kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Damutzen ez direnak / Itxaso Araque / Elkar, 2012

Ez damutzeko liburua bat Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2013-11-17

Damutzen ez direnak du izena Itxaso Araque idazle gaztearen eleberriak. Liburua osatzen duten 248 orrialdeak arin eta plazerez irakurtzen dira, hainbat arrazoi tarteko. Hiru pertsonaia, hiru eszenatoki, hiru istorio eta hiru narratzaile.

Stuart, Andreas eta Naroa dira hemen biltzen diren hiru istorioen protagonistak. Hiru gazte, baliteke, 30 urte inguruko belaunaldiaren erakusle, Europako beste horrenbeste hiritan sakabanaturik: Berlin, Milan eta Londres. Kosmopolitismoa agerikoa denez gero, hiri handi masifikatuetan ematen diren problematikak ere ez dira falta: arrakasta eta handinahiaren arriskuak, gizarte hierarkia gordina eta estatus sozialaren garrantzia, boterearen ustelkeria, indibidualismo bortitza, “benetazko” erlazioen zailtasuna.

Sistema, eta hein handi batean gure bizitza, gidatzen duten balore horiek guztiek nolabaiteko printzipio pertsonalen bazterketa dakartenean sortzen da barne eztabaida: bizitzan gustatzen ez zaizkigun gauza asko egin behar ditugu. “Ezin dugu beti gogoak agintzen diguna egin. Nahi edo ez, dirua behar dugu bizirauteko” (191. orr). Termino psikoanalitikoei heltzearren, ni-a eta beste ni-aren arteko tentsio hura iruditu zait protagonisten istorioak, bakoitza bere adierazpen pertsonalean, elkartzen dituen eleberriaren konstanteetariko bat.

“Umetan nahi dugun guztia lor dezakegula esaten digute eta ametsak sortzera bultzatzen gaituzte” (192. orr). Arrakastatsu izatera bultzatzen duen diskurtso baten menpe bizi gara eta, arrazoi asko eta desberdinengatik, gure desioei entzungor egiteko ohitura geureganatzen dugu. Momentu batean, baina, “konturatu zara bidean utzi duzuna faltan botatzen duzula” (185. orr), eta aurrera egin ezinean sentitzen dira pertsonaiak. Inflexio puntu horretan, iragana eta orainaren artean harrapaturik, gaztaroko ametsak berbideratu nahian aurkituko dira, orain arte egindakoaz damutze edo ez damutze puntu batean.

Irakurlea pertsonaien ibilbide horren lekuko bilakatzen da; beren beldurrak eta zalantzak kanpoko munduarekin eztabaidan ikusten ditugunean, gu ere partaide garen gizarte baten kontzientzia, beste behin, bereganatzen dugu.

Horra Itxaso Araque Barriusoren liburuari heltzeagatik ez damutzeko arrazoiak.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak