kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Udazkeneko lorea / Xabier Etxeberria / Elkar, 2012

Zer labankada? Iratxe Esnaola / Berria, 2012-11-18

Liburuak biren artean, alegia, binaka idatzi izan dituzte Zarauzko Etxeberriatar anaiek, Xabierrek eta Martinek. Hiru eleberri badituzte formatu horretan: Itxoidazu Café de Passy-n (2004), Ez dadila eguzkia sartu (2006) eta Arrain Abisalak (2009). Abentura honetara, ordea, Egun denak ez dira berdin lanarekin 2001ean egin zuen bezala, bakarrik abiatu da Xabier Etxeberria (Zarautz, 1974). Liburua zabaldu dut, eta Vittorio de Sica-ren aipua topatu etsaiak zein lagunak bat eta bera garela iradokiz, materia berberaz eginak adiskideak eta arerioak. Unibertsaltasunaren eta batasunaren ikurtzat hartu dut hasieran, eta imajinatu, batasun ideia horri jarraikiz elkartu izan diotela luma lumari anaiek ere. Aipuak, trama amaitzean, beste zentzu bat hartu dit, ordea, ukitu ironikoduna. Baina irakurleari gauzak aurreratzen nabil. Esan dezadan eleberria hiru pertsonaiari egindako jarraipena dela, hiru espazio eta denbora tartekatuz, hiru ahots narratibo diferentez eta kapituluak, txandaka, bakoitzari eskainiz. Egun bakarreko gertakizun nagusia dago erdian, Donostian ospatzen den ezkontza bat eta bertan gertatzera doana. Zerk batuko ditu hiru istorioak, hortaz? Laburrean esanda, bakoitzak gordean duen sekretuak eta sekretuarekiko gogoeta-erabakiek.

Mikel da pertsonaia nagusia, lehenengo pertsonan narratzen duen bakarra, eta berea da protagonismo handiena kapitulu kopuruan ere. Ezkontzan gau bateko abentura bat eduki du Naroa neska-lagunari adarrak jarriz. Kontatzen den hori ez da, berez, oso originala, istorio behin eta berriz kontatua, baizik. Neskarekin duen maitasun harremana monogamiaren mugetara lotua baita, sexuketa arrotzak erruduntasunera lerratzen du, gero gezurrera, eta erredimitzeko nahira, azkenik. Ez du ezer berritik, egia da, baina, aldi berean, topikoa eraikitzen eta errepikatzen jakin du egileak. Intrigari eusten dio, tentsioa gordetzen du, eta Mikelen barrenak ondo deskribatzen ditu. Beste ahots narratiboak harremanaren bestaldean dagoen Naroagana garamatza, Osakidetzako Etxeko Ospitalizazio zerbitzuan langile aritzen dena. Hari buruz dakigu Mikeli gezurra kontatu diola. Bitartean, ama-alaba adinekoei egiten dizkien bisita profesionalek markatzen dute bere errutina narratiboa, eta ama-alaba harreman gatazkatsuarekin batu nahi izan ditu narratzaileak Naroaren zalantzak. Hasieran, testuingururik gabe eta dispertsaturik sentitu dut, baina amaierako ezustearen ostean, atzera begira jarri, eta gorpuztu eta mamitu zait. Triangeluaren hirugarren erpinean Lucia pertsonaia dugu, bigarren pertsona narratzaileak lagundua. Bainuetxe batera joan da ahizpari eskutitz bat idaztera barkamena eskatzeko, iraganean egindakoaz damuturik, errudun. Hiru pertsonaiak gurutzatuz tentsio puntu gorenera eramango gaitu istorioak, baina sekretuek puztu duten globoa zulatzea erabakitzen du azkenean, artez, nire ustez, eta errebelatu gabe geratzen zaizkie pertsonaiei sekretuak, ez hala irakurleari. Maiteak atzetik labankada sartu dienik ez dute jakingo eurek. Zuk bai. Badakizkizu sekretuak eta gezurrak eta euren bizitza aurrera egiten dakusazu, oreka berrian jokaera heroikorik gabe, maitasun harreman ereduen aldaketa proposamenik gabe, aurrera. Informazio ondo dosifikatua, amaiera ironikoa eta egiaren eta gezurraren erlatibotasunaren azpimarra. Atseginez irakurtzen den eleberria duzu honako hau.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak