kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Abuztuaren 15eko bazkalondoa / Joxe Austin Arrieta / GAK, 1979

Abuztuaren 15eko bazkalondoa Asier Sarasua / Eibartik, 2013-05-22

1965. urteko abuztuaren 15a da, Ama Birjina Abuztukoaren eguna. Donostiako alde zaharreko etxe batean familia bildu da bazkaltzeko: 16 urteko seminarista gaztea, bere gurasoak eta arrebak. Egun sargori horretako bazkalondoan kontu-kontari dabiltza senideak eta, bitartean, gazte protagonistaren bizitza ezagutuko dugu, memoriaren joan-etorriak aprobetxatuz.

Egitura eta antolaketa erabat zatikatua du eleberriak. Gaztearen memoriak etengabe egiten du denboran atzera-aurrera eta, horrela, mutikoaren umezaroa eta nerabezaroa ere ezagutuko ditugu, 1950-1965 bitarteko gerra osteko Donostia eta garaiko bizimodua. Lejieroaren zaldiaren joan-etorriak alderdi zaharrean, aitaren gerrako istorioak, amaren bizitza gogorra, garaiko errepresio politiko eta kulturala… eta batez ere giro erlijioso itogarria.

Esan bezala, idazleak aurrera eta atzera eramango gaitu, kontakizun jarraia baino, adabakiz jositako uneak marraztuz eta irudikatuz (Marséren Si te dicen que caí irakurri baduzue, ulertuko duzue zer esan gura dudan). Zatika, txatalka…, udako bazkalondo sargori batean memoriak funtzionatzen duen modu beretsuan. Gainera, narratzaile eta ahots-estilo ezberdinak txertatzen dira kontakizunean, orain 1. pertsona, orain 2. edo 3. Horrela esanda, balirudike anabasa samarra gerta daitekeela, baina esango nuke idazleak menderatu egiten duela teknika, eta ez alderantziz.

Idazkera eta lexiko aldetik ere landua (are barrokoa) darabil Jose Austin Arrietak eleberrian; nire gustutik urruti samar, eta hala ere ez zait nekagarri egin, dastatu ere egin dut sarri.

Ondorengoa aurkitu dut 1979ko iruzkin batean: “Gogorazio hauen burutaratzeak, joateak, itzultzeak eta elkarren artean trabatzeak harrigarriki emanak daude. (…) Nobela-estruktura mota hau “Ulises”ean introduzitu zenetik honerako arrunta bihurtu baldin bada ere, ez da inondik ere mekanikoa gertatzen, benetako egiatasunezkoa baizik. Egiatasun hori egilearen maisutasun literarioak lortu du. (…) Eta badakit orain esango dudana haundia dela baina konbentzitua nago ez dudana esageratzen: ez dut uste halako anbizio eta halako fakultateak erakusten dituen nobelarik idatzi izan denik, euskaraz”.

Ez dakit horrenbesterakoa ote den; euskal literaturak 35 urtean eman dituen urrats sendoek beste ikuspegi bat emango digute gaur egun, jakina. Baina niri ere benetan meritu handikoa iruditu zait 1977an horrelako zeozer idatzi izana, aurretik euskarazko ia eredurik izan gabe. 1979an GAKek argitaratua, edizio hori agortuta dago, noski, baina Elkar-en 1985. urteko berrargitalpena lortu daiteke (iruditu zaidanez, jatorrizko grafia gordeta; “hauzo”, “hestu”, “ohizko” eta abarrez apaindua; agian, 85ekoak ere badira horiek).

Liburuak bi atal nagusi ditu, lehenengo 5 kapituluetan familiak leku handiagoa du, gurasoen bizitzak eta memoriak… Hurrengo bostetan protagonista bera da pertsonaia nagusia eta erlijio gaiek hartzen dute ardatza. Askoz gehiago gustatu zait lehenengoa (eta, beharbada, horregatik ez dit liburuak zapore erabat gozoa utzi). Baina gustatu zait, bai. Euskal literaturaren lehen urteetako pitxi ezkutu horietako bat.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak