kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Jan Dabrowski / Txomin Peillen / Utriusque Vasconiae, 2012

Odisea poloniarra Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-03-31

Euskal letretan beteranoa da Txomin Peillen, 1967an kaleratu baitzuen bere lehen nobela, eta orduz gero hainbat motatako lanak idatzi ditu. Bi liburu eman ditu argitara pasa den urtean. Bata adiskide izan zuen Jon Miranderi buruzko saiakera da: Jon Mirande, olerkaria (Euskaltzaindiak argitaratua). Bigarrena, berriz, nobela da: Jan Dabrowski.

Gazterik idazten hasi arren baztertua zeukan istorioa berrartu eta amaitu du Peillenek. Funtsean abenturazko nobela dela esan daiteke: protagonista nagusiek (Jan Dabrowskik eta bere semeak) Europan zehar bidaiatzen dute bizi berriari ekiteko asmoz. Nobela Tadeusz semearen desagerpenarekin hasten da. Jatorri poloniarra duten gurasoak eta semea Parisen bizi dira, baina desagerpen horrek dena aldatuko du. Konturatzerako hirurak daude sekta batean preso eta handik ihes egitea lortzen dutenean, aita-semeek Poloniara, sorterrira joko dute. Abentura hau (liluraturik preso geratzea, etxerako itzulera, eta abar) bidaia homerikoa bailitzan ere irakur daiteke.

Bestalde, aipagarria da pertsonaiak eurak mintzo direla nobelan. Lehen kapitulutik banaka-banaka aurkezten zaizkio irakurleari, modu dramatikoan (antzerki itxurarekin) gainera: “Dabrowski dut izena”, dio nobelaren lehen esaldiak, “Atezaindegi ilun eta heze batean bizi gara”. Oro har, gutxi sakontzen da pertsonaien izaeran eta momenturen batean duten funtzioak definitzen ditu (Patrick, Gantxoa, Andrzej, eta abar). Salbuespena aita-semeak dira, batez ere Jan Dabrowski bera, hari nagusia bere inguruan bilbatzen denez gero.

Abenturazko nobela izanik eta hizkera freskoa lagun, irakurketa azkarra ahalbidetzen du testuak. Alabaina, badira bi luzapen, bi une non narrazioa nolabait gelditzen den. Lehenengoa Jan Dabrowski Eguzki Semeen sektara iristen denean gertatzen da. Xehetasun asko ematen da kontuari buruz eta nobelak hasieran hartzen duen abiadura bat-batean gelditzen da. Bigarren pausaldia amaieran dago: badaude bost kapitulu teoria askotxo dutenak. Kapitulu horietan istorioak nekez egiten du aurrera eta politikari, historiari eta gizarteari buruzko gogoetak nagusitzen dira. Esan behar da gogoeta oso interesgarriak direla, batez ere Poloniako gizarteaz eta historiaz ari delako eta gaiok bazter hauetan ez direlako usu aurkitzen. Baina, aldi berean, nago istorio nagusiarentzat geldialdia luzexkoa egiten ote den.

Alde horretatik batasuna falta zaio nobelari: esango nuke tonu eta erritmo aldaketa horiek (abiadura ematen duten elipsiak alde batetik, eta luzapen eta geldialdiak bestetik) ez dutela ongi funtzionatzen. Irudi lezake bi liburu daudela batean: tesi nobela oso interesgarri bat, gizarte jakin baten irudi konplexua eskaintzen duena, eta abenturazko nobela bat, momentu teoriko horietan indarra galtzen duena.

Ihesaren eta sektaren inguruko abenturak aparteko berezitasunik ez duen arren, Poloniako egoerari buruzko atala berritzailea da. Herrialdearekiko hurbilpena konplexua eta kritikoa da eta, oinarrian Poloniako errealitatea egonik ere, prisma orokorrago baten bitartez begiratu daitezkeen gaiak jorratzen dira: komunismoa, konkista, askapena, emigrazioa, industriaren garapena, ekologia, kolonialismoa, eta abar. Hainbat gai, emigrazioa eta itzulera esaterako, euskal kontestura ere erraz ekar daitezke. Areago, zilegi da analogiaz interpretatzea testuan agerikoa den naturaren eta baserriko bizitzaren goraipamena edota amaiera ezin erromantikoagoa (“orain mendia dut ahaide bakarra”).

Azken batean, ezin esan nobela borobila denik. Alta, bere alde du Ekialdeko Europaz sortzen duen irudia.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak