« Bizitza faltsutuak | Benetako familia-mina »
Paper-festa / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2012
Bizitza biluzten Iraitz Urkulo / Berton, 2013-11-03
Genero eta formatu anitz biltzen ditu Anjel Lertxundiren azken lanak. Narrazio-bilduma gisa argitaratua, istorioak, mikroipuinak eta aforismoak txandakatzen dira liburuak dituen 269 orrialdeetan. Istorio osoak, zirriborroak edota idazteke dauden fikziotarako ideia biluziak. Fantastikoak zein errealitateari itsatsiagoak. Irakurketa-saio luzeen zale ez direnentzat neurri ezin aproposagoa, edozein kasutan. Gehiegizkoa izan liteke, agian, estilo-ariketa multzo gisa definitzea. Edukiari dagokionez, behintzat, hausnarketa-koaderno baten itxura har diezaioke irakurleak, behin autorea beretzat idazten ari delako iruzurraren jakitun eta konplize bihurtzea onarturik. Idazkera pertsonala eta itxuraz intimoaren bidetik, narrazio asko eta asko saiakeratik gertu nabari dira, ez dute alferrik kritikak zein autoreak berak liburu berri hau Eskarmentuaren paperak saritu haren ahizpatzat jo.
Idazlea modernitatea eta postmodernitatearen artean kokatzen da narraziotan. Horrela, egitura zatikatua, errealitatearen gaineko begirada ironikoaren gailentzea, iraganari nostalgiarik gabe begiratzea, aipatutako generoen hibridazioa… modernitateari egokitu ohi zaizkion hainbat ezaugarriri kontrajartzen zaizkie. Izan ere, modernitatearekin batera agortu edo gainditutako narrazio handien oinarrian zeuden kontzeptuak berreskuratzeko ahalegina antzematen da irakurketan zehar, zentzu honetan, besteak beste, justizia, adiskidetasuna, maitasuna, zintzotasuna, elkartasuna edota ongiaren aldarrikapena egiten da. Halere, ñabardura anitzen gainean eraikitako testuak dira, hau da, narratzaileak, iritzi bakar aldaezinaren bidetik joan beharrean, zalantzei atea irekitzearen aldeko erabakia hartzen du uneoro. Ez dadila inor Lertxundiren erabateko baieztapen eta usteak topatzeko itxaropenez liburu honen irakurketan murgildu, gai ugariren inguruko ikuspegi dinamikoarekin aurrez aurre talka egingo baitu.
Liburua lau atal nagusitan banatzen da. Lehenak, gerraren inguruko istorioak jasotzen ditu, arreta berezia eskaintzen zaiela gizakiok bizitzan zehar aurre egin beharreko barne-borrokei. Partekatzen duten gaiaz gain, esan daiteke darien politika kutsua dela hasierako zati honetako narrazio guztiak lotzen dituen haria. Bigarren atalean, oinarri filosofikoko giza-existentziari buruzko gogoeta sakonak eguneroko gertaera arin eta azalezkoagoekin txandakatzen dira. Hirugarrena da niri gehien gustatu zaidan atala, bizitza eta literatura uztartzeko saiakera egiten delako, hain zuzen, testuarteko aipu aberats ugarietatik abiatutako istorio eta anekdota arras interesgarriez gozatzeko aukera emanez. Azken atala, laugarrena, heriotzari dedikatzen dio egileak: heriotza fisiko zein espiritualari. Erlijioarekin lotura estua duten istorioak dira gehienbat, non narratzaileak maiz katolizismoaren salaketa egiten duen. Amaiera aldera, tonuak dramatismo puntu gorena lortzen du, modu bereziki hunkigarrian gaixotasunaren sufrimendua islatzen den narrazioetan.
Efektu txundigarririk gabeko idazkera nagusitzen da Paper-festa honetan, areago, zenbait kontakizun moldez nahiz edukiz nahiko xaloak direla esan daiteke, baita beste batzuk sentimentalismoan erortzen direla ere. Aldiz, ezin da ukatu egileak baliabide ironikoari etekin handia ateratzen asmatu duela. Esaterako, ironiari paradoxa laztantzerainoko umore ukitua gehiturik, jolas formal honen atzetik azaleratzen den giza-errealitate gordin eta, sarritan, miserablea oreka betean islatzen duenean. Irakurleoi dagokigu idazleak narrazio laburrez jantzitako bizitza biluztea.
Biennale
Beatriz Chivite
Igor Estankona
Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea
Peru Iparragirre
Azala erre
Danele Sarriugarte
Javier Rojo
6012
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Filiala
Sergei Dovlatov
Joannes Jauregi
Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea
Iratxe Esparza
Bihotz handiegia
Eider Rodriguez
Hasier Rekondo
Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau
Javier Rojo
Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen
Peru Iparragirre
Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui
Aritz Galarraga
Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea
Javier Rojo
Zauri Bolodia
Oier Guillan
Aiora Sampedro
Azala erre
Danele Sarriugarte
Joannes Jauregi
Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana
Iratxe Esparza