kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Apenas / Karlos Linazasoro / Utriusque Vasconiae, 2012

Magma Igor Estankona / Deia, 2013-03-09

“Poetak eta idazleak./ Halaxe esaten baita./ Poetak orduan ez dira idazle, eta zer dira./ Poetari poesia; idazleari prosa./ Prosan denetik egon liteke, baita / poesia ere; poesian poesia / soilik egon liteke”. Wislawa Szymborskaren hitzokin hasten du liburu bat poesiazkoa, prosan, Karlos Linazasorok. Poloniarrak nahiago zuen poemak idaztea, nahiz lotsagarri gelditu, ez idaztearen lotsaren aldean. Linazasorok nahiago du idatzi dena jarraian, etorri ahala, lerroa non hautsi erabakitzerakoan etorria galdu baitezake batek erraz.

Eta kritika antzeko hau idazten ari naizen asteburu honetan bertan entzun diot Joseba Sarrionandiari esaten idazten mundu guztiak dakiela: “Nor ez da pasatu eskolatik? Edonork daki idazten, baina bateren batzuk lotsa galduta argitaratu egiten dugu”. Sarrirentzat, garrantzitsuagoa ei da irakurtzea idaztea baino. Eta otu zait liburu hau ere irakurle batek idatzi duela, burua literaturaz, irudiz eta beldurrez eta dudaz beterik daukan irakurle batek okatutako liburua eta odola dela Apenas, alegia, libreki eta poesiaren morrontzetatik aske pentsatutakoa, eta pentsatu bezala botatakoa: “Gasolinaz bete genuen gasolindegia, irribarre malenkoniazko batez. Pospoloa erakutsi nion; pospoloa erakutsi zidan”.

Kate bat da, gainera, Apenas. Heriotzatik bizitzara daroa, duda egiten du bertan idazleak, hitz egiten du asteroko, ia-ia eguneroko gogoeta poetikoen bidez, gai guztien gainean: “Suak sei-zortzi pinudi hartu ditu itsasertz inguruan. Horixe entzun dut marrubizko irabiaki bat hartzen ari nintzela, literatura utzi berritan. Brast ekarri nau suak fikziora, orok egiantz beldurgarria duen lurraldera”. Eta imajinatzen dut Linazasoro liburutegi publikoetako ordu mortuetan parabolen bidez betetzen 2010eko maiatzaren 25etik 2010eko abenduaren 31ra doan tarteko bizitza. Bere hustasunarekin, bere gauzekin, Linazasorok idatzi du gozatuz eta hitz neurtuaren hoztasunik gabe. Zentzu horretan poesia narratibo hau, edo lizentzia poetikoz beteriko kontaketa hau, bizia eta benetakoa da.

Fantasia ukitu itzela dauka liburuak, eta ederrak iruditu zaizkit ametsak irudimenean. Ametsok errealitatearekin nahasten dira sarri, semearen sukarra sendatuz-sendatuz berari lotzen zaionean bezala burua eldarnioak jota: “Semea sukarrarekin ohean. Erizaintza tokatzen zait gaur, nik badakit zer den parazetamolaren pozoia. Kanpoan, beroak hormatxoriak frijitzen ditu. (…) Zukua eta jogurta eta botika, eta urrundu dugu sukarra beste kopeta batera. Arrandegira joan beharra daukat. Tiraina dago barruan. Kanpoan utziko dut txalupa, amua, dena. Ikus dezatela legatzek onez onean natorrela, armarik gabe”.

Beraz kontakizuna dena misterio baten azalpen bihurtzen da, eta kapitulu oniriko bat jaio daiteke egunik aspergarrienean. Umoreak gorde dezake, halaber, tristeziarik sakonena, eta absurdua etor daiteke apenas disimulatua. Linazasoren aforismo edo haikuen aldean, zeinetan aldatu behar baituen mundu bat hitz gutxi batzuetara, erritmo pausatuago eta are atseginago bat kausitu dut pilula arean luzeago hauetan. Apur bat garatuago daudelako beharbada? Linazasoro narratzailea nahasten delako poetarekin? Nork jakin, bizitza izan baitaiteke poema surrealista bat, eta poema surrealista bat etor baitaiteke hitz lauz idatzia

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak