kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe / Susa, 2013

Kristalezko ispilua Ibon Egaña / Deia, 2013-03-23

Norbere burua eta bizitza literaturarako lehengai hartzen duen sorkuntza esparru gero eta hedatuagoan leku berezia aldarrikatzera dator Miren Agur Meaberen narratiba-lan berria. Zaurian hatza sartu eta min propioa material literario bihurtzen duen narrazioa dakargu, betiere asmo estetikoari muzinik egin gabe. M. maitalea utzi osteko mina da Kristalezko begi bat narrazioaren motorra. Miren Agur Meabe izeneko narratzaileak harekin apurtu eta hilabete gutxira, Vieux-Boucaun egindako egonaldian idatzitakoa da kontakizun laburra. Ez da, ordea, Landetako egonaldiaren kronika, ezpada bizitza-txatalez osaturiko mosaikoa, edo idazlearen hitzetan esateko, kristalezko ispilu bat, “markoa patchwork estilora egina” duena.

Testu-aniztasun horri batasuna ematen ahalegindu da Meabe, formari arreta emanda. Kristalezko begia du idazleak, eta horixe baliatu du leitmotiv gisa, aldika saio-kutsuko kapitulu laburrak eskainiz kristalezko begiarekin bizitzeari, haren historiari, ebakuntza-prozesuari… Erauztearen eta galeraren metafora errepikatua da kristalezko begiarena, zenbaitetan ongi funtzionatzen duena, baina, nire ustez, ez beti (irakurketa metaforikorik ez duten ataletan, esaterako). Haatik, bilaketa formalak ez dira horretara mugatzen: aldika errepikatzen diren elementuek (Janis txoria, auzokideak…) edo tipografiarekin egindako jolasek hari fin-finen funtzioa jokatzen dute, testuari koherentzia emanez.

Irakurle gehienengana “azalaren kodea” aldarrikatuz heldu zen idazleak narratiba-lan honetan ere azalaren eta, zehatzago, gorputzaren kodea eta hizkuntza baliatzen ditu: mamografia, menopausia, klimaterioa, edo atzaparrek urdailean egiten duten mina. Gorputza mintzo da maiz orri hauetan, baina horrekin batera, Meabe idazlearen ahotsa ere ozen aditzen da, eta horixe da liburu honen balio behinenetakoa: bi kode horien uztarketa (gorputzarena eta idazlearena). Izan ere, zauritik sortutako idazketarekin batera, fikzioari, idazteari buruzko gogoeta, hots, metafikzioa, konstantea da orriotan. Batetik, idazketaren gaineko gogoetek idatzitakoaren eta bizitakoaren gainean distantzia eta arnasa hartzeko parada ematen diote egileari (“jakitun naiz egiten ari naizenaz. Minari aztarrika nabil, etekina atera guran”). Hala, fikzioaren eta idazletzaren inguruko gogoetak ugariak eta interesgarriak dira, erreferentzia aberatsez hornituak. Bestetik, gainera, irakurlearekin jolas egiteko, haren aurreikuspenak kolokan jartzeko eta fikzioaren mugekin esperimentatzeko ere baliatzen du metafikzioa egileak. Era berean, hainbat hizkuntza erregistroren konbinazioari ere etekin estetikoa ateratzen trebe ibili da Meabe. Hizkera-erregistro mediko-zientifikoak (oftalmia sinpatikoa, hidroxiapatita) lexiko familiar, intimoarekin egiten du talka (Meibi, etxeko zaharrak); eta kontagai denaren gordintasunak Meaberen estilo garatu, zenbaitetan lirikoarekin sortzen du kontrastea.

Nik neuk narrazioari tarte gehixeago eskaini ez izana bota dut faltan, eta inpresioa dut batzuetan azkarregi egiten dela kontatzetik kontatutakoaren gaineko hausnarketarako jauzia. Aitzitik, bereziki estimatzen diot liburuari, ausardiarekin batera, material gordin eta pertsonal batetik literatura egiteko prozesuaren erradiografia hain zorrotza eskaini izana.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak