kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Baita hondakinak ere / Iñigo Astiz / Susa, 2012

Apaletik aske Iker Zaldua / Gara, 2012-11-04

Zenbaitetan, askotan, gertatzen da liburu bat amaitu eta “beste bat apalerako” pentsatzea, hau da, hautsetan desagertzera kondenatzea. Zenbaitetan, askotan, gertatzen da idazle bat apal horretara bidaltzea, zigorturik edo. Gutxi batzuetan gertatzen da, liburua edo idazlea kuttunen zerrendan barneratzea, irakurri duzunak zugan eragina izan duelako, norberak bizi duen uneak hala agindu diolako, apika.

Iñigo Astiz izena nire kasuan, momentuz, zerrenda horretan sartuko dut. Beste zerbait topatu diot, zerbait berezia eta azaltzen saiatuko naiz zergatik. Hasteko, ez du poesia eraikitzen hiztegietan gorderik, ezkutaturik, agertzen diren hitzak bata bestearen segidan pilatuz. Ez da nahasten esaldiak gehiegi janzten, dotoretzen. Edukia aberasten du, hitz arruntak erabiltzen ditu, “esaldi poetikorik” gabe egiten du poesia. Esaldi arruntak behar bezala antolatu mezua (lerro artean nahiz agerian) igortzeko.

Gustatu zait, bada, poesia egiteko duen modua, estiloa. Eta gustatu zait edukia, sakontasuna. Irudi sinpleak erabiltzen ditu, guztiok ulertzeko modukoak, barruan duen aldarria kanporatzeko, irudi sinpleak kontu konplexuak azaltzeko. Horren adibide da, Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko izenekoa. Poema laburra da, maitasun hitzik sartu gabe maitasuna adierazteko. Maitasunaren erupzioa dela esango nuke, arestian aipaturiko hiztegiko hitz lerdenak erabili gabe gertatu dena. Erraza dirudi, baina ez da erraza.

Maitasuna da gaia horretan eta maitasuna da gaia beste askotan. Berak aitortu zuenez, gai bat hartu eta hainbat bertsio egin ditu. Oraindik baina jadanik azpimarratu nahi dut horren harira. Aitonei eskainitako poema honek badu aitari eskainitakoaren antzik, maitasun hitzik gabeko maitasun deklarazio itzela: “Dena dago bere lekuan. Kasik oihartzunik ez du oraindik/ baina jadanik bat gutxiago gara”. Poema hori irakurrita enpatia datorkit gogora, enpatia, atxikimendua dudala harekiko. Ez da hori, ordea, zehazki poemak esaten didana. Nire amonak badu modu bat enpatia adierazteko, enpatia mota hau adierazteko, “sentimendua jartzen zait”, hori dio amonak, eta hori diot nik hau irakurtzean.

Heriotza, familia eta denbora dira beste gaietako batzuk. Familia aipatu bi poemetan ageri-agerian. Heriotza ere bai esango nuke, bietan irmo. Objektuak izenekoan ere heriotza, Oraindik baina jadanik beste bertsio batean, apika maitasunaren akordeak kenduta. Denbora ere bertsio ugaritan, aldaera askotan. Horren lekuko dira Audiogida, ETB1, Aurkikuntza edota Esperimentu presentziala eskaileretan. Lehenengoa museo batean kokatzen gaitu eta museo barruko denbora eta kanpoan igarotzen dena erritmo ezberdinean abiatzen direla dirudi, azkenean bata besteak irentsi arren. ETB1 izenekoan patuarekin nahasten da denbora, denbora paturaino iritsiko dela, ezikusiarena egin arren. Aurkikuntza errutinaren aurkako aldarria da, iraganaren sukar-ametsa. Esperimentuarekin denbora eta espazioa besarkatzen ditu.

Baina hori baino askoz gehiago da, existentzialismo-zipriztinak, eszena poetikoak, bidaia-poemak, literaturarekin eta literaturarekiko harreman adibideak, aipuak eta aitorpenak.

Aitorpena baita azkena, Euskal Herria (Ginsberg erara) izenekoa. Guztiok dugu harreman pertsonal berezia, berezkoa, sorterriarekin. Astizek ere badu berea, eta poema luze horretan (luzeena, asko dugu esateko eta) galderak eta erantzunak luzatzen ditu. Ez dakit 37 izango diren, baina galderak luzatzen ditu, aitorpen kutsuz erantzuten dituenak; berez erantzun diren galderak ere bai, otsoa eta ardia bezalaxe.

Horregatik guztiagatik, aparteko lekua izango du, momentuz, Astizek nire txokoan. Eta liburu hau nire orainaldi izango delakoan nago etorkizunean ere, etorkizun laburrean behintzat bai.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak