kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zintzoen saldoan / Jon Alonso / Txalaparta, 2012

Zintzoak lapikora! Iraitz Urkulo / Berton, 2013-07-28

Kepa Pedrotegi euskal sukaldaria hilda agertu da eta Enekoitz Ramirez “Lanbas” (Camembert helburu laneko protagonista bera) jatetxe lapurra hilketa argitzen ahaleginduko da, berari egotz ez diezaioten. Zeregin horretan, zintzoen saldokoak omen diren sukaldaritza kritikari, abokatu eta polizia bat bezalako pertsonaien konpainian ibili beharko da. Horrela labur daiteke Jon Alonsok idatzitako eleberri beltz umoretsuaren argumentua. Baina hari nagusi honek askotan, aitzakia hutsa ez bada, gutxienekoa dirudi, elkarrizketa luzeek, deskribapen xeheek, azalpen konplexuek eta, batez ere, hausnarketa azalezko eta sakonen arteko konbinazio zoragarriak narrazioa etengabe eteten baitute, ekintza bera baino pisu handiagoa eskuratuz hainbatetan. Irakurle tradizionalenek hainbat pasarte bortxatu xamar daudela eta diskurtsoaren erritmoaren etenaldiek tentsio narratiboaren kudeaketarekin lotutako arazoak dakartzatela pentsa dezakete agian, baina nire ustez kontuan hartzekoa da liburu honek fikzioaz gaindi igortzen duen mezua, fikzioaren bitartez bideratzea lortzen duen eta zenbaitetan, onartu beharra dago, istorioari berari gailentzen zaion mezua, hain zuzen.

Testuak sukaldaritzaren aurpegi iluna, atzean gorde duen negozio zikina agerian jartzen du. Inbidia, interesa, botere nahia, gehiegizkoa egoa, esplotazioa, faltsukeria, iruzurra… nahasten dira trama honetan, komunikabide eta administrazioaren axolagabekeria eta, areago, onespenarekin. Era honetan, goi-kulturaz, tradizioz eta berrikuntzaz mozorrotutako fartsa azaleratzen da. Egoeraren absurdua adibide batekin laguntzearren, euskal sukaldaritzaren etorkizuna izatera deitua den Pedrotegiren obsesioa euskal arima esperientzia gastronomiko bihurtzean datza. Sukaldaritzaren izenean, antzezpen sozial, botere-erakustaldi zentzugabe bati etekina ateratzeaz ari gara, hortaz. Ez da harritzekoa, beraz, behin mundu hori barrutik ezaguturik, betidanik gaiztoen bandora lerratua den Lanbasek bere burua lapur sanotzat badu; izan ere, ohiko balio-sistema (zeintzuk diren onak eta zeintzuk txarrak, etab.) hankaz gora jartzeko gai da argumentua, honek euskal sukaldaritzari soilik ez, euskal kultura osoari ere eragiten diola.

Ironia eta umore beltza darabiltza Alonsok gutxi batzuen interes ekonomikoak eta botere-egarriak kutsatutako euskal kulturaren sinbolo gorenak deseraikitzeko. Lanbasen bitartez bizi-filosofia jakin bat aldarrikatzen du boteretik eta boteretsuen berezko legetik aparte, luxu handirik eta bestelako artifiziorik gabea, naturala, xumea, baina aldi berean uneoro onberatasunetik urruntzen dena. Paradoxikoki, Lanbas denetan pertsonaiarik zintzoena bada ere, ez da eleberri honetan “zintzo” deitutakoen artean batere eroso sentitzen. Bizitzan gertatu ohi denez, liburu honetan ere zintzoak ez dira lehen begiratuan diruditen bezain zintzoak, gaiztoak hain gaiztoak ez diren bezala, zenbait kasutan besteon begietara bereiztezinak izateraino.

Akats guztien jabe (lehen orrialdeetako adierazpen matxista-arrazistek eta iritzi arbuiagarri eta moralki gaitzesgarriek argi uzten dutenez), gizaki gisa gorrotatzeko modukoa litzatekeen Lanbas protagonista gisa zinez erakargarria egiten zaigu. Lehen mailako zinikoa izanik, piperra gehitzen dio narrazioari. Apur bat paranoikoa izan daiteke, baina oro har tipo sinpatikoa delako sentipena nagusitzen zaigu irakurleoi, baita jatorra ere, horretarako esfortzurik egin behar gabe eta, batez ere, gardena, sinplea, hau da, tolesdurarik gabekoa.

Azkenik, Lanbasek berak ematen dio ukitu filosofikoa eleberriari. Hasiera batean gogoeta sasi-intelektualak kulturaren kritika gordina egitera zuzenduak badira ere, amaiera hurbildu ahala pertsonaia, ordura arte testuinguru dekadente eta hermetiko batean txertaturik ageri zitzaiguna, gure aurrean biluztu eta bere humanitatea erakusten digu, diskurtsoak existentzialismoa laztantzen duela; izan ere, giza-existentziari buruzko hausnarketa luze batek ixten du liburua.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak