kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe / Susa, 2013

Kristalezko begi bat Lander Garro / Berria, 2013-04-14

Nire aurrean daukat hemen inoiz aipatu dudan Steve Tesich zenaren Karoo liburua. Karoo izeneko zinema gidoilari amerikar baten kontakizuna dakar liburuak, labur esateko. Pertsonaia nagusiaren disekzioa eskaintzen digu, eta, Letek esango lukeen bezala, “gauza ilun guztien arrazoi gordeak”. Zeren eta gizonak bai baitauka nortasun bat, karaktere esaten duguna, baina batez ere mundu ezkutu bat, inork ikusten ez duena eta seguruen berak ere ez. Batzuetan gertatzen da pertsonaia bati buruzko nobela batean hasieran baino gutxiago dakigula amaieran, paradoxikoa bada ere. Zeren eta hasieran pentsatzen baitugu pertsonaia sinplea izango dela, besteez oro har hori pentsatzeko joera izaten dugunez, baina pertsonaiaren konplexutasuna azaltzen hasten denean jabetzen gara geroz eta gauza gehiago jakin orduan eta nahasiago ageri zaigula.

Agian idazle kaskarra naizelako izango da, edo mugatua behintzat, baina halako pertsonaiekin topo egiten dudanean beti pentsatzen dut idazlearen alter ego baten aurrean nagoela, zaila baitzait irudikatzea inork halako konplexutasuna eraiki dezakeenik, halako konplexutasun baten jabe izan gabe. Ez da morbo kontua, berdin zait liburuan agertzen diren pasadizoak benetan gertatuak edo zeharo asmatuak diren (denetarik egongo da noski), baina zaila da idazlearentzat liburu on bat irakurtzea liburuaren arkitektura ikertzeko tentazioari amore eman gabe; “Nola egin du?”, dabilkio etengabe idazleari buruan. Idatzi duen edonork aski ongi daki, izan ere, pertsonaia sortzea dela gauza orotan zailena. Ez naiz zailenetakoa esaten ari, zailena esaten ari naiz.

Idazleak bere bizitzaren zakutik hartzen du sura botatzeko ikatza, ez dugu ezer asmatzen hori esaten dugunean. Baina geure bizitzan gu gaude, eta baita geure ingurukoak. Edozein izan liteke pertsonaia on bat: gu geu bezala, egunkarian agertutako norbait, edo bizilaguna, edo lehengusua bestela. Ehizan dabil idazlea beti, eta ez du pieza on bat erraz alde egiten utziko. Gertatzen dena da besteen arrazoiak beti direla lausoak, lausoegiak, eta besteen bizitzaz idazten hasi orduko beti konturatzen garela zinez zein gutxi dakigun besteen motibazioez, eta horrek, ezinbestean, gutaz hitz egitea garamatza, estrapolazio bidez bada ere. Alegia, Napoleonez idazten hasten garela eta amaitzen dugula Napoleon gure arimaz janzten, edo aldrebes, geure arima Napoleonez. Gauza bera dira, finean.

Horregatik maitatu dut Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat. Liburuaren premisak bi dira: zintzotasuna eta estiloa. Idazleak badaki zer kontatu behar duen, ezin hobeto ezagutzen du gaia (Madame Bovary, c’est moi), eta ezagutzen du idazle ofizioa. Baten batek esango du ez dela asko behar idazle izateko, baina bi ezaugarriok oso zailak dira, zeren zintzotasuna ez dauka ia inork (gure literaturaren gaitz handienetako bat, handiena ez bada, horixe da: pudorea), eta estiloa ezta ere.

Niri bost axola zait (esateko modu bat da) Miren Agurrek kristalezko begia duen edo kristalezko begiarena asmakizuna den, liburuan berdin funtzionatzen duelako ongi. Kontua ez baita hau edo beste edukitzea, ez bada hori literatura bilakatzen jakitea.

Arazoa da kazetariak behin eta berriz hasiko zaizkiola galdetzen zenbat du liburuak berezkotik, eta Miren Agur jarriko dute liburuan nekez kontatu duena aurrez-aurre kontatzeko trantze penagarrian, eta gainerako idazleak streptease-a ikusirik, zintzotasunetik are eta gehiago urrunduko dituztela. Hori gertatzen da beti: liburu mordo bat zapuztu da kazetarien diskrezio falta erabatekoaren erruz. Kazetariak ez baitu ulertzen idazleak bere bizitza literatura bilakatzeko konpromisoa hartzen duen unean bertan uzten diola beraz hitz egiteari, ariketa ezinezkoa dirudien arren. Eta hitz egiteko aukera ematen dion distantzia horretatik bakarrik lortzen du pastitxe soila izango litzakeena arte lan bilakatzea.

Baina ez diegu kazetariei ezinezkorik eskatuko. Eta idazleok, beldurturik, ezagutzen ez dugunaz hitz egiten jarraituko dugu. Liburu kaskarrak idazten alegia.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak