kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Azukrea belazeetan / Inazio Mujika Iraola / Erein, 1987

Azukrea belazeetan Asier Sarasua / Eibartik, 2012-04-22

Klasiko bat, Inazio Mujika Iraolak (Donostia, 1963) 1987an argitaratutakoa eta hainbat berrargitalpen izan dituena harrezkero. Nik neuk ere aspaldi neukan etxean (1999ko edizioan), baina ez nuen astirik hartzen irakurtzeko. Aurten fakultatean “derrigortu” nauten arte. Liburu zoragarria da, euskal narratibagintzan ezohiko gai eta atmosfera duena. Are gehiago, idazleak orduan zuen adina jakinik (20 urterekin idatzi zuen bilduma honetako lehena eta 24 urterekin argitaratu).

Liburua irakurtzen ari nintzela bi irudi etortzen zitzaizkidan burura, etengabe. Batetik Twin Peaks telesail amerikarra, misterio-giro ezin pertsonalagoa lortu zuen telesaila; bestetik, Puerto Urracon (Badajoz) 1990ean gertatutako sarraskia, Espainia beltzaren irudi bilakatu zena. Izan ere, ipuin-bilduma beltza da hau. Heriotzak, misterioak eta terralak ilundutako pasadizoz betetako bilduma paregabea, euskal literaturan antzeko atmosfera lortu duen bakarretakoa. Terrala etengabe; terralak irentsitako paisaia. Ez da liburu erraza, baina behin atmosferan murgilduta, ezinezko egiten zaizu bertatik askatzea.

Beltza eta heriotzez josia (ipuin guztietan baitago heriotzen bat edo antzeko gertakizun latzen bat kontakizunaren erdigunean), baina tremendismorik gabe eta oso modu zolian kontatuta. Izan ere, bilduma honetan, idazleak lortzen duen atmosfera eta ipuinetan darabilen kontatzeko teknika dira ororen gainetik gailentzen direnak. Baserri giroan eta euskal herri txiki euskaldun batean girotuta, baina ohiko diren idealizazioetatik erabat urrunduz, euskal baserri giro bukolikotik erabat urruti. Arruntak ez diren pasarteak eta kontakizunak ehunduz, baina erabat sinesgarri eginez. Horretarako teknikak ezin hobeto erabiliz. Tonu fantastikoa ere agertuko zaigu tarteka, keinuka, baina errealismoa nagusitzen zaio beti. Juan Rulforen lanekin alderatu izan dute, bai Gorka Bereziartuak, zein Xabier Mendigurenek edo Mari Jose Olaziregik.

Izenik aipatzen ez den arren, Tolosa-Albiztur inguruan kokatuta daude ipuin guztiak eta XX. mende erdialdean, gutxi gorabehera (gehienetan datarik ere aipatzen ez den arren). Mujika Iraola donostiarra da, baina baserriko giroa ezagun zaio, zalantza izpirik gabe. Ezin hobeto deskribatzen ditu garai bateko giroa eta bizimodua, pentsaera eta sineskerak. Transmisio luze bateko oinordeko da idazlea; guraso eta arbaso zaharrenetatik edaten du. “Azukrea belazeetan. Izenburu arraro horren baitan elurraren metafora dago, eta, elurraren baitan, nire lehen aberriarena: haurtzaroa” aitortzen du egileak.

Hamaika ipuin biltzen ditu liburuak, guztiak ederrak, eta batzuk are ederragoak, esate baterako,”Terralez bilduak”, “Begiak zabalik”, “Sagasti gazte, sagasti zuri”, “Mila bederatziehun eta hogeita hamasei” edo “Regina”.

Atxagaren Obabakoak eta Sarrionandiaren Narrazioak liburuen alboan beste ipuin liburu bat jartzekotan, dudarik ez, Inazio Mujikaren Azukrea belazeetan da liburu hori. Halaxe irakurri dut nonbaiten. Eta talde horretarako laugarren hautagai bat ere badut, Pello Lizarralderen Sargori.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak