kritiken hemeroteka

7.001 kritika

Azken kritikak

« | »

Versus / Karlos Linazasoro / Elkar, 2013

Ni naufrago Iratxe Esnaola / Berria, 2013-06-16

Uharte kaskar bat, naufrago bakarra. Nola hesitu gehiago eszena? Karlos Linazasororen testuak atsegin ditut. Zehatz, labur eta esparru estu. Berriki, David Vann-en Sukkwan Irla aipatzen genuen orriotan, aita-semeen harreman bortxazkoa uharte bakarti batean. Gaurko protagonistak, aldiz, Versus naufragoak, palmondo bakarra du lagun, Triciclek famatu zigun isla hartan bezalaxe. XVIII. mendeko Robinson Crusoe oroitaraz badezake ere aurren-aurrena, ez da bizirik irauteko istorio bat hau, ez behintzat, zentzu materialean (itsasoak dakarzkio beharrezko dituen hornigaiak Versusi) eta bizirik irautea bermatua izateak naufragoaren barrukoei so jartzeko aukera dakar berarekin. Simil errazean erortzeko tentazioari men eginda esango dut uhartea Versusen baitako lurraldea dela, non, bestalde, ez guk ez narratzaileak ezingo dugun muturra erabat sartu. Narratzaileak jolas egiten du barnera ezintasun horrekin; gerturatzen gaitu, baina inoiz ez muineraino (muina jotzeko ezintasuna iradokiz, apika), eta gauza bat esan eta berehala ezeztatzen du hala nahi badu, kontradikziozko baieztapenak eginez apetak hala agintzen dionean. Versusekiko eginbehar bakarra du: isilik ez geratu, narratu.

99 testutxo orri bakarrekok osatzen dute naufragoaren egunerokoa. Idazkiz idazki goaz ezagutuz bere iraganeko atalak itsaso-zeruek jaulkitzen erakusten iradokitzen dizkiotenekin elkar eraginean, baita naufragioaren nolakoa, etorkizuneko desirak eta kezka-zalantzak, beldur-desirak, esperantza eta fede amiltzeak. Samurtasuna krudeltasunarekin gurutzatzen da bakardadearen gordintasunean. Sexualitate eta gorputzaren aipamenak ez dira ekiditen. Baina naufrago honen bereizgarririk behinena narratzailearen ardurarekin lotua dago, narratzearen abenturak bizirik irauten baitu bera. Hitza, hizkuntza, kontakizuna, izendatzeko beharra, poema, gutuna, nobela, testuen memoria… Horiexek asebetetzen dute Versus sakonen, horiexek ditu bakardadearen helduleku gotorren. Nahierara eta eroso maneiatzen dituzte erreferentziak bai narratzaileak, bai naufragoak. Izan Greziako testu eta mitoak, izan literaturak uharte zein itsaso sagetan emandako narrazioak, berdin XIX. eta XX. mendeetako poeta eta narratzaileak edo Itun Zaharra. Ukendu, lasaitu, atsegin leku ditu naufragoak denak. Eta irakurleak, berriz, uharte bakartutik hegaldatzeko arnas eder. Horrek ez du esan nahi Versusen pairamena so egiteko behatxuloa ukatzen zaigunik. Ez gutxitan, uhartetik irten ahal izateko bere fede esperantza balantzan ikusiko dugu, heriotzaren tentaziopean ere. Erantzun ezen min eta den guztiaren ezdeustasunean, makalaldian, tremendismo eta larritasun neurriz gainekorik gabe iradokitzen zaigu naufragoaren ezdeus ezina gure ispilu dela. Naufrago bat gu bakoitzeko. Eta ideia bat. Bakardadea aldamenean beste gizakirik eduki gabe ezin kita. Eta bi fede, hortaz. Fedea lagunagan eta fedea hitzagan.

Beti bada hitz berririk ikasteko egile tolosarraren konpainian, bada hitzen aukeraketan eta hurrenkeran zer erreparaturik, baita figura erretorikoen peskizan aritzerik. Narrazioaren erdira heldu aurretxoan, eta testuen batuketa-errenkada dela medio, faltan sumatzen hasi naiz hasiera-korapilo-amaiera egitura klasikoa, amaierara eramango ninduen askaera baten desiran. Ez da halakorik. Alde erantzira, naufragoaren naufrago patua azpimarratzeko atalen batuketa inora ezkoa baliatzen delakoan nago. Esanen nuke zabalera amarra gabe ekite horrexek eragiten duela liburuko klimaxa.

Azken kritikak

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Aiora Sampedro

Badena dena da
Patxi Zabaleta

Amaia Serrano Mariezkurrena

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Estibalitz Ezkerra

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Alex Uriarte

L.A.A.
Maixa Zugasti

Ibon Egaña

Duchampen inguma
Eric Dicharry

Javier Rojo

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak