kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ludi honen bestaldez / Lauaxeta / Labayru, 2013

Mila aldiz bisitatua Igor Estankona / Deia, 2013-05-04

Mila aldiz bisitatuko dugu Esteban Urkiaga Lauaxetaren ekarpen poetikoa, eta mila aldiz txundituko gaitu, orain bere xalotasun eta santutasun arean irrigarriak, gero bere finezia hogeigarren mendekoak. Olerkariaren lanik mardulena biltzen duen edizio berri bat argitaratu du Labayruk BBK-rekin batera, Sutondoan bilduman, Euskaltzaindiarekiko hitzarmen baten harira. Bide barrijak eta Arrats beran goza ditzakegu berriro, eta baita azken orduko pieza batzuk ere, espetxekoak: “Agur, Euskadi, Jaunak naroa / Aberri eder argira”.

Neologismoen eta termino garbizaleen gaitzaz oharturik, zein aditz trinko zenbait ulertzeko, eranskin erabilgarri bat dauka liburuak azken orrietan, hiztegi labur baten antzera. Sebas Gartzia, Xabier Boveda, Alberto Errazti, Anton Mari Aldekoa-Otalora eta Adolfo Arejitak gaurko begientzako orraztu ei dituzte poemak, bai grafiaz bai puntuazioz. Nago, ordea, ez dela beharrezkoa izan kasu askotan beharleku hori hartzea, ez baitakarkio ezer berririk gaur eguneko irakurle euskaldun alfabetatu eta kultuari, eta galdu ere galdu egiten baita sonoritatea eta, zer esanik ez, autentikotasuna: Agur, Euzkadi!-k ez dauka zerikusirik liburuko Agur, Euskadi!-rekin, nire ustez. Nik ez nukeen lanik hartuko eginda dagoena ez dakit norentzat egiten, esanda dagoena ez dakit nori errepikatzen.

Lauaxetari buruz sarrera Koldo Izagirrek egin zuen. XX. mendeko poesia kaiera gogoangarrietan, esan zuenean, esan zuenez: “Aberrigintza omen zelako irten zen Lauaxeta inspirazioaren bila, itxuraz. Baina poeta izan gabe, edo bokazioz hala izan gabe, poesiaren mekanika ez ezik haren edertasuna atzeman eta zabaltzeko gai izan zen. Poesiak kutsatu egin zuen, eta hala ageri zaigu Lauaxeta zorionez kontradiktorio bat: katolikotasun probintzianoa osoro gainditzen ez duen arren sentsualtasun mistikoaren zale, hiriko azpimunduari hastio dion hedonista, Gexorik nago hasperen eginez malenkoniatsu biziagatik Itsasora!dei egiten duen abertzale… Sabinianoa da eta Baudelaire maite du. Lauaxetaez da nazionalismoaren abaroan gizendu nahi duen mediokritate bat, Lauaxetak amateurismoaren aurkako borroka abiatzen du, eta horren ondorio da bere bigarren poemategia, Arrats-beran, gure aurreneko balada modernoa. Ofizioko lehen idazlea dugu, Europako lankideen duintasun literario berdinean bizi dena. Euskarak euskaldun mundutarra elikatzen du estreinakoz Lauaxetari esker”.

Liburuak balio izan dit beraz ikusteko gizakiak zelan egiten dituen ahaleginak behin eta berriro eginda dagoena errepikatzeko. Eta hutsalak izan dira oraingoan ahaleginok gainera. Laukizgoa irakurtzea plazera da beti, ostera, eta horrela kontsolatzen naiz. Guda garaian zeregin guztiak utzi eta Euskal Gudarostean sartu zen hark ze emozioz idazten zuen berriro sentitzearren murgildu naiz ur hauetan. 1937ko apirilaren 26an junker alemaniarrek Gernika bonbardatu zuten, 29an La Petite Gironde egunkariko Georges Perniard kazetariari lagundu zion Lauaxetak bertara. Arratsaldean faxistek atxilotu eta Gasteizko espetxera eraman zuten. Heriotza zigorra ezarri eta urte hartako ekainaren 25ean fusilatu zuten. George L. Steer-ek esan behar izan zuen, Gernika faxistek bonbardatu zutela. Eta heriotzaren zain zegoen artean idatzi zuen aipatu dugun oihu isil, otoitz antzeko hori: “Agur, Euzkadi, Jaunak naroa / Aberri eder argira. / Neure negarrak jarion neuzan / zeure mendiai begira”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak