kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Sinplistak / Hedoi Etxarte / Susa, 2012

Psikologoa eta poeta, tranpatiak Mikel Asurmendi / Berria, 2012-12-16

Suzko lilia plazaratu zuen Hedoi Etxartek 2008an. Elitearen bidean abiatu ote zen nago, surrealismoaren bidean. Ez naiz ongi oroit. Beharbada, ez ninduelako arras gatibatu, edo agian, sarritan gertatu legez, poesia arnasteko estutasunean edo norbaiten gatibu bizi behar duzulako.

Aldeak alde, liburu honetan murgildutakoan, Gabriel Arestik Maldan behera-tik Harri eta Herri-ra eginiko bidaia bururatu zait. Sinplea da burutazioa, sinpleegia, sinplista naski. Sinplistak da Etxarteren bigarren poesia liburua, 2012 urtekoa. Liburua ez da sinplea, jendarte sinplista baten salaketa baizik, edo jendartearen eliteko sinplisten salaketa gutxienez.

Aresti aipatu dut. Ez debalde. Hark goitik behera egin zuen poesiaren eginbidean. Poesia eruditua Pagasarrin laga eta Zazpi kaleetara jaitsi zen, Plaza Barrira. Poesia herriaren ahotik hartu zuen bilbotarrak, debalde. Poesia merkatu zuen. Iruñeko poetak ere herritarren ahotik hartu ditu poesiarako eleak, doan, herritar anonimoengatik alabaina. Aresti eta Etxarte kidetu ditut, biak komunistak nonbait. Ez sozialdemokratak, behintzat. (Bi poeten) garaiak zeharo aldatu dira, ez debalde horregatik.

Komunismoa bogan zegoen garaitik honantz, maldan behera heldu dira gure poetak: Etiopian, izuen gordelekuetan barrena eta balizko erroten erresuman ibili dira, baita lur bat gure minari eskaini aldera bide egin ere. Baten batek euren hondakinak ere jaso ditu. Besteak beste. Ez naiz guztiez oroit eta, edota oroitzeko bederen guztiak irakurri behar baitira.

Sinplistak irakurtzean, Etiopia-ko Piolet poeta lirikoarekin eta liburu horren egileak Etiopiarako itzulbidean egiten duen azken erreflexioarekin oroitu naiz. Mariak bere bikote poeta akabatzen duenekoa, animaliak legez. Oroiak oroi, poeta otsoa da orain ere, Suzko lilia-n legez.

Azken mende erdian aurreko milurtekoaren erdian beste aldatu da jendartea. 2008tik 2012ra berriz, zeruak eta infernuak bat egin dute lur arrasean. Gure jendarteak bizi duen astinaldiaren hausnarketa da Sinplistak. Gauza zelaiak, errazak, edonork konprenitzekoak azaldu ditu Etxartek. Hiru partetan emanak, bi Interludio tarteko. Etxarte musikariak musikaltasun gutxi erantsi dio poemei ordea, aitzitik, poemak musikaz erantzi ditu. Adibidez, jazza inprobisazioaren crême de la flemme dela dio poetak. Ekoizpenerako elementu egokia, ez egungo poesiarako, antza.

Poetak “nork soporta dezake poeta afizionatu bat egun bakar batez” pentsatu ote duen nago. Etxarte ez du maiteminak hilko, ez da, hortaz, amodiozko poemen aparrean itoko. Garratza da poeta, otsoa. Maiteminez hiltzen dena sinusitisa duen eta ahoa espermaz bete dioten koitadu gisa irudikatu du. Etxartek ez du —Etiopia-ko poetak Maria legez— bikotekidea Haendelen musika akuatikoaz gozaraziko, baina ezta bere bikotekidearen maitaleak ere bera akabatuko. Poetak —bere pertsonaia baten antzera— ez du egoarekin ezer aldarrikatu nahi, ezta konpondu ere. Ez du poeta afizionatuak antzo hil nahi, maitalearen aginduz traizionatua hiltzea.

Artzeren “Hegoak ebaki banizkio / neria izango zen / ez zuen alde egingo / bainan honela / ez zen gehiago txoria izango / eta nik, txoria nuen maite” abestu zuen Laboak. Etxartek “Egoa ebaki ez bani(zk)io / enea izango zen / ez zidan huts egingo / baina horrela / ez zen poesia izango, alabaina nik egoa nuen maite” abestua izatea nahi duela uste dut.

Anartean, Etxarte poetaren nobeletako pertsonaien hitz-lauzko poesiarekin usatuko gara. Elkar maiteko dugu baina neurrian, psikologoa eta poeta biak baitira tranpatiak. Maria legez.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak