kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe / Susa, 2013

Autofikzioko nobela lirikoa Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-05-12

Miren Agur Meabek narratibari heldu dio Kristalezko begi bat lanarekin, eta, poesian bezala, sentimenduak izan ditu jopuntuan.

Nobelaren hasierako hiru aipuek klabe bana aurreratzen digute: kristalezko begia (Meaberen identitate marka eta bizitzako galeren sinboloa), maitasuna eta fikzioa. Hiru osagai horiez gain, nobelak bi euskarri nagusi ditu: lirikoa izatea eta autofikziozkoa izatea.

Nobela lirikoaren osagai nagusiak ditu testuak. Pertsonaiaren barne-garapena garrantzitsuagoa da ekintzak baino, eta estatikotasuna nagusitzen da: protagonista konplexua da, kontraesankorra, eta bere sentimenduak sakon adieraziak daude (alde horretatik aipagarria, adibidez, Mamografia batek…atala). Barne-bizitza horren berri pertsonaiak berak ematen du aitorpen tonuan: hain zuzen, testuak koaderno edo eguneroko pertsonala ematen du, eta itxura hori areagotu egiten dute zatikatua izateak eta atal batzuen amaierako ohar pertsonalek. Denbora subjektiboa da kronologikoa beharrean, eta espazioak intimoak dira, barne-bizitzarekin lotura zuzena dutenak: Landetan kokatutako etxea, itsasertza, lorategia, eta abar.

Teknikoki irudia dotore baliatzen du idazleak, esanguraz beteriko bisualtasuna landuz. Horrez gain, hizkera konnotatiboa eta sinbolikoa da; pentsatuko duzunez, begia da elementu klabe bat: “kristalezko ispilu” gisa, identitateari eta autobehaketari loturiko elementua da (Ispilua atalean ikus daiteke). Sexuak ere garrantzia handia du, eta baita gorputzak ere, inguratzen gaituenaren eta barrukoaren arteko muga fisikoa delako: horregatik dute toki berezia pertzepzioak eta sentsorialtasunak (oso plastikoa da, adibidez, barne-minen sailkapena: solidoa, ukabilkada eta atzaparrarena).

Ezaugarriok zedarritzen dute nobela hasieratik bukaerara, eta giroak oso ongi harrapatzen du irakurlea. Lirika menperatu egiten du Meabek, eta badaki horren araberakoa dela “testu hau atzenean botatzen ari den hatsa”.

Esan behar da hats hori ez dela beti liluratzekoa: izan ere, giroaren intentsitatea nahikoa ez denean, nobelak behera egiten du. Inork esango du oker nabilela nobelari lirikotasuna eskatuz. Esango nuke, ordea, testuan ikusten dela lirikoegia izateko beldurra. Horrek esplika ditzake begiari buruzko atalak, kontrastea egiteko hizkera tekniko eta hotzean emanak; horregatik, zenbait gertaera, anekdota gisa gera daitezkeenak (senegaldarrarekin kafea hartzea, kasu); horregatik, narratzailearen autokontzientzia eta bere estiloa etengabe zalantzan jartzea. Aldiz, intentsitate liriko handia duten uneak distiratsuak dira: Minaren aldakiak, Aho biko aiztoak, One star, eta abar.

Beste euskarri funtsezkoa autofikzioa da. Egiazki, genero autobiografikotik oso gertu dago, testuak iradoki nahi duena ez baita zalantza eta engainua, baizik biluztea eta egiantzekotasuna (gezurra izanik ere). Gainera, Meaberen kasuan autofikzioak osagai bat eransten du: metaliteratura eta metaidazketa, protagonista idazlea baita. Narratzaileak txispa ateratzen dio faktore horri, autoerreferentziak eginez, irakurleari mintzatuz, eta bere tonu “kurtsia”-rekiko kontzientzia adieraziz (ironiarekin bainoago, begirada autokritiko zorrotzez). Halere, egia da une batzuetan argibide askotxo ematen dela liburuaren idazketari buruz. Batez ere, bukaeran ikusi dut hori, Torloju edo ardatz eta Nahiz eta… atal ederren ondoren, azken kapitulua liburuaren idazketari buruzkoa delako.

Azken batean, obra ederra da Meaberena: sortzen duen giroak, sentimenduen lanketak eta hainbat atal gorenek nabarmentzeko obra bihurtzen dute. Irakurtzekoa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak