kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ez naiz ni / Karmele Jaio / Elkar, 2012

Hamabi zauri arin Ibon Egaña / Deia, 2012-12-01

Karmele Jaioren hirugarren ipuin liburuko lehen narrazioan, Olarizuko urbanizazio berri batera bizitzera joandako familia baten istorioa kontatzen da. Bertara joan nahi zuen bizitzera Leirek, umeentzako parke pribatua zuelako eta, batez ere, amestutako klase ertaineko bizimodua izateko aukera emango ziolako maketaren berdin-berdina zen etxe hark, bere haurtzaroko patioko usainetatik urrun. Halako urbanizazio batean sartzearen pareko sentsazioa eragin dit ipuin liburuak: maketa batean egotearen inpresioa, usain itsaskorrik gabeko errealitate batean.

Klase ertaineko familia gazteak dira narraziootako protagonistak, eta haien eguneroko bizimoduak osatzen du ipuinen giroa, kostunbrismo heterosexual gisako batek: etxea, haurrak, oporrak, bikote-harremanak, adulterio ahaleginak… Giro horretan gertatzen diren gatazkak, beraz, ezinbestez dira domestikoak. 40etako krisia (batzuetan 50etakoa, edo 45etakoa) da ipuin askoren gaia: etxea, familia, haurrak izan, amestutako bizimodua erdietsi eta hala ere zerbait falta dute pertsonaiek, asperduratik ateratzeko bizigarriren bat. Beste krisia gizonek hizpide hartzen duten gai urrun bat besterik ez da ipuinotan.

Emakumeen ikuspegitik daude kontatuta ipuinak, bakar bat izan ezik. Aterkia izenekoak gizona du protagonista, eta berau da esparru domestikoa gaindituz, gizarte edo klase gatazka baten oihartzunak dituen bakarra. Eta ez da kasualitatea. Izan ere, ipuinotako emakumeen kezkak gizarteak emakumeari esleitutako rol tradizionalaren araberakoak dira, erabat: gizonarentzat desiragarri izaten jarraitzea, etxea, amatasuna, eta inoiz, beren lanbidea. Ez dago ahaleginik eredu horietatik aldentzeko, ez distantzia kritiko edo ironikorik rol horiekiko. Transgresio gisa aurkezten diren ekintzak, aldiz, ez dakit zenbateraino jo ditzakeen egungo irakurleak halakotzat (haur bat adoptatzen duen emakume bikote gabea, esaterako).

Idatzi da, noski, ipuin gogoangarririk, eta ez gutxi, klase ertainaren asperdura eta familien barruko gatazka domestikoak gai nagusitzat hartuta, gai sozio-politikoetara jo beharrik gabe. Haatik, gakoa da zer egiten duen harekin idazleak lehengaitzat distirarik gabeko errealitate egunerokoa hautatzen denean. Zauri kotidianoek, interesa izatekotan, haietan hatza sartu eta arakatzen diren heinean dute, irakurle honen iritzian; eta ez dut halakorik aurkitu orriotan. Arinak dira narrazioetako zauriak, eta idazleak azaletik kontatzen ditu, edo zenbait kasutan, ukendua jarri ere bai haien gainean (Ekografiak, Arrosen arantzak).

Ipuinaren eta fikzioaren aukerak baliatzea litzateke beste aukera bat, joko narratiboetara jotzea lehengai hori literatura bilakatzeko; aitzitik, teknika narratiboen aldetik ere ez dago bilaketa handirik liburuan. Ustekabeko bukaerak baliatu ditu batzuetan, errepikatzen diren elementuekin egindako jokoak beste batzuetan, emaitza duinak lortuz hainbatetan (Txupa beltza, Patiotik datozen usainak, esaterako). Izan ere, Jaiok narratzaile gisa trebezia baduela ez dago ukatzerik: ongi menperatzen du erritmoa, eraman egiten du irakurlea ipuinaren amaieraraino bera ohartzerako. Auzia da, baina, ongi eraikitako urbanizazio aseptiko batean egon izanaren sentsazioarekin atera dela irakurle hau Jaioren liburutik, arropari olio usainik itsatsi gabe.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak