kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lehenago zen berandu / Arantxa Iturbe / Alberdania, 1995

Hau ere esnetsu eta zopatsua Aritz Galarraga / Argia, 2013-03-24

Literatur lanen zerrenda mehe baten jabe da Arantxa Iturbe. Agian irratiari eskaintzen dizkiolako ordurik behinenak —arratsaldero aritzen zaigu, aste barruan, euskarazko irrati publikoan—. Agian zutabegintzari ematen dizkiolako ordurik libreenak —igandero argitaratzen du artikulu bat, euskarazko egunkari bakarrean—. Eta, hala ere, literatur lanen zerrenda mehe baten jabe da Arantxa Iturbe. Mehea izanagatik ere, literatur lanen zerrenda interesgarri baten jabe.

1992koa du lehen narrazio bilduma, Ezer baino lehen. Gorka Bereziartuak kitatu zituen liburuarekikoak tarte honetan bertan. Besteak beste, best-seller izaera aitortzen zion —“18. edizioa” dioen gerruntze gorriarekin—, baina desberdintasunak —eta indarguneak— seinalatzen zizkion nazioartean gehien saltzen den liburu ereduarekiko. Hartara, esan genezake, betetzen zuela Iban Zalduak bere blogean oso zailtzat jotzen duen hura: aldi berean esnetsu eta zopatsu izatea, salmenta handiak —jarri nahi adina komatxo— eta, tira, goi mailako kalitate literarioa ez dakit, baina bai kalitate literario nahikoa, kritikak ere nabarmentzeko modukoa.

1995eko bigarren narrazio bildumak, mintzagai dugun Lehenago zen berandu honek, edizio ugari izan ditu —eskuartean daukadan 2006ko aleak 6. edizioa dela dio—. Beraz, txukun saldu da. Eta kalitate literarioari dagokionez maila nabarmengarria aitortu behar zaio, halaber. Hau ere esnetsua eta zopatsua dela, alegia. Arestian aipatu dugun Zaldua berriz aipatzeagatik, esan, adierazi izan duela inoiz Lehenago zen berandu honekin hartu zuela atzera interesa euskarazko literaturarekiko, eta, batez ere, euskarazko narrazioekiko. Eta 95eko kritika apurrek era berean ondo hartu zuten —pentsa, Goenkale telesail arrakastatsuaren antzik bazeukala esateraino—. Baina guretzat garrantzitsuena: 2013an gustura irakurtzen direla bertako ipuinak, fresko mantentzen dutela gaurkotasuna.

Izan ere, denborarekin gutxi aldatu diren giza-harremanak dituzte ardatz: gizon-emakumeen artekoak, senar-emazteen artekoak, maitale, lagun, guraso-seme-alaben artekoak. Familia, zentzurik zabalenean, eta bere zirkunstantziak harrapatzen dituzte, begirada zorrotz, arretatsu, sarri zirtolari batekin. Umorea baita nabarmendu beharreko beste ezaugarrietako bat, fina. Eta hizkera, azkenik, batere apaindurarik gabea, baina ez horregatik errazkerian erortzen dena.

Ai, ama! eta Kontu-jaten aurrekoengandik ezberdinek osatzen dute Arantxa Iturberen literatur lanen zerrenda mehe baina interesgarria. Ordurik behinenek eta ordurik libreenek uzten dituzten beste ordu horietan idaztera animatzea, asko eskatzea izango da akaso.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak