kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Mendekoste gereziak / Jean Etxepare Landerretxe / Erein, 1991

Garaiari zegozkion bidezidorretan Aritz Galarraga / Argia, 2013-11-03

Batekin aski ez eta bi Jean Etxepare ditugu euskal literaturan. Irakurleon zorionerako, bistan da, bi-biak izan baitira, bakoitza bere garaian, bere zereginean, izen nabarmengarriak. Gure gaurko Etxepare da Landerretxe, “gaztea” ere deitua, ez umore beltz gutxirekin: gazterik hil zelako deitzen zaio hala. Eta gazte hil zen, alajaina, 24 urterekin, bihotzeko eritasunak eramana. Ordurako, ordea, idatzita utzi zituen antzerki lan batzuk, ipuinekin lortu zuen goren gradua. Mendekoste gereziak da azken gintza horren emaitza. 1957tik 1961era bitartean hainbat aldizkaritan ateratakoak sartu zituen Piarres Xarritonek bertan, 1963an, Goiztiri etxean. Guk irakurri dugu 1991n Inazio Mujika Iraolak Ereinerako apailatu ziona.

Eta ez dut liburua hona ekarri haurrentzat diruditen ipuin horiengatik. Nahiz batzuk diren karamelu hutsa: “murru guziak dena zukrea dira, arbola guziak dena xokoleta, fruita guziak dena oñoña”. Nahiz batzuk, azaleko lainotasunaren azpitik, ezkutatzen duten zerbait ilunagoa. Ez dut liburua hona ekarri bukaera aldera dituen artikulu apur horiengatik. Nahiz 68a urrun delarik oraino euskara batua fermuki eskatzeko argitasuna erakusten duten: “Eskuararen batasuna ez badugu egiten, xahu gure eskuara maite”. Ez dut ekarri Baionako zezen-plazako korriden kronikengatik —Luís Miguel Dominguin, “plazatik atera da, gaizoa, oihukatuta eta xistukatuta”—, edo bilduma errematatzeko irakur daitezkeen bi poemengatik —bata, gainera, portugesetik itzulia—.

Liburua hona ekarri dut, batez ere, “Kurutze gorriak”, “Argi-zirrinta”, “Itsas-izarra” bezalako ipuinengatik. Harrapatzen duelako kanpañaren akitzea, hiriaren esklabotza, Ameriketako diru erraza. Esaten digulako, punkien aurretik, etorkizunik ez dagoela, edo egotekotan beltza. “Ardiez, bihiez, aroaz, herriko sortzez, hiltzez eta ezkontzez” baizik ez dakigulako mintzatzen euskaldunok. Egiten duelako inmobilismoaren kontra: “Beti leku berean egoitea ere gibelerat joatea da”; irakurzaletasunaren alde: “ez dute senditu behar norbait katiximatik kanpo oraino katixima egiten ari zaiotela”; gizon-emazte harreman osasuntsuagoaren aldarria: “Sobera maite dut Mayalen haren nagusi izateko”. Ikus zer dioen soldaduez “Kurutze Gorriak” ipuinean. Zer dioen gerlaz “Etxekoak” izenekoan. Zer dioen laborantzaz: “Eskual-Herria ez dutela ote ta iratze zangoek salbatuko”. Xarritonek ere igarri zion.

Eta ekarri dut, ez duelako agian Martin Ugalderen 1961eko Itzailleak haren, generoan lehena, batasun tematiko eta estilistikorik. Baina bai, ipuinak moderno izan nahi zuen hartan, nobedadea ekarri zuelako, eta sartu zuelako generoa garaiari zegozkion bidezidorretan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak