kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Dirua galgarri / Mariano Izeta / Auspoa, 1962

Lehen thriller nafarra-edo Aritz Galarraga / Argia, 2013-02-17

Zalapartatxoa eragin du ezjakintasunak: atera berri duten gaztelaniazko eleberri bat omen da lehen thriller nafarra. Noski, beste ezer baino lehen, sinetsi behar dugu izen hori merezi duen ezer egon daitekeenik. Gero, irribarrea marraztuko zaio Nafarroan egin den literatura gutxi-asko ezagutzen duenari. Iban Zaldua eta Juan Kruz Lakasta aurreratu zaizkit: Miguel Sanchez-Ostiz eta enparauak ahaztu gabe, euskarazko hainbat etsenplu ekarri dizkigute. Alberto Ladron Arana aipatzen zuen Zalduak, eta Aingeru Epaltza eta Jon Alonso nabarmentzen. Atzerago jotzen zuen Lakastak, Oskillaso ekarriz, eta ustez guztietan aitzindaria, Mariano Izeta. Ez diot nik, ez Lakastak soilik. Aingeru Irigaray euskaltzainak gaztigatzen digu 62ko Dirua galgarri thriller nafarraren peredikuan: “Euskaraz leenbiziko liburua ote da hau Baztanen? Polizia-nobela bezela bai, leena da”. Eta esaten duenak Baztanen, esaten du Nafarroa osoan —beti ere, bihar agertzen ez bada eskuizkribu bat, nik dakita, Zaraitzuko ibaxan—.

Baten batek objekzioren bat jar dezake, hala ere. Esaterako eleberriaren haria Parisen gertatzen dela. Baina, zer, donostiar batek Nafarroan kokatzen badu thrillerra da nafarra, eta nafar batek Parisen kokatzen badu ez da? Gainera, ze demonio, “oraindik biotzean zituzten Euskalerriko oiturak eta mintzaira” liburukoek. Zalantzarik ez da thriller batek bete beharrekoak biltzen dituela: lapurrak, luze gabe, Subemandile, Mirue eta Zapelatza, Pizti eta Beltza —eta hemen neroni urduritu naiz, beltzak ez orain atletismoan, aspalditik kendu baitigute lekua euskal nobeletan ere—. Poliziak, behar bezalakoak, atxilotuari esateko kapaz direnak: “Zuk ainbertze maite baduzu zure sorlekua, zergatik etzara beingoan Kongora goaten? Emen eztugu beltz bearrik”. Eta, bistan da, heriotzak, kurioski, kasu honetan, erabat argitzen ez direnak. Baina ez pentsa literatura handiaz ari garenik —thriller bat literatura handia izan daitekeela uste badaiteke—: oso da lañoa eleberri osoa, dena ateratzen da ongi lehenengoan, zuzen doa aurrera gertaeren marra, presaka kasik beti batetik bestera.

Mariano Izetaren Dirua galgarri honekin abiatzen den ibilbideak, momentuz, Jon Alonsoren Zintzoen saldoan hartan dauka azken geltokia —eta azken horrekin plazer puskaz handiagoa hartuko du irakurleak, baiki—. Eta ez zaizkit etiketak bereziki axola. Nahi baduzue prest nago “Mosen Bernat Etxepareren kantuia” bera lehen thriller nafar gisa onartzeko. Baina zeinen ondo datozen batzuetan besteren ezjakintasunak geure buruei errepasotxo bat emateko.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak