kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Paper-festa / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2012

Bizitza moralaren hausnarrerako Aritz Galarraga / Deia, 2013-02-23

Ezinbestean Eskarmentuaren paperak hura aipatu behar dugu Paper-festa hau hartzen badugu mintzagai. Hasteko, lehenaren ahizpa gisa aurkeztu digutelako bigarrena. Ez bikia, ordea: helburu bera izanagatik, han hausnarketaren bidea zen nagusi, eta kontakizunaren bidea aukeratu du hemen Anjel Lertxundi egileak. Baina biek ere, esan digutenaren arabera, autobiografia sentimental eta literarioa dute jomuga. Ezinbestean, beraz, ekarri behar dugu hona 2010eko saiakera arloko Espainiako Sari Nazionala —eta oraindik harritu eta poztu egiten naiz sariketa harekin—; eta ezinbestean egin behar dugu Paper-festa-rekin konparazioa. Lehenengo diferentzia argia da: azken horretan ez dela agertzen Lertxundi haurra portadan, baizik eta Buster Keaton aktorea, The General filmean jokatzen Johnnie Grayren papera. Ez, ez barrerik egin, ez da txantxa, ezpada asmoen adierazpena: Eskarmentuaren paperak ez-fikzioaren mugetan kokatzen zitzaigun bezala —hori onartuta autobiografiarik egiatiena ere fikziotzat hartzen duela batek baino gehiagok—, fikzioarekin harremanetan arituko zaigu Paper-festa. Nahiz gero egia den batetik bestera egiten dutela biek batzuetan sartu-irtena —hori ez badabiltza beti, eta batzuen arabera, fikzioaren eremu zabaletan—.

Esan dezagun literatura hertsienarekin duen harreman estua dela Paper-festa honen ezaugarririk bereizgarriena. Eta ez bakarrik fikziozko kontakizunak —laburrak batzuetan, besteetan laburragoak— dituelako ardatz, baizik eta baita ere fikziozko literatura egiteko material ugari biltzen duelako bere orrietan. Adibiderik garbienak ditugu apunteak, Lertxundik han-hemenka sartzen dituenak liburuaren luze-zabalean, sarri garatzeko proposamen gisara. François Truffauten Hitchcocki buruzko liburu hartan bezala, zine-zuzendari asmatu baten hamar pelikulekin nobela egiteko ideia proposatzen duenean, esate batera —asmo bidenabar benetan azkarra—. Liburu osoa da, azken batean, idazle gai batentzako, are, arpilatzean sinesten duen idazle gai batentzako harribitxia.

Ezen bestela ez baita hain handia Anjel Lertxundiren bi liburuon arteko aldea. Agian lehenak, sorpresa efektuagatik, biribilagoa zelako, ez fikziozko sailkapena eman arren istorio, kontakizun, narrazio piezak zituelako, kontrapisu egiten zutelako, heterogeneoagoa zelako, osoagoa, bizitza oso bat hartzen zuelako, bigarren honen gainetik jarriko nuke nik. Baina zalantzarik ez dago haren ubera hartuta etorri dela hau ere, hark irekitako bidetik harrapatu gaituela honek. Esplizituki, Eskarmentuaren paperak-en jasotako istorio berberak agertzen baitira luze gabe tarteka Paper-festa-n, beste erremate batekin, kasurako. Baina, esan gabe ere, Eskarmentuaren paperak hartan agertzen ziren ideia batzuk aurkitu ditut tantaka azken honetan. Denekin ez da bat etorri behar, gai, hari, errei, batzuk afekzio faltagatik urrutiko egingo zaizkigu, baina denetarik dago, botika onetan bezala, Gabriel Ferraterrek aipatzen zuen bizitza moralaren gaineko hausnarrerako. Bat bakarrik hemen: edozein esparrutan, baina kritika literarioaz ari gara eta, zorrotza izan beharra dagoela ideia propioekin, besteen ideiekin baino are zorrotzagoa, inor kritikatu nahi duenak bere burua jarri behar du lehendabizi galbahean. Besterenak seinalatu ondoren, prest nago noski dagokidan penitentziarako.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak