kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Motoa / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 2012

Bekokiko ispilutik, senez Ainara Maia / Gara, 2013-06-30

Lotsatia izateaz aparte, haren buruko hizketa-neuronek besteenek baino mantsoago erreakzionatzen zuten. Eta, irteten zenean, bakarrik eta aspertuta egoten zen, ez baitzuen kuadrilla batean sartzeko jendetasunik.

Irail amaierako egun gozo bateko zaldi mekaniko baten istorioa kontatzen du gazte literaturako ipuin honetako Igor protagonista gazteak. Ez yes eta ez not, baina bai galdurik ibili dela gainerako gazteen artean; hala ere, bere munduan eta moto baten gainean gertatu zaizkion abentura urbanoak kontatu dizkigu idazleak, narratzaileak. Ongi bukatzen den istorio bat, onek gaiztoak garaitzen eta kartzelatzen baitituzte.

Orriz orri abiadura bizian, moto baten gainean bezala, joan naiz letrek eraman nautela. Nerabe baten giroan murgildu naiz, eskolan, parrandan eta familia gatazkatsu batean; azken batean arazoak eduki nahi ez zituen gaztetxo baten arazoek erakarri naute ipuin honetan.

Ez da erraza gaztetxo baten hautua, korrontearen indarrak eramaten zaituenean, gustuko mutilak edo neskak erakartzen zaituenean ez dago balio etikorik. Ez da erraza gaztetxo batek printzipio nobleei eustea, denek beste alde batzuetara tira egiten diotenean. Ez da erraza bide errazari ez ekitea, eta modako kaleko beste gaztetxoak bezala ez jokatzea, eta ez da erraza kuadrillarik gabe bizitzea nerabezaroa. Esaiozue emakume gazte honi hori, kuadrillarik gabe bizitzen ikasi behar izan baitzuen, eta, bakardade horretan bere burua aurkitzen, poesia idazten hasi zen.

Gauza errazak dira korrontearen indarrari men egitea eta gainerakoek egiten dutena egitea; gainerakoak “satorrak” edo “arratoiak” badira, egunero eta gauero kale-kantoietan eta taberna-zuloetan egoten direlako, nahiz eta gustuko gauza ez izan, norbera ere han egotea “normalena” da, ala?

Hala ere, kosta ahala kosta, gure istorioko protagonista gazteak eutsi egiten dio bera izateari eta alde batetik bestera jauzika dabil motoan, amildegiaren ertzean, arratoien zuloan erortzeko zorian egon arren, katagorrien gisa bizitzea erabakitzen du; berezia da mutila, baina libre izan nahi du. Urtxintxak oihanean bezala jauzika… Bekokiko ispilutik zeharka begiratzeko ausardia du gazteak, eta, senez jokatzeagatik, asko sufrituko du. Baina horrek egoera pertsonala eta familiartekoa zein lagunartekoa hobetzen lagunduko dio, baita herria salbatzen ere.

Ipuin honen irakurle gaztea zein ez horren gaztea identifikaturik sentituko da berehala protagonistarekin, hark duen izaera bereziak erakarrita, eta irakurlea gaztea izanik, zer pentsatua emango dio norbere bizitzari buruz: gainerakoen gisakoa izan nahi dut ala benetan naizena erakutsi? Bide erraza ala zaila hautatu?

Horrela ibili behar duzue bizitza honetan, erabakiak hartuz, gazteok, eta elkarri lagunduz, horixe aitonaren aholkua; bizitza sator bat bezala bizi daiteke, edo katagorri bat bezala, baina ez sator, ez arratoi; katagorri izan behar duzue. Hori azaltzen da Igerabideren ipuinaren ikaskizun.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak