« Isiltasuna urratzeko begirada | Alegia, deus ez! »
Baso ilun itoan / Jabi Santa Cruz / Erein, 2013
Mingarriro eder Igor Estankona / Deia, 2013-10-12
Txoriak argia dira Baso ilun itoan, biktimak denboraren joanean. Blas de Otero Bilboko Uria poesia saria irabazi zien liburu honek, epaimahaia besteak beste osatzen zuten Jon Kortazar, Juanra Madariaga eta Miren Agur Meabek halaxe iritzita. Mundua ederra zeneko mezu lauso bat dakar Jabi Santa Cruzek (Erandio, 1964). Joanaz dihardu. Txori-ehizaren krudeltasunean aurkitzen du erromantikoaren poza: aldapa baten gogortasuna, orbel epela, oihanak iradokitzen duen eternitatea… Heriotzarik ez den lekua dirudi hasieran: “Zoaz, usoa, / zoaz! / Enbor ustel honi besarkaturik / egur bihurtuko naiz, / hosto / luma / printza / lur”.
Lehenengo begi-kolpean txoriak ikusi ditut. Iruditu zaizkit txori batzuk jadanik ez daudenak, eta sinbolizatzen dutenak haurtzaroa, libertadea, beldurra. Sano errealak dira liburu guztiko naturaren irudiak, baina irrealak bihurtzen dira azkenean, urrun eta mingarri. Eta irudi literarioez aparte Iñaki Geijok marraztutako txoriak daude orrialde batzuetan, misteriotsu eta maiestatikoak. Zepoan harrapatutako txindorraren papar gorriarekin hasten da liburua —zuria eta beltza Geijoren ikatz-zirian— eta jarraitzen du nostalgiaren bideetatik, maisuki lortutako giro artegagarri batekin: “Berunezko balatxoaren inpaktuaz / kontatzen ez dakidan eran gozatzen nuen / Jo duzu, jo duzu! / Pikondoaren adar mengeletan barrena / oinpara erortzen zen berderoia / bilin-balanka. / Lurrera orduko / sarritan damututa geunden”.
Hasieran pena hartzen duen umeaz errukitzen gara. Geroxeago damutzen den ehiztaria agertzen da, krudela tiro egitean, leuna hilotza jasotzean. Sano indartsuak begitandu zaizkit lehen poema horiek guztiak: finak dira, baina suntsipena daroate euren baitan. Gero idazlea galdu egiten da joandako denboren oroiminean eta introspekzioan. Diren gauzarik ederrenak ez direnak dira maiz, jadanik ohartuko zinetenez. Gustatu zait esan barik iradokitzen duena, eta natura deskribatzeko duen eskua. Bestalde, heriotza agertzen denean —hirugarren zatitik aurrera sumatzen da usain hori—, poema motel batzuk opatzen dizkigu. Hirugarren zatia Arantza minetan da, eta halaxe ibili naiz ni, tonu ezkorretan galdurik.
Baso ilun itoan astiro irakurtzea merezi duen liburua da. Metafisika berezi bat dario. Jabi Santa Cruzentzat basoa eta bertako hegaztiak, ordokiak eta txoriak, mundu ideala dira. Haiei begira txunditzen da. Haiek akabatzen dituen zibilizazioa, hura da aztertzen duena: “Tiro hotsa laburra ohi da. / Haren oihartzuna, / amaigabea”. Gauzak baino errealagoa da, beraz, natura. Gauzak baino errealagoa eiterik ez duen ametsa.
Hitzen Uberan-en autoreak berak azaltzen du mekanismoa zein den: “Liburu honekin, jadanik desagertu den mundutxo bat berreraikitzen saiatu naiz: haurtzaroan ezagutu nuen ehiza-mundua eta orduko baloreak, paisaiak, jendea… presente izan ditut poema asko idaztean. Ez da nostalgia kontua soilik, gehiago da iraganeko mundu horri erretratu emozionala egitea, omenaldi gisa edo; eta baita ahanzturatik erreskatatzea desagertutako mundu hori”. Eta onartzen du Santa Cruzek idealizazioaren arriskuarekin jokatzen duela: “Ahalegin antzua izanik ere, emaitzak harritzen nau askotan. Ahanzturaren aurrean edozein alternatiba ona da, baita gezurra bera ere”.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez