kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Ezer baino lehen / Arantxa Iturbe / Elkar, 1992

Bi ordu Arantxarekin hondartzan Joxean Agirre / Egin, 1992-05-26

Nonbait irakurri berria dut ehiztariek, alerik motelenak eliminatuz, abere espezieak mejoratzen dituztela. Horixe omen da literatur kritikoen egitekoa ere, idazleen artean garbizioak eginez, onenei bidea irekitzea.

Ni, ordea, bihozpera samarra izan naiz txikitandik eta gaur Arantxaren ipuin bildumari komentario totel bat egitera ausartzen banaiz, ez da kolpetik, bere lehen ipuineko protagonistari bezala, kritiko bokazioa piztu zaidalako, gure idazle fauna agortu samar honetan bera bezalakoek ere estimatu behar direlako baizik.

Berak elkarrizketa baten propio gomendatu bezala, hondartzan irakurri dut liburua, etxeko haurrari baldearekin ura garraiatu edo ondoan nuen bikotearen helburu jakinik gabeko ahaleginak erreparatzen nituen bitartean. Horrekin zera esan nahi dut, konzentrazio haundiegirik gabe irakurtzeko moduko ipuin sarta bat jarri duela Arantxak kalean.

Literatura helburu traszendentalekin egiten dutenen artean eta denborapasarako egiten dutenen artean ez dut uste zenbaitek pretenditzen duten hainbesteko alderik dagoenik. Zatiketarik egotekotan, bizitzari buruzko pertinentzian dago. Batzuk, idaztean inplikatu egiten dira eta besteak […]. Arantxak ez du irakurlea interrogante kezkagarriekin abailduta uzten, baina hamazazpi ipuin laburron atzean umore oneko emakume bat nabari da eta besterik gabe ere nik behintzat estimatu dut bi ordu Arantxarekin hondartzan egoteko parada hau. Eta ondoren zerbait idaztera animatu banaiz, esker ona agertzeko dela iruditzen zait. Ondokoa, beraz, inoiz inork egin duen kritikarik “light”ena dela esan behar, zangoetako hondarrak toajarekin kenduz pentsatua.

Ez dut esango Arantxak obra maisu bat egin duenik. Lehen ipuinaren lehen eszena, esaterako, nik neuk bospasei aldiz irakurri dut eta hasiera horrekin ipuin on bat egin daitekeela iruditu zait, gero desarrolloak komentzitu ez banau ere. Bigarren ipuinaren azkena gustatu zait, baina ez dakit azken horrekin besterik gabe ipuin bat idatzi daitekenik ere.

Destinoaren jokutriez, suertearen kolpe krudelez trufatzeko erabiltzen du Arantxak literatura eta xede guztiz sanoa dela deritzait, maiz sinpletasunak eta fribolidade puntu batek traizio egiten badio ere.

Arantxak bere burua inplikatzen du ahotsean, hitzegiten duenean eta idazten duenean ere, bereak diren zerak agertzen saiatzen da, gordetzen dituen enkantuez erabat komentziturik bailegoen. Lehendik ere bere ipuinak irakurtzean somatu diodan berotasun eta hurbiltasun hori somatu diot berriro ere liburu honetan eta nik zer dakit liburu bat defendatzeko ezer gehiagorik behar den. Izatekotan ere, pazientzia, neke gehiago eta bere ipuin bateko idazle bati bezala pena batzuk beharko lituzke emakume honek ere ipuinak borobiltzeko, baina ez dakit zertan sartzen naizen, neuk igerian ozta ozta dakidalarik itsaso horretan.

Irratia medio traidorea da jende sakonarentzat. Irrati uhin hertzianoak ez dira nonbait gauza pisuzko arrazoiak airean garraiatzeko. Arantxak eta Jaimek badakite hori eta horregatik dira artistak entzulearen begirada etengabe emozio sinpleenekin hezetzeko. Arantxaren liburuan ere ez da kabitzen heroe edo heroina haundirik. Bera bezalako emakumeak agertzen dira joan etorrian, maitasunaz, adinaren etengabeko kalteaz edo bizitzako beste hainbat ezbehar txikiz kezkaturik.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak