina eta geroa goitik behera baldintzatzen digunean? Nonbait partaide, herritar izatearen sentimenduarekin zalantzak dituzten eta deserrotuta noraezean dabiltzan protagonistak irudikatzen dizkigu Goiak. Bi ibilbide gurutzatzen dira Londresen, biak Euskal Herritik etorriak eta biak bueltatzeko ideia era gatazkatsuan bizi dutela. Askatasunaren bilaketa eta ihesa, abandonuaren mina eta bakardadearen pisua nahasten zaizkie Ibairi eta Peruri. Lortuko ote dute Euskal Herrira bueltatzea eta bertan goxo geratzea?

Bi bizitza horiek gurutzatzen dira liburuaren kapituluetan barna, narrazioa elkarrizketekin tartekatzen da, eta hauek gutun, amets eta poemekin ere harilkatzen ditu egileak. Letra etzana eta lodia ere agertzen zaizkigu batzuetan eta testu mota desberdinekin batera intertestualitatea: beste batzuen artean Milan Kunderaren Identitatea edo Albert Camusen Atzerritarra lanek gaia azpimarratzera etorriko dira aipu zuzenekin, Sylvia Plathen bizitzaren amaierari ere leku egingo dio etorkizunerako planak aipatzean edota Jeannete Wintersonen autobiografiaren izenburua gogora ekarriko digu hurrengo gogoetarekin: “Zergatik izan zoriontsu normal egon zaitezkeenean?”.

Bi protagonistek partekatzen dituzte paperezko hegazkinen irudia, liburuan behin eta berriz errepikatzen dena. Odoleztatuta agertuko zaizkio bati ametsetan eta besteak oharrak idatziko ditu bertan esan nahi dituenak bere hartzailearengana helarazteko. Honekin batera koadernoak daude, biek idazten baitituzte euren memoriak koadernoetan. Batek hurrengoa dio: “Terapia bat da. Nire bizitzan gelditzen zaidan azken dilemetako bat hausteko”, besteak “galdetu ezin diren gauzen zerrendak” egiten dituen bitartean.

Gai eta egitura interesgarriak dituen lana izanik faltan botatzen dut edizio lan gehiago, hizkuntzari begira akatsak egotea ez litzatekeelako gertatu behar (nahiz eta badakigun gaur egungo literatur lanetan gero eta gehiago topatzen dugun zerbait dela), eta prosa landuagoa izaten lagundu ahal izango liokeelako literatur testu hau borobilduz eta osatuz.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak