kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Pendrive / Arrate Mardaras / Susa, 2013

Maitasunaren historia Iraitz Urkulo / Berton, 2013-12-29

Pendrive izenburua duen narrazio-liburuaren eskutik egin du jauzi Arrate Mardarasek euskal literaturaren plazara. Nahiz eta berea narrazio-liburu hutsarena baino askoz proposamen zabal eta konplexuagoa den. Hasteko, esan dezadan Pendrive ariketa metaliterario bat dela egiazki, egitura metadiegetikoen (hau da, istorio bat beste istorio baten barruan egokitzeko teknikaren) erabilera bihurri batean oinarritzen dena. Izan ere, Mardarasek eskuizkribu galdu eta berraurkituaren baliabidea eguneratzen du, haren ordez norbaitek galdu eta fikziozko editore batek aurkituko duen pendrive moderno batetik abiatuz liburua. Era honetan, editorea hain zuzen liburuaren edizio-prozesuaren berri emango digun pertsonaia bihurtzen du, besteak beste, lanak biltzen dituen eduki ezberdinak aurkeztuko dizkiguna. Pendrive, testu metaliterarioa eta metadiegetikoa izateaz gain, lan hibridoa ere badelako: hasieran eta amaieran kokatzen diren fikziozko editore horren ohar bana; sei narrazio, zein baino zein bereziagoa, eta hauen artean tartekaturik dauden pendrive galdu baten hipotesiari jarraitzen dioten testu labur solteak, Sinda izeneko protagonista dutenak… horiek denek osatzen dute liburua.

Mamia, noski, narrazioak dira. Eta abiapuntua, hauetan ere, originala bezain ludikoa da: gizateriaren hainbat arotan kokatzen diren maitasun istorioak. Kobazuloetako garaia, IV. mendea, erromatarren garaia, Erdi Aroa, 1611. eta 1936. urteak… Bestalde, narrazioek Euskal Herriko eremu geografiko osoa hartzen dute. Kasu askotan, gainera, maitasun istorioa gertaera historiko nabarmen baten itzalean garatu edo zapuzten da; Gernikako bonbardaketa bete-betean harrapatzen duen bikotearena, esaterako. Narrazio guztiek, aldi berean, hurrenkera kronologikoari jarraitzen diote; azken istorioa, iragana, oraina eta etorkizuna denboran zeharreko bidaia batean lotzen dituen heinean, denetan fantastikoena eta bereziena izanik. Sarrionandiak duela 30 urte idatzitako “Ginebra erregina erbestean” ipuinaren bertsio eguneratutzat har genezake, zenbait ezberdintasun gorabehera. Sarrionandiak Ginebra protagonistak 50 urte betetzen dituen egunean kokatu bazuen ekintza, Mardarasek urtebete beranduago ekiten dio; horregatik, Sarrionandiarenean erregina haurdun baldin bazegoen, oraingoan umea azaltzen da. Aurreko bertsioarekin alderatuta, azkenik, osagai berri harrigarriak txertatu dira: bi aipatzearren, Merlin eta liburuan zehar behin baino gehiagotan baliatuko den magia, eta Abiadura Handiko Trenaren hotsa.

Protagonista gehienak emakumeak dira, horien artean pertsonaia historikoren bat edo beste, ausart eta erabakimen handiz irudikatutakoak, garaiekiko sinesgarritasunak misoginiaren desagerpena eragozten badu ere. Emakumeen bizipenak, desira sexuala, ezinezko maitasuna, heriotza, maitearen galera, pasioa, bortxakeria, ihesa, transgresioa… gai errepikakorrak dira narrazioetan. Gainerakoan, eta hauxe da istorioen beste berezitasunetako bat, pertsonaia guztiei bigarren aukera bat ematen zaie. Halere, lan honek, narrazioei dagokienez, baditu, nire ustez, hainbat ahulezia. Autorearen asmoa hain justu kontrakoa izan arren, maitasunaren gaineko topiko eta klixe ugari topatu ditut. Bestetik, ez dakit zerbait kontzientea izan ote den, baina esango nuke antzinako pertsonaiak gaur egungo pentsamolde eta sentitzeko era berbera edo antzekoarekin irudikatu izanak kalte egiten diola egiantzari. Areago, garai historikoari legokiokeen pentsamoldea, protagonisten jarrera inkoherentea eta irakurleon egungo ikuspegiaren arteko talkatik sortzen den emaitza hain da arraroa, non interpretazio benetan bitxiak bidera daitezkeen.

Narrazio batzuetako testuingurua behar bezala deskribatuta edo gertaeren segidak fikzioan justifikazio nahikorik ez duela iruditzen zaidan bitartean, beste batzuetan, aitzitik, ziurrenik jakintzat eman beharko liratekeen kontu historiko askori buruzko azalpenak pertsonaien hizpidera ekartzeak naturaltasunik eza eragiten duela uste dut, diskurtsoa bortxatu xamar geratuz. Zenbaitetan ere faltan bota dut generoak eskatzen dituen arnasa eta erritmo-aldaketak kudeatzeko estrategia narratibo hobea. Halere, azpimarratzekoa da, baita eskertzekoa ere, narrazioetan teknika berriak baliatu eta baliabide ezberdinekin esperimentatu izana: bando ofiziala, zirriborroa, gutuna… edota jada aipaturiko mailaketa metadiegetikoen trikimailua bera.

Egia da Mardarasek darabiltzan hizkuntza-moldea eta, bereziki, sintaxia korapilatsuak gerta daitezkeela une jakinetan, baina gozatzeko modukoak dira zinez istorioetan tartekatu dituen tokiko hizkeratan emandako elkarrizketak. Aipamen bat merezi du, era berean, idazleak bere ustez garai bakoitzean —hortaz, narrazio bakoitzean— hitz egin zitekeen euskara erreproduzitzeko egin duen ahalegin handiak. Lehen bi narrazioen amaieran gehitutako oharren bidez jasotzen dugu —horiek idazteko bidean den testu edo work in progress baten itxura eman arren, nik, egiazki irakurleoi zuzenduta daudela eta hauen interpretazioa baldintzatzen dutelako sentipena izanik, batere maite ez dudan baliabidea bada ere—, adibidez, kobazuloetan kokatutako istorioan latinismo guztiak ezabatuak izan direla, errealitatearekiko fideltasunaren izenean. Agian mimozko lan honek konpentsatuko du, literaturarekin baino, egoaren errekonozimendu nahiarekin lotuago dagoen jokaera.

Testu solteek ematen diote, Sinda protagonistaren bidez, osotasuna obrari. Izan ere, pendrivearen aurkitzailea den pertsonaia hau da liburua eusten duen hari garrantzitsuenetakoa. Narrazioetan gertaerak lehenesten badira, testu laburretan iradokizuna da nagusi; horrek hausnarketa bultzatzen duela. Hauetan narrazio-mailekin jolastu eta, oro har, teknika ezberdinen erabileran gehiago arriskatzen dela iruditzen zait. Narrazioen arrakasta tramen ezohikoan oinarritzen den bezala, tarteko testuena diskurtso- eta adierazpen-mailako originaltasunean datza. Esaterako, narratzailearen egokitzen zaizkion ahots ezberdinen txandaketan eta horrek dakarren foku-dinamismoan nabaria da zerbait berria eskaintzeko esfortzua. Gainera, esango nuke atal horietan metaforen erabileran eta, oro har, bizitzaren iragaiteaz eta sentimenduez modu sakonago eta askoz trebeagoan aritzen dela Mardaras.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak