kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Rasputin eta San Petersburgoko gauak / Joxemari Iturralde / Elkar, 2013

Aurpegi eta itzal Iratxe Esnaola / Berria, 2013-06-30

Lapurdiko kosta opor leku edo bizilekutzat izan dutenen artean, Irene Nemirovsky datorkit aurrena burura. Miarritze eta Urruña geraleku eta inspirazio iturri izan zituen idazleak. Hendaian Ene Etchea alokatuko zuen familiarekin batera. Besteren bati Man Ray eta haren pausaleku izan zen Emak Bakia gogoratuko zaio. Miarritzeko La Negresse auzoa da eleberri honen kokaleku lehenengo, errusiarren auzoa gisa ezaguna, Iraultza boltxebike garaian erbesteratutakoek eta haien ondorengoek habitatu zutelako auzunea. Eleberriko narratzaileak kronika bat idatzi nahi du Martin Iturralde osabak kontatuekin. Hark Felix Yussupov printzearen bizitza narratuko dio, zeinak Miarritzeko Baitha Eijerra etxean udaldiak ematen zituen. Aldi berean, printzearen narrazioak ezinbestean Gregori Efimobitx Rasputin ezagunaganaino eramango gaitu. Beraz, Miarritzeko kokalekua aitzakia edo abiapuntu da Errusiako azken tsarrei buruz, Iraultza garaiari buruz eta batez ere Rasputinen bizitzari buruz hitz egiteko. Horretarako baliatu ditu idazleak bi sokamutur. Bata historiako gertakizun eta pertsonek osatua, fideltasunez jarraituz. Bestea, San Petersburgon bizi izan ziren bi zerbitzariren istorioa, Jeanne Munitxa eta Esteban Urtunsaustegiena.

Historiak agintzen duenari jarraiki, 1905ean Nikolai II.a enperadorea eta Alexandra enperatriza San Petersburgoko Neguko Palazioan bizi dira. Alexis Zarevitx seme bakarra hemofilia gaitzak hartu du, eta medikuek deus ezin eginik, Rasputin monje famatuari deitu eta hark medikuek ezin dezaketena konpondu du, tsar-tsarinen begirunea erdietsiz. Rasputin da protagonista gertakizunak bainoago. Hobeto esanda, narratzaileak haren bizitzatik aukeratu dituen pasarteekin zizelkatutako Rasputin. Liburua Ateko Banda bilduman argitaratu da (Batxilergoko ikasleentzat hein batean) ilustrazioz lagundua. Historia ikasteko lagungarri bat begitandu zait, eta horretarako, pertsonaia erakargarri bat atondu nahi izan da. Rasputin sexuzale, parranda eta alkohol gose aseezin moduan aurkezten da, bere zakilarekiko adorazioa lagun (bide batez esan dezadan emakumeak sexuketara gerturatzen diren ia aldi oro badela jarduna zentsuratu eta emakumea gaitzesten duen ahotsik). Bestalde, sendakuntzarako eta erlijiorako dituen joerak ere ezagutzen goaz, baita Errusian barrena hainbat monasteriotan egin bilaketa espiritualak ere. Rasputini erraz dio lagun egiten, beraz, irakurleak, nahiz errepikakor gertatu hein batean haren jardunbidea. Mesede behinena da historia hizki larriz gordean barrena garamatzala, historia liburuen beharrik gabe eta aurpegi konkretu batez. Kaltea, aurpegiak itzal gehiegitxo egiten diola testuinguruko hainbat pasarteri. Esaterako, 1917ko martxoaren 12an lehertuko den iraultzaren aurrekariak, kausak eta arrazoiak apenas dauden adieraziak. Zertzelada dira kaleetan piztu protestak, manifestariak, soldaduen errepresioa, abdikazioaren aldeko garrasiak.

Bigarren sokamuturrak bi pertsonaia asmaturi jaregiten die. Esteban Urtunsaustegi San Petersburgon bizi da zerbitzari, D’Alanbert mediku frantsesarenean. Hor nabarmentzen da garai hartako klase bereizketa, baita jakintza burgestua herri jakintzen gainetik mantentzeko ahalegina ere. Jeanne Munitxa zerbitzariak, berriz, Yussupov printzearen egoitzan dihardu, Frantziako moda eredutzat hartzen duen aristokrazia errusiarra zerbitzatzen. Noblezia eta burgesiaren narrazioei herritik begiratzeko txertatuak direla esango nuke. Aldika funtzionatzen du euren elkarrizketen gatz-piperrak. Ez besteetan, elkarrizketak informazioa sartzeko aitzakia badira. Rasputinen figura “batera” hurbiltzeko eta Errusiako Iraultzaren garaira gerturatzeko narrazioa irakurterraza hauxe.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak