kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Hiru gizon bakarka / Bitoriano Gandiaga / Elkar, 1991

Adierazi nahia eta ezina Amaia Iturbide / Egin, 1992-05-05

Bere bigarren argitaraldia izanagaitik ere, berriro gogoratu eta irakurri beharrekoa delakoan, ekarri dut gaurkorako Bitoriano Gandiagaren Hiru gizon bakarka.

Elorri-tik (1962) Hiru gizon bakarka arte (1974) hamabi urteko isilunean murgildu zitzaigun Bitoriano Gandiaga. Baina liburu batetik bestera dagoen aldea antzemanda, ez dut uste tarte luze hori lasaia izan zitzaionik poetari, baizik eta kezka eta buruhaustez zeharkatua. Hausnarketa sakon baten emaitza da Hiru gizon bakarka. Elorri olerki intimistaz osaturik zegoen, autobiografikoez. Mundu liluragarri bezain zerutiarraren berri ematen zigun, Euskal Herri kristau baten irudi barea. Bere bigarren poema-liburuan bere poemagintzak beste bide batetik joko du. Badirudi egileak oinak lurrean tinkatzeko asmo erabakiorra hartu duela. Errealista bihurtzen da, olerki sozialak idatziko ditu, inguruko arazo soziopolitikoez arduratuko diren olerkiak. Gizona du mintzagai eta kontagai. Kontzientzia garrantzi handikoa da. Zauri kolektibotik bertatik altxatuko du Gandiagak bere ohots garratza.

Izan ere, Hiru gizon bakarka Euskal Herriaren parabola da eta adibiderik adibideena “Euskalerria eta txakolinaren arteko berdintza”. Herri izan nahi eta ezinaren gaia jorratuko du, samin eta lotsa gogorrarena, eta, era berean, egoera dramatiko horretan iraun beharrarena, egoera horrek ematen bait dio biziraupenik herriari. Baina Gandiagak ez du, horregaitik, biktimismoan aterperik bilatuko; etxe barruko jokabide kaxkarrak kritikatzeari ekingo dio eta, horrela, euskaldunen zenbait jarrera etiko-moral inarrosi egingo ditu. Bere burua ederretsiz lo gozoan daudenak esnatu eta egia borobilak botako dizkie hitzetik hortzera.

Oraingo honetan ez dugu topatuko Elorri-n agertzen zen adjetibazio ugari eta apaingarririk, giro kristalezkorik edo eta izpiritu finaren aztarnarik. Kontzeptuala da Hiru gizon bakarka; minez erditutako hitzak dira liburu honetako habeak, hitz biluziak, gordinak, lan eta izerdiz gorputza hartu dutenak (“herria”, “gizona”, “tailerra”…,) azpiko esanahiez funtzionatzen dutenak, ingurua adierazteko sinbolo direnak. Oteizaren estetikaren eraginez, Gandiagak azaltzen digun errealitatea zakarra da, iluna, gogorra; baina benetazkoa, euskal kantuak diren bezalakoak, tristeak baina benetazkoak, benetazkoak diren bezala Gandiagaren amorrazioa eta haserrea ere. Horregaitik izan dute Gandiagaren olerkiek hain harrera ona euskaldunen artean, geure kezka biziak agerrerazten dizkigulako, inor gutxik adina indarrez. Honengaitik guztiagaitik eta irakurleak orriak iragan ahala aurkituko duenagaitik, zinez gomendatzen dut Hiru gizon bakarka.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak